Aldundiak argi berdea eman dio Andoainen A-15 eta N-I arteko lotura hobetzeko proiektuari

Spread the love

Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri du Andoainen A-15 eta N-I-aren arteko lotura hobetzeko eraikitze proiektua idazteko tramitazioa. Gaur egun Gipuzkoako lurraldean dagoen eta trafiko gehien duen puntu korapilatsuena da Bazkardoko lotunea, eta obraren helburu nagusienak dira konexioaren segurtasuna areagotzea eta lotuneari gaitasun handiagoa ematea, auto ilarak ekiditeko eta arintzeko. Erronka handia izango da eraikuntza hau, hain zuzen ere N-Ietik egunero pasatzen diren 70.000 ibilgailu inguruko trafikoarekin bateratu beharko baitira lanak. Gaitasun handiko bi errepide horien arteko lotura hobetzeko obra Bidegi Foru Elkarteak egingo du eta 75 milioi inguruko aurrekontua eta 28 hilabeteko iraupena izango duela aurreikusten da.

Proiektu honetan emandako aurrerapauso sendo honekin, hain zuzen ere lurraldeko errepide sareko puntu garrantzitsuenetako batean hobekuntza nabarmen bat ekarriko du. Gipuzkoaren bide azpiegituretan eta mugikortasunean giltzarriak diren guneak hobetzen ari gara, trafikoaren segurtasunean eta erosotasunean bereziki eraginez eta lurralde orekaren ikuspegitik beharrezkoak diren lanak sustatuz. A-15 eta N-Iaren loturak berebiziko garrantzia du ikuspegi horretatik eta, pauso berri honekin, argi berdea ematen diogu gipuzkoar asko eta askorentzat eguneroko pasabidea den gune honi, haien joan-etorriak seguruagoak eta erosoagoak izan daitezen. Soluzioak garatzeko garaian, kontuan izan dira andoaindarren eskaerak eta, hein handi batean, proiektu berriak hobekuntza nabarmena ekarriko du trafikoak herriko zenbait puntutan sortzen duen zaratari dagokionez. Udalaren zein herritarren ekarpenak jaso eta kontuan izan ditugu eta horrek berak proiektua ontzen lagundu digu. Ingurumenaren ikuspegitik ere alternatiba jasangarriena da honako hau eta Aldundiarentzat garrantzitsua zen hori ere.