UPV-EHUren uda ikastaroak

Spread the love

Gaur eta bihar bitartean, irailaren 12 eta 13an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuak urtero antolatzen duen UPV-EHUren uda ikastaroa egingo da, SIISekin lankidetzan. Arreta inklusiboago eta pertsonarengan zentratuago baten inguruan hausnartzeko asmoz, sektoreko profesionalak eta gizarte-programetan parte hartu duten pertsonak izan dira Miramar Jauregian egiten ari diren saioetan protagonistak. Parte-hartzearen, autodeterminazioaren eta ahalduntzearen ikuspegitik, banakako esperientziak partekatu eta entzun ahal dira gizarteratze-prozesuetan murgilduta dauden edo egon diren pertsonen testigantzen bidez. Bihar, eskema berari jarraituz, indarkeria matxistaren alorreko profesionalek eta emakumeek hartuko dute hitza, eta euren esperientziak eta bizipenak partekatuko dira.

Oso garrantzitsua da lanean jarraitzea pertsonak, haien beharrak, eskaerak eta egoera zehatzak gizarte-politika guztien erdigunean jartzeko. Lurraldeko gizarte-sare osoa bazterketaren eremuan egiten ari den ahalegina pertsonalizazioaren, prebentzioaren, komunitatearen aktibazioaren, parte-hartzearen eta lan-eremuarekiko eta enplegagarritasunarekiko loturaren ardatzetan oinarritzen da. Arretaren kalitatea eta bizi-kalitatea pertsonen beharretan oinarritutako eredu baterantz bat egiten duten bi kontzeptu dira, haien autodeterminazioa eta ahalduntzea bermatuz.

Gizarte Politiketako departamentuak urtean 18.500 pertsona ingururi ematen die arreta, gizarteratzearen eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arretaren arloko zerbitzuen, baliabideen eta programen bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu nagusia desberdintasun sozialekin amaitzea da, eta Gipuzkoa Europako desberdintasun gutxien duen lurraldeetako bat izatea. Hori dela eta, Foru Aldundiak 2022-2026 aldirako Gizarte Inklusioko Plan berri bat du abian, baita Elkar-EKIN Lanean enplegagarritasun-estrategia ere, helburu bera partekatzen dutela: lurraldeak gizarteratzearen eta laneratzearen aldeko eta pertsona guztientzako aukera-berdintasunaren aldeko konpromiso kolektiboaren erakusgarri dira.

Gipuzkoak eredu soziala, propioa du, non pertsonei beren bizitza-prozesuetan laguntzeko beharrezko laguntzak ematen dizkiegun. Pertsonek bizi-proiektu hobe bat bilatzen hasten diren prozesuei eusteko sareak ehuntzen jarraitzeko gai izan behar dugu. Beraz, gizarte-berrikuntzak, ebaluazio-sistemak indartzeak eta gizarteratzearen arloko paradigma eta eredu berriak birpentsatzeak protagonismo handia hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren egunerokoan.