Basabizi, basafauna berreskuratzeko zentro berria

Spread the love

Foru Aldundiak Basabizi aurkeztu du gaur, Gipuzkoako basafauna berreskuratzeko eta naturara berriz itzultzeko zentroa. Zentro horren helburua da beren ingurunean bizirauteko ezinduta dauden animaliak jaso, zaindu, mantendu eta berreskuratzea, ondoren ingurune naturalera itzultzeko. Zentroa Diputazioak Urnietan duen Arizmendi finkan kokatuta dago eta martxoan jarri zen martxan, Arrano-Etxearen erreleboa hartuz.

Natura ingurunea eta biodibertsitatea zaintzea ezinbestekoa da gure etorkizuna eraikitzeko. Lehen hala zen, eta orain are gehiago, klima aldaketaren testuinguruan. Aldundiak hamarkadak daramatza lanean Gipuzkoan ditugun habitatak eta flora- eta fauna-espezieak zaindu eta berreskuratzeko hainbat proiektutan, benetako altxorra baitira eta hurrengo belaunaldiei utzi nahi baitizkiegu. Ingurumenaren garrantziari buruzko gero eta sentsibilizazio handiagoa dago, eta Basabizik aukera emango digu basa fauna berreskuratzeko lanean jarraitzeko etapa berri honetan, erabat hornituta dagoen, beharrezko giza baliabideak eta bitarteko teknikoak dituen eta kokapen aproposa duen instalazio batean.