Ane Insausti ingeniari donostiarra izango da Mubil elektromugikortasun zentroaren zuzendaria

Spread the love

Gaur, Mubil Fundazioaren patronatuak onespena eman dio Ane Insausti Altuna (Donostia, 1984) Gipuzkoan egitekoa den Elektromugikortasun Zentroko zuzendari izendatzeari; bera arduratuko da datozen hilabeteetan Tolosako Usabal industrialdean behin-behineko egoitza abian jartzeaz, beraz. Zuzendari berriak Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterra egin zuen Nafarroako Unibertsitatean eta Municheko Unibertsitatean, nahiz MBA, China Europe International Business School delakoan (CEIBS); horrez gain, esperientzia handia du ingeniaritzan eta proiektuen kudeaketaren alorrean nazioartean.

Insaustik erantzukizun oso garrantzitsua hartuko du bere gain, izan ere, bere ardura izango da Mubilen Tolosako behin-behineko egoitza martxan jartzea, zentroaren hasierako proiektuak aktibatzea eta Donostiako Eskuzaitzeta industrialdean behin betiko kokapena gauzatzeko urrats berriak ematea. Insaustik, hain zuzen ere, ibilbide luzea egin du proiektuen zuzendaritzan, eta hori, zalantzarik gabe, balio handiko aktiboa izango da Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa abian jartzeko orduan. Azken urteotan Inditex taldean aritu da lanean, non banaketa proiektuen zuzendaria izan baita bost urtez.