Badalab

Spread the love

Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategiak proiektua aurkeztu du gaur Errenterian. Ezaugarri berritzaileak erakutsi ditu aurkezpenean bertan, besteak beste ekosistema indartsua eta egiteko molde ez-ohikoak. Europan ez dago antzekorik.

Sorrera beretik da berezia hizkuntza berrikuntzako laborategia. Etorkizuna Eraikiz ekimena bera baino lehenago abiatu zen gogoeta prozesu bat, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak sustatu zuena. Helburua zen euskara biziberritzeko erakunde publiko eta eragile sozialen artean biziberritze prozesua bera eraginkorrago bihurtzeko bidea aurkitzea. Ibilbide horrek topo egin zuen Etorkizuna Eraikizeko errei nagusiarekin, eta hor hizkuntza eta berrikuntza uztartuko zituen erreferentzia zentro bat kokatzeko aukera antzeman zen.

2018tik hona abian da laborategiaren helburuen eta diseinuaren inguruko gogoeta –Langunek, Elhuyarrek, Emunek eta Soziolinguistika Klusterrarekin gidatu dute, Aldundiarekin batera–, gainontzeko erakundeen eta euskalgintzako ordezkarien partaidetzarekin. 2020-2021 eratze lanetan eman ziren eta 2022an gorpuztu dira laborategiaren gida estrategikoa eta ekintza plana, hori kudeatuko duen lantaldea eta ekosistema, eta laborategia bere baitan hartuko duen espazio fisikoa, Errenteriako Madalen kalearen 27an.