Badalab hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategia

Spread the love

Badalab Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategiak datorren urteko maiatzean zabalduko ditu ateak Errenteriako liburutegi zaharrean. Erreferentziazko zentro honek oinarrian izango duen partzuergoa uztailean osatu ostean, proiektua aurrera pauso sendoak eta, batez ere, partekatuak ematen ari da euskal erakunde publikoetako eta euskalgintza sozialeko ordezkariekin batera eta dagoeneko martxan jartzen ari da bere lehen lan lerroak.

          Orain arte egindakoak eta lortutakoak izugarrizko balioa du. Euskarak pauso sendoak eman ditu azken hamarkadetan. Erakunde publikoen eta euskalgintza sozialeko eragileen lanari esker, herritarren atxikimenduak bultzatuta, ezagutza mailak gora egin du eta eremu berriak irabazi ditu hizkuntzak. Baina, etorkizunera begiratzen badugu, aurrean dugun mundua sakonki eta bizkor aldatzen ari den honetan, lankidetza, berrikuntza eta esperimentaziorako gaitasuna biderkatu behar dugu.

          Lankidetza, berrikuntza eta esperimentazio gaitasunean eragin nahi du Badalabek, eta geroan sortuko diren agertoki eta interakzio sistemetan euskara erabiliko dela bermatzea izango du helburu. Mundu osoan zabaltzen ari diren teknologia, paradigma sozial eta ekonomiko berriek modu nabarmenean eragiten diete hizkuntza gutxituei eta txikiei, ez hegemonikoei. Euskara ez da salbuespena. Galdera ikur eta desafioen aurrean, hil ala bizikoa da jomuga berriak eta egitasmo berritzaileak urratzea. Horregatik, nazioartean aitzindaria eta, gure ustez, bakarra den esperientzia abiaraziko du Gipuzkoak, hizkuntzen eta hiztunen arteko berdintasuna lortu nahi duen edonorentzat erreferentzia izango den esperimentazio gune segurua, ausardia babestuko duena.