Basotik fundazioaren bidez, basoen kudeaketa jasangarrian “jauzi kualitatibo bat” eman nahi du Gipuzkoak

Spread the love

Foru Aldundiak argi berdea eman dio Basotik fundazio publikoaren sorrerari. Fundazio publiko horren helburua da baso masaren bolumen garrantzitsu bat biltzea, Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarrirantz jauzi kualitatibo bat egin ahal izateko, eta horrela, lurraldearen garapen integrala eta kudeaketa ekologikoa bultzatzea, eta, azken batean, ingurumenaren eta baso ondarearen defentsa eta lehen sektorearen garapena bilatzea. Gure basoak funtsezko ondarea dira, eta haien etorkizuna bermatu behar dugu. Horretarako, bizi dugun inflexio une honetan, anbizio handiko neurriak hartu behar ditugu, berritzaileak, eta epe luzerako ikuspegia dutenak, oraingo honek bezala.

Fundazioaren eraketa, Aldundiaren % 100eko partaidetzarekin, eta haren estatutuak joan den asteko Diputatuen Kontseiluan onartu ziren, hasierako zuzkidura ekonomikoarekin batera, eta horrek 2 milioi euroko foru inbertsioa ekarriko du aurten. Datozen 5 urteetan zehar, 8 milioi inbertituko ditu, guztira, foru erakundeak. Basotik fundazioak 40.000 hektarea baso inguru bildu nahi ditu bere kudeaketaren barruan. Beraz, aukera erakargarria izango da baso ustiategien titularrentzat, banakako kudeaketaren aurrean; izan ere, aukera emango die zaintza eta kudeaketa fundazioaren esku uzteko, eta baso kudeaketa aktibo eta dibertsifikatutik sortutako balioaren kobrantza aurreratzeko eta bermatzeko.

                           

Gipuzkoa baso ugari dituen lurraldea da, basoek azaleraren % 61,5 hartzen baitute. EAEko ehunekorik handiena da, eta Europako batez bestekoa (% 40) baino askoz handiagoa. Ondare hori arriskuan jar dezaketen hainbat faktore daude, eta horiek bultzaturik jarri dugu abian Basotik fundazioa. Horien artean, besteak beste, ustiategien tamaina txikia aipatu beharra dago; izan ere, Gipuzkoako basoen % 79 titulartasun pribatukoak dira, eta guztira 9.700 ustiategi daude; horietatik % 97, 20 hektareatik beherakoak. Euskadiko baso sailek, batez beste, 3-5 ha-ko azalera dute, eta Europako iparraldeko herrialdeetan, berriz, Finlandian, esate baterako, 30 ha-koa da batez bestekoa. Kontuan hartu behar da, halaber, baso jabeak ere adinean aurrera doazela, % 60k 60 urte baino gehiago du, eta ez dagoela belaunaldien arteko erreleborik, gizartea landa ingurunetik gero eta urrunago baitago.

Horri ustiategi askoren errentagarritasun txikia gehitu behar zaio, gainera, oso epe luzera gauzatzen dena, eta baita banda marroiaren inpaktua ere, landatutako intsinis pinuaren azaleraren % 40 baino gehiagori gogor erasan baitio, eta ez dugu ahaztu behar espezie horrek lurraldeko baso azalera osoaren % 30 hartzen duela. Horren guztiaren ondorioz, basoak abandonatuta gelditzeko arriskua dago, eta Aldundiak arrisku horri aurre egin nahi dio, Gipuzkoako baso masaren kudeaketa egokia ziurtatuz, bai azaleraren kudeaketa integralaren bidez, bereziki kudeatu gabea, bai jabeek kudeatutako ustiategien errentagarritasuna hobetzeko mekanismoak bultzatuz.