“EAJ-PNV edo ezker abertzalea, hori da datozen hauteskundetan jokoan dagoena”

Spread the love

EAJ-PNVren diputatu nagusi izateko hautagaiak, Markel Olanok, Ordiziako EAJ-PNVren hautagaitzaren aurkezpenean hartu du parte gaur. Bertan, datozen foru hauteskundeen inguruko gogoeta egin du eta esan du “jokoan dagoena datorren lau urtetan Gipuzkoako erakundeak nork gobernatuko duen” dela: EAJ-PNV edo ezker abertzaleak”. Hautagai jeltzalearen ustetan, ordezkatzen duen alderdia “prestatuena” da lurraldea gobernatzeko, legealdi honetan gertatu denak erakusten duen bezala: “Denentzako gobernatu dugu, modu eraginkor eta gardenean kudeatuz; krisi ekonomia gainditzen lagundu dugu, eta gizarte desberdintasunak murriztu dira; eta geldirik zeuden azpiegiturak martxan jarri ditugu, eta baita Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzen hasi ere”.
Olanoren ustetan, ezberdintasunak nabarmenak dira aurreko legealdiarekin alderatzen badugu, garai hura “krisi ekonomikoa, paralisia eta konfrontazio giroak” markatu baitzuen. “Aldaketa agerikoa da”, esan du diputatu nagusi izateko hautagaiak, langabeziak bi aldi hauetan izan duen aldea jarriz adibide bezala: %8tik %13ra igo zen Bilduren legealdian, eta ondoren %8 jaitsi berriro ere Markel Olano diputatu nagusi izan zen aldian.
“Langabeziaren beherakada egoera ekonomikoaren aldaketaren ondorio da, baina baita ere gure Gobernuak egin duen ekarpenarena, krisiaren gogorrena gainditzeko gure enpresen alboan egoten jakin izan baitugu”, adierazi du.
Joan den igandeko hauteskunde orokorrei erreferentzia eginez, Olanok azaldu du gizarteak “erreakzio irmo eta demokratikoa” izan zuela bozetan, “populismo xenofoboa eta muturreko zentralismoa” zabaltzeko arriskuari aurre eginez. “Gizarteak erakutsi du ez duela inboluzio politiko edo sozialik onartzen, gure autogobernuaren eta erakundeen alde egiten duela, eta gizarte gaietan aurrera egiten jarraitu nahi duela”, gogoeta egin du.
Horrez gain, Olanok irakurketa oso positiboa egin du EAJ-PNVk lortutako emaitzen inguruan, aipatutako “erreakzio demokratikoaren buru” izan delako. Bere iritziz, gizarteak babestu du azken legealdian bere alderdia erakundeetan egiten ari den “lan serio eta eraginkorra”, zein autogobernuaren eta erakundeen defentsan duen “sinesgarritasuna”. Hilaren 26ko udal eta foru hauteskundeak “aukera berri bat” eskainiko dute, bere iritziz, “Ordizia eta Gipuzkoa sendotzen jarraitzeko” eta lurraldeak bere osotasunea “etorkizunera begira jarraitu dezala” erabakitzeko.