Gipuzkoarentzat etorkizunerako proiektua

Spread the love

Proiektu bat dugu. Gure herrietarako eta gure lurralderako etorkizuneko proiektu bat dugu. Legealdi honetako lau urteetan erakutsi dugu garbi daukagula zer nahi dugun gure herriaren etorkizunerako. Lehentasunak ezarri, eta eguneroko lan nekaezinean aritu gara gipuzkoarron egungo eta etorkizuneko ongizatea bermatzeko. Zailtasunak zailtasun, eta oztopoak oztopo, Foru Gobernuak Plan Estrategiko bati jarraituz hasieran ezarritako helburu nagusiak bete ditu.

Baina ez da nahikoa eta ez gaude gure lorpenak goratzen aritzeko garaietan. Gehiago nahi dugu eta inoiz baino ilusio handiagoarekin gaude Gipuzkoaren etorkizuneko proiektua lantzen jarraitzeko. Batzuk oso onak dira marketing elektoralean, Photoshopa maisuki erabiliz irudi dotoredun foiletoak egiten, edo mila aldiz iragarritako aurkezpenetan ezer berririk ez esaten. Iñigo Urkulluk behin baino gehiagotan esan duen moduan, ideia falta foiletoekin estaltzen dute batzuek. Guk ere erabiltzen ditugu foiletoak eta bestelako komunikazio-bideak, baina ez ideiak falta zaizkigulako, ideiak eta proiektuak ditugulako eta horiek herritarrei azaldu nahi dizkiegulako baizik.

Atzo aurkeztu genituen datozen udal eta foru hauteskundeetarako Gipuzkoan prestatu dugun programaren ardatz nagusiak. Ni buru nauen talde kementsu eta herrizaleak gogor lan egin du gure etorkizuneko proiektuari forma ematen. Eta benetan plazerrez aurkeztu nituen gure lurraldearen etorkizunerako, datozen lau urteetarako eta gehiagotarako dugun proiektuko ildo nagusiak. Ilusioz beteta nago, lau urtetan egindako bidean aurrera jarraitu nahi dugulako Gipuzkoaren eta gipuzkoarron zerbitzura lan eginez.

Hauek dira Gipuzkoako etorkizuneko proiektua gauzatzeko datorren legealdirako ditugun helburu nagusiak:
Bakearen eta erabakitzeko eskubidearen alde lan egitea.

«Kultura politiko berrian» oinarritutako gobernantza sistema sendotzea.

Krisi ekonomikoa gainditzea eta lurraldearen lehiakortasuna bizkortzea.

Politika sozialen finantzaketa eta iraunkortasuna bermatzea.

Euskararen erabilera bultzatzea eta kultur edukien sorkuntza sendotzea.

Lurraldeko azpiegitura handiak amaitzea eta mugikortasun edo garraio sistema bakarra jartzea.

Gipuzkoaren energia-aurrezpena kualitatiboki hobetzea, garapen iraunkorra areagotzearren.

Lurralde barruko orekan sakontzea.

Aurrekontu politika zuhurra eta zorrotza eta fiskalitate zuzena eta justua garatzea, aberastasuna sortzeko eta erantzukizun sozialez banatu ahal izateko.

 

*************************************

Datozen egunetan, eta hauteskunde aurretik, blog honen bitartez joango naiz sakonean azaltzen helburu horietako bakoitza lortzeko ditugun asmo, ideia eta egitekoak. Eta jakina! Zuen ekarpenak eta iruzkinak ongietorri izango dira, Gipuzkoa guztion proiektua baita.