Egindako bideaz hausnartu eta aurrera begira

Spread the love

Legegintzaldiaren hondarrera iristen ari gara. Ia lau urte hauei atzera begiratu eta hamaika oroitzapen datozkit gogora. Une gozoak, buruhausteak, une intentsoak, eztabaidak… denetarik izan dugu urteotan. Baina guztien gainetik gure lurraldearen alde, Gipuzkoaren alde, egindako talde-lana azpimarratu nahi dut. Bokazio, asmo eta intentzio onenarekin aritu gara eta orain, bizipen pertsonaletatik haratago, atzera begiratu eta balantzea egitea dagokigu.

[youtube width=”610″ height=”372″]http://www.youtube.com/watch?v=gJM1OlKMb3s[/youtube]

 

Legealdiaren hasieran apustu sendoa egin genuen lidergo partekatuan oinarritutako kultura politiko berriaren alde. Egungo gizartearen konplexutasunean eta gure Gipuzkoako egoeran, ezinbestekotzat jo genituen erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana, erakunde publiko ezberdinen arteko akordioa eta gizartearen partaidetza bultzatzea. Azken batean, guk bultzatu dugun kultura politiko berri hori lidergo partekatuan, elkarlanean oinarrituta Gipuzkoaren alde lan egiteko modu zintzoa baino ez da.

Baina gurea bezalako egungo gizarte konplexu batean ez da nahikoa erakunde publiko batentzat elkarlana, akordioa eta partaidetza sustatzea. Horrekin batera, kudeaketa modernoa beharrezkoa da; herritarren eta lurraldearen beharrei eta etorkizunari erantzuteko balioko duena. Argi izan dugu legealdiaren hasieratik hori, eta horregatik egin genuen 2007-2011 kudeaketa plana. Paperaren gainean planifikatu genuen hura zenbateraino bete dugun, zertan huts egin dugun eta etorkizunari begira hobetzeko zer dugun aztertzeko garaia dugu orain. Batzuek autobonboan ari garela esan dute gure kudeaketaren balantzea plazaratu eta egindakoaren berri herritarrei eman nahi izateagatik. Baina bene-benetan uste dut arduradun politiko baten eginbeharra dela, herritarrei agindu zienetik eta planifikatu zuenetik zer egin duen argi eta garbi azaltzea; kontuak ematea. Zientzia politikoetan accountability kontzeptuarekin ezagutzen den hori orain egitea dagokiguna da, eta ez propaganda.

Herritarrei kontuak emateko asmo horretan, atzo iluntzean kudeaketa planaren balantzea aurkeztu genuen Donostiako Kursaalen egindako ekitaldian. Eskuragarri dago prestatu dugun jarduera-memoria herritar guztientzat. Memoria horretan, legealdi hasierako kudeaketa planean zehaztutako zazpi helburu nagusietako bakoitza lortzeko egin dugun bidea jasotzen da. Hauek dira zazpi helburu horiek:

  1. Gipuzkoako errepide sarea prestatzea eta mugikortasun-sistema aurreratu bat garatzea.
  2. Lurralde-oreka: udalerri txiki nahiz handietako biztanleei aukera berdinak eskaintzeko helburuz.
  3. Ingurumena zaintzea, hondakinen tratamendu orokorra, uraren ziklo integrala eta energia berriztagarriak sustatzearen aldeko apustua eginez.
  4. Gipuzkoaren ongizatea bermatzea, prestazio eta zerbitzuen eskaintza gure adinekoen eta babesik gabeko egoeran aurkitzen diren kolektiboetako pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratuz.
  5. Gure nortasuna eta kultura indartzea munduari irekita dauden eduki propioen aldeko apustua eginez.
  6. Gipuzkoa lehiakor bat sendotzea, lurraldeko enpresak indartuz eta berrikuntzara bideratuta dauden politikei bultzada emanez.
  7. Bakea eta normalkuntza politikoa erdiestea, giza eskubide guztien errespetuan eta erabakitzeko eskubidean oinarrituta.

Horiek lortzeko bidean buru-belarri lanean aritu gara ia lau urtez eta lanean dihardugu orain ere, Gipuzkoako Foru Aldundia osatzen dugun gizon-emakume guztiok. Eta niri dagokit, Diputatu Nagusi izanik Foru Aldundiak egindakoaren arduradun nagusi ere banaizenez, orain azalpenak ematea. Eta horixe egin nahi dut herritarrekin eta eragileekin zuzenean, komunikabideen bitartez eta baita nire gogoeten gune den blog honen bitartez ere. Datozen egunetan, helburu estrategiko horietako bakoitzean egin dugun ibilbidea azaltzen saiatuko naiz hainbat post-en bitartez. Eta era berean, legegintzaldiaren azken zati honetan, Gipuzkoak etorkizunerako dituen erronka nagusiei buruz ere gure asmoak zeintzuk diren adierazi nahi dut.

Espero dut halaber, herritarrek ekarpenak egingo dizkiezuela egindako lanaren gaineko nire azalpenei, nahiz etorkizunerako ditudan asmo eta kezkei.