Bide Azpiegituretako proiektu estrategikoak

Spread the love

Azkoitian-Urretxun, Belabietako tunelean, 27. poligonoan eta Marrutxipin egingo diren obrei bultzada eman nahi diegu, inbertsio publikoa ekonomia suspertzeko eragile izan dadin.  Garrantzi kualitatibo handiko proiektuak dira, Gipuzkoako errepide-sareko oinarrizko puntuetan trafikoaren arintasuna eta segurtasuna nabarmen hobetuko dutelako. Era berean, pandemiak sortutako krisi ekonomikoaren egungo egoeran, lan horien exekuzioa aktibatzeak inbertsio publikoak bultzatzea dakar, lurraldeko jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren palanka gisa.

Udaberriko konfinamenduak eragindako ekonomiaren geldialdiak Aldundiak aurtengo aurrekontua murriztea eta aurreikusitako inbertsioak birperiodifikatzea eragin zuen. Hala ere, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan akordioa lortu ostean (euskal erakundeen defizit-muga handitzea ekarri du), Aldundia prest dago Bide Azpiegituren atalean aurreikusitako inbertsioak aktibatzeko. Egoera finantzarioa argitzean, rol antiziklikoa joka dezakegu eta jokatu behar dugu, eta horrek jarduera ekonomikoa sortzea eta enpleguaren sorrera bultzatzea dakar, krisi sozio-ekonomikoaren garaian. Gainera, funtsezko lanak bultzatzen ditugu mugikortasun segurua bermatzeko eta lurralde orekaren eta eskualdeen arteko fluxuaren ikuspegitik garrantzitsuak diren jarduerak sustatzeko.