Markel Olano Arrese

Konpromisoa, elkarlana, pertsonak

Ez dut bizitza ulertzen konpromisorik gabe. Ikuspegi horretatik, Gipuzkoak gizarte kapital izugarria dauka; ehunka eta ehunka herritarrek lurraldeko elkarte eta kolektiboetan beren lana eta borondatea jartzen dute. Komunitatearekiko konpromiso horretan kokatzen dut nire burua ere.

Jarraitu irakurtzen

Gure herria maite eta sendotu nahi dugunok, konpromisoak hartu behar ditugu eguneroko bizitzan. Are gehiago abertzale bagara. Norberak bere esparrutik ekarpena eginez, izan gizarte mugimenduetan, izan politikagintzan, herri kohesionatu eta libreago bat eraikitzen dugu. Horrela bakarrik, norberaren aportaziotik, garatu daiteke gizarte justuago, dinamikoago eta orekatuago bat.

Horregatik sinesten dut gipuzkoar ereduan. Euska Herriaren baitan, badugu gipuzkoarrok gauzak egiteko modu bat, lan onaren zigilu bat. Altxor hori, hain zuzen ere, gizartean datza. Gizarte dinamiko eta egituratua daukagu oso, eta erakundeoi dagokigu dinamismo horri bidea ematea. Elkarlan dinamikak sortuz, gizartearen eskaera eta desafioek eragina izan dezaten erakundeen erabakietan.

Izan ere, alferrikakoa da politikarion lana herritarren babesik gabe, gizartearekin elkarlanerako espaziorik sortu gabe. Demokrazia horixe baita hain justu: herritarren babesa lortu eta, gainera, gizartea entzuten jakin eta lankidetzarako esparruak sortzea. Hori da nire jardun politikoari ezartzen diodan baldintza nagusietako lehena.

Bigarrena, berriz, ardura da. Nire erabakiekin eta ideiekin ados ez daudenak entzunez eta haiekiko errespetuz betiere, herritarrek emandako babesarekin erabakiak hartzea dagokigu ordezkari publikooi.

Zerrenda horri gehituko nioke desberdina denarekiko errespetua, indarkeria eza, talde lana eta hitzaren balioa. Horiek dira gure lan politikoaren oinarri. Edo hala izan daitezen saiatzen gara behintzat.

Politikariok badugu ohitura bat, zifretaz hitz egitearena. Zifren atzean pertsonak daude, ordea. Gazteak, adinekoak, baliabide gutxikoak, adingabeak, autonomoak, enpresariak, ekintzaileak, gizon-emakumeak… bakoitza bere bizitza proiektuarekin, bere arazo, amets eta desioekin. Pertsona horiek guztiak egon behar dute gure jardunaren oinarri-oinarrian.

Ahaztu gabe, bereziki, laguntza gehien behar duten pertsona eta kolektiboak. Gipuzkoan gizarte desberdinkeriak behera egin du azken urteotan. Baina badaude babes berezia behar duten pertsonak, lan baten bitartez bizitza duin bat merezi dutenak. Duintasun hori gipuzkoar guztiei eskaintzea, horixe litzateke Foru Aldundiko arduradun gisa egin dezakegun egitasmorik ederrena, onena.

Duela lau urte, gipuzkoarren gehiengoak aukeratu gintuenean gure lurraldeko erronkei ekiteko, asmo handiko helburua jarri genuen mahai gainean: lurralde indartsu bat izatea, ekonomikoki aurreratua eta sozialki kohesionatua.

Eta uste dut gure hitza bete dugula. Gure asmoak bideratzeko gai izan gara, elkarrizketan oinarrituta eta gizarte osoarekin elkarlanean. Baina orain etorkizuna eraikitzen jarraitu behar dugu, prest egoteko ez ezik, baita etorkizuna sortzeko ere, proiektu sendo eta egonkor batekin Gipuzkoa indartsu bat izaten jarraitzeko.

Bertako enpresen egonkortasuna bermatzen duen Gipuzkoa indartsu bat. Enplegu gehiago sortu ez ezik, kalitatezko enplegua sortzen duena. Gipuzkoa indartsu bat, inor kanpoan uzten ez duena. Gizarte, ekonomia eta genero berdintasunean sinesten duena. Gipuzkoa indartsu bat, uste osoa duena erakundeen egonkortasunean eta erabakitzeko eta eragiteko gaitasunean. Gipuzkoa indartsu eta integratzaile bat, bat eginda lan egiten duena eta hazten dena. Etorkizuna oinak orainean jarrita eraikitzen duena.

Beren etorkizuna, ongizatea, bizi kalitatea eta enplegua botoaren mende daudela sinetsita bozkatzen dutenen inplikazioa lortu nahi dugu. Zuen babesa, konfiantza eta konpromisoa behar ditugu, bidea zabaltzen eta gure geroa sortzeko nahi kolektiboa errealitate bihurtzen jarraitzeko.

Gipuzkoa indartsu bat izateko.

MARKEL OLANO ARRESE
EAJ-PNVREN HAUTAGAIA GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSI IZATEKO

Maria Eugenia Arrizabalaga

Zumaiarra, zuzenbidean lizentziatua, Zumaiako zinegotzi eta alkate izana, 2009tik 2015era legebiltzarkide eta Gipuzko Buru Batzarreko kide. 2015etik geroztik Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNVren bozeramailea naiz. Ondoren, 2016an, Euzkadi Buru Batzarreko kide aukeratu ninduten.

Ikusten denez, nirea politika da, herrigintza, egunerokotasunean eragitea, hobe beharrez beti ere eta… hanka sartzeko arriskutik libre, inoiz ez.

Nire asmo, ilusio eta itxaropena? Elkarrekin, behingoz gure artean konpontzen asmatuz, Euskadi pertsona librez osatutako Herri askea izatera eramango dugula.

Eider Mendoza

Eider Mendoza Larrañaga naiz, 1974an Azpeitian jaiotako hondarribitarra. Ezkondua eta alaba baten eta hiru semeren ama.

Frantziako Bordeleko École de Commerce Européenne eskolan ikasi nituen Enpresa Zientziak, Nazioarteko Merkataritzan espezializazioa eginez.

Logistika eta nazioarteko garraio enpresa batean aritu nintzen lanean, 2001eko hauteskundeetan legebiltzarkide lanetan hasi nintzen arte.

2011 urtetik Gipuzkoako Batzar Nagusietan ari naiz batzarkide lanetan, bertako Mahaian eta EAJ/PNV batzarkide taldea koordinatzen, eta gizarte politikako gaietako bozeramaile.

Abertzaletasuna, bakezaletasuna eta justizia soziala dira nire kezkak eta horiek eraman naute politikara. Justizia soziala da, hain zuzen, azken urteotan nagusiki landu dudan arloa.

Xabier Ezeizabarrena

1970ean jaio zen Donostiar bat naiz. Haurtzaroa eta gazteria Donostia, Madril eta Erresuma Batuaren artean pasa nituen. EHUn zuzenbidea ikasi eta 2005 urtean doktoretza lortu nuen. Nire espezialitatea Ingurumen Zuzenbidea da, txikitatik harreman sakon eta berezia izan baitut mendiekin eta itsasoarekin. Egun, emaztearekin eta hiru seme-alabekin egiten ditut naturara txangoak.

Irakasle bisitaria izan naiz Oxford eta Edinburgoko unibertsitateetan eta, politika egitearekin batera, EHU eta Deustun Administrazio Zuzenbidea eta Ingurumen Zuzenbidea irakasten ditut.

Urteak daramatzat ingurumenaren arloan lan egiten eta nago gai honek politika publikoetan gero eta presentzia handiagoa izango duela espero dut, ezinbesteko erronka baita gizartearentzat.