2021eko aurrekontuak

Spread the love

Krisi soziosanitario eta ekonomikoari aurre egitea eta pandemia osteko etorkizuna, 2021eko aurrekontuaren ardatzak

2021erako aurrekontu orokorren proiektua aurkeztu dugu: 983 milioi euroko aurrekontu propioa proposatu dugu, aurreko ekitaldiarekiko 68 milioi euroko hazkunde esanguratsu batekin (+% 7,4), alegia. Bizi dugun maila anitzeko krisi honetan, egungo beharrei aurre egiteko eta pandemia osteko etorkizuna eraikitzeko tresna indartsu gisa aurkeztu ditugu 2021eko aurrekontuak. Egungo krisi soziosanitario eta ekonomikoaren aurrean zaurgarrienak diren pertsonak eta kolektiboak babestean jartzen du arreta Foru Aldundiak, eta 2021eko aurrekontuek ahalegin horretan jarduteko aukera emango dute. Aldi berean, Aldundiak Gipuzkoaren etorkizuneko ekonomiaren zutabe izango diren proiektu estrategikoak landuko ditu.

2020ko udazkenean ez zen posible izan aurrekontu proiektua aurkeztea, izan ere, irailaren amaierara arte ez zen ezagutu defizita izateko aukerarik zegoen ala ez, eta horrek aurrekontua luzatzera behartu zuen. Gobernu Kontseiluak gaur onartu du proiektua, goizean egindako ezohiko bilkuran, eta datozen asteetan Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu eta eztabaidatuko da; izan ere, prentsaurrekoaren ostean, Aldundiko ordezkariak foru ganberara joan gara aurrekontu proiektua Xabier Ezeizabarrenari, erakunde horretako presidenteari, emateko. Behin betiko bozketa martxoan egitea aurreikusten dugu.

Egoera honetan, gure helburu nagusia pertsona eta kolektibo zaurgarrienak babestea eta laguntzea da, bai osasunaren aldetik, bai ekonomiaren aldetik, eta 2021eko aurrekontuak horretarako “tresna” izango dira. Aldundiak aurrekontu sozialak, eraldatzaileak eta inbertitzaileak aurkezteko ahalegina egin du, bete-betean, aurrekontu proiektu honetan. Epe laburreko premiei aurre egin nahi diegu, aurre eginez osasun eta gizarte krisiari, batetik, eta krisi ekonomikoari, bestetik; gainera, epe ertain eta luzeko ikuspegiarekin, pandemia osteko etorkizuna eraikitzeko ahalegina indartuko dute.