“Oraingo ongizatea ez ezik, elkarlanean gipuzkoar guztion etorkizuna bermatzeko oinarri sendoak eraikiko ditugu”

Spread the love

Diputatu nagusia aukeratzeko egindako BBNNetan egindako Osoko Bilkuran,
zahartzaro osasuntsurako estrategian sakontzeko konpromisoa hartu du Olanok; adinekoen arretarako lau egoitza eta 500 plaza berri sortzeko konpromisoa hartu du.

Kalitatezko enplegua eta etorkizuneko ekonomiko lehiakorra sustatzea, gizarte babes sistema justua indartzea eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraldatzea. Horiek izango dira datorren foru gobernuaren helburu eta konpromiso nagusiak, Markel Olanok (Beasain, 1965) Batzar Nagusietan gaur goizean diputatu nagusia aukeratzeko egindako Osoko Bilkuran adierazi duenez. Gipuzkoa egoera “onean” badago ere, etorkizuneko ongizatea bermatzeko “agenda berri bat” abiarazi eta “politika egiteko forma berriak” indartzeko proiektua aurkeztu du bertan jarduneko diputatu nagusiak.

Olanok aitortu duenez, “gogotsu” eta “erantzukizunez” helduko dio hirugarren aldiz Gipuzkoako diputatu nagusi izateko erronkari. Horrela, “herritarrek hauteskundeetan emandako mandatuari” entzun eta “lurraldea sendotzen jarraitzeko” asmoa erakutsi du. “Legealdi emankorra itxi eta indartsu gatozelako berriro, ideia eta proiektu berri askorekin”, aurreratu du, batzarkideen eta bertaratutako gonbidatuen aitzinean egindako hitzaldian.