Gipuzkoarentzat onuragarria

Spread the love

Joan den asteko ostegunean, Finantzen Euskal Kontseiluan, euskal erakundeek erabaki genuen tributu itunduetatik datozen baliabideen ekarpenak zehazteko sistemaren ixte mekanismoa sendotzea. Akordioa negoziazio baten ondorio izan da, eta Gipuzkoaren interesak gailendu dira bertan; hortaz, ona da oso lurraldearen intereserako.

Azaldu egingo dugu. Akordioa Ekarpen Legearen berrikuntza prozesuan kokatzen da, zeinaren arabera zehazten baita foru ogasun bakoitzak egin beharreko ekarpenaren zenbatekoa zehazteko metodologia. Izatez, arau horren indarraldia 2007tik 2011ra bitartekoa zen, baina berritzeko akordiorik lortu ez zenez –logikoa da irabazirik gabeko negoziazioez ari garelarik, batek irabaztekotan beste batek galdu behar izaten baitu–, epe hori luzatu egin zen.

Sistemak horrela funtzionatzen du: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek bilketa egiten dute, eta, gero, Finantzen Euskal Kontseiluan poltsa bakar batean uzten da bildutako guztia. Hortik ordaintzen zaio kupoa Estatuari, egokitzapen txiki batzuk egiten dira, eta, gainerakoa, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru lurralde historikoen artean (aldundiak eta udalak) banatzen da, Ekarpen Legeak ezarritakoaren arabera.

Arazoa da, lege horrek ezarritakoaren arabera, desorekak daudela lurralde historiko bakoitzak biltzen duenaren eta poltsa komun horretara egin beharreko ekarpenaren artean. Hau da, ogasun batzuek gehiago ordaintzen dute bilketa kontuan hartuz teorian ordaindu behar luketena baino.

Egeora hori arintzeko, ixte mekanismo bat dago: Egokitzapen Funts Orokorra. Ixte mekanismo deitzen zaio, ekarpena kalkulatzeko prozesuaren amaieran baliatzen delako. Funts horretan biltzen da banatu beharreko bilketaren % 1a, eta bildutakoaren proportzioan ekarpen handiagoa egin duten lurralde historikoei banatzen zaie. Zein da arazoa? Urte askoan ez duela zuzkidura nahikoa izan sortutako desorekak zuzentzeko. Argi hitz eginez, Funtsa motz gelditzen zela.

Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundia lanean aritu da ixte mekanismo hori sendotzeko. Aldarrikapenak erantzuna izan zuen, azkenean, joan zen asteko Finantzen Euskal Kontseiluan: beste funts bat ezarri zen, Ezohiko Funtsa, indarrean egongo dena Ekarpen Legea berritu bitartean. Guztiok bat gatoz honetan: Legeak hobekuntzak behar ditu eta hori lortzeko lanean ari gara. Baina urratsez urrats joan beharra dago, eta lehen urrats ezinbestekoa egokitzapen funts hori sendotzea zen.

Joan gaitezen haratago, eta ekar dezagun zifretara akordioaren ekuazioa: Ezohiko Funtsa 2017-2018 aldian existitu izan balitz, hau da, orain hain ozen hitz egiten ari diren horiek halako akordio bat lortzea ahalbidetu izan balute, Gipuzkoak 172 milioi euroko finantzazio garbi gehigarria edukiko zukeen. Hau da, 65 milioiko ekarpena egingo zuen funts horretara, eta 237 milioi jasoko zituen bueltan.

Zergatik diogu mugarri bat dela? Zortzi urteko negoziazioen ondoren, lehen aldiz lortu dugulako norabide onean urrats bat egitea. Zortzi urtean lehenengoz, Gipuzkoak negoziazio mahaiko aldarrikapenetako bat gauzatzea lortu duelako. Zortzi urtean lehenengoz, Ekarpen Legeak sorraraz ditzakeen desorekak arintzeko benetako aurrerapausoak egitea lortu dugulako.

Akordioa eztabaidagarria izan daiteke, baina ezin da zalantzan jarri horrek Gipuzkoari ekarriko dion onura. Are gutxiago, hauteskunde kutsuko kritikak badira. Gogorarazi behar da lorturikoa nahikoa ez dela dioten ahots ia guztiak negoziazio mahai horretan egon direla: Alderdi Sozialista Ogasun Sailean zegoen gaur egun indarrean dagoen legea lehen aldiz luzatu zenean, eta Alderdi Popularrak eta EH Bilduk legealdi oso bat egin dute, hurrenez hurren, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundietan. Egin al zuten aurrerapausorik? Ez dakigu ozenago oihu edo ostiko egin ote zuten, baina, zenbakiez ari garela, haien ekarpena hutsaren hurrengoa izan zen. Ez zioten inolako mesederik egin Gipuzkoako gizarteari.

Hortaz, historiak argi utzi du Ekarpen Legearen negoziazioan alferrikakoak izan direla maximalismoak, ahotsa besteek baino gehiago goratzea edota eskandalizatzea. Immobilismora garamatza, kanpora begirako ekintzetan geratzen da, eta hori gertuago dago Espainiako politikaren egiteko modutik euskal instituzioen jarduteko modutik baino.  Gure estiloa gustuko izan ala ez, diskretuagoa edo zuhurragoa iruditu, hura izan da orain arte benetako emaitzak, emaitza ukigarriak, eman dituen bakarra.  Hura izan da gipuzkoarren interesei mesede egiten dioten aurrerapauso onuragarriak ekarri dituen bakarra.