Ekintzailetza aurreratua sustatzeko apustua indartuko du Aldundiak 2022an

Deneb Medical enpresak Miramonen dituen instalazioak bisitatu ditugu gaur. Bertan, Juan Arregi eta Aritz Lazkoz start up teknologiko horren bazkide sortzaileen eskutik, enpresaren aurrerapenak eta etorkizuneko erronkak ezagutu ahal izan dituzte, eta, horrez gain, Aldundiak ekintzailetza teknologikoari eta, bereziki, biozientzien sektoreari laguntzeko dituen politikak kontrastatu dituzte. Deneb bezalako proiektuek islatzen duten ekintzailetza aurreratuak modu erabakigarrian laguntzen du gure ekonomia indartzen, ekonomia hori sektore estrategikoetan dibertsifikatuz eta kokatuz, eta etorkizuneko lehiakortasunaren eta ongizatearen oinarriak jarriz; hori dela eta, konpromisoa hartu dugu esparru horretara bideratutako baliabideak indartzeko foru erakundea datorren urterako lantzen ari den aurrekontuetan.

2015ean sortua, Deneb Medical enpresak laser teknologian oinarritutako kirurgia sistema robotiko bat garatu du, ehunak denbora errealean identifikatzeko gai dena, eta pazientearentzat hain inbaditzailea eta kaltegarria ez dena. Horrela, 2018. urtean, 700 enpresa baino gehiagoren artean hautatu zuten AEBetako Medtech Innovator Accelerator programan parte hartzeko; izan ere, herrialde horretan, kirurgia merkatuko eragile nagusiek oso harrera ona egin diote Deneb enpresaren teknologiari. Finantzaketari dagokionez, Europakoa (ETE-H2020 tresna), estatukoa eta pribatua lortu ditu.