Etorkizuna Eraikiz Think Tank

Spread the love

Aldundiak Think Tank bat abiarazi du, zeinetan parte hartuko duten foru erakundeko arduradunek nahiz gizarte eta ekonomiaren alorreko hainbat ordezkari esanguratsuk. COVID-19aren pandemiaren eraginez, Gipuzkoak etorkizunera begira dituen desafioak gero eta “handiagoak eta larriagoak” diren honetan, lurraldearen norabidea adieraziko duen “gogoetarako eta esperimentaziorako espazio komunitarioa” osatzea izango du helburu. Gipuzkoa Think Tank lau taldetan banatuko da eta bakoitzak bere lan esparrua izango du, guztiak ere gaurkotasun handikoak: ekonomia eta etorkizuneko lanpostuak, aldaketa klimatikoa eta ekonomia berdea, ongizate estatuaren eta zaintza ereduen etorkizuna eta kultura politiko berria.

Gipuzkoa Think Tank ez da soilik gogoetara eta jakintza aurreratua sortzera bideratua egongo. Izan ere, esperimentazio kooperatiboa ere egingo du, lurraldea eraldatzeko ekimenak gauzatuko baitituzte parte hartzaileek lankidetzan. Erreferentzia bilakatzeko lan egingo du, pandemiak areagotu dituen eraldatze sozial eta ekonomikoak eragindako “ziurgabetasun eta noraezaren” aurrean “itsasargi kolektibo” gisa.

Kazetariekin izandako topaketa batean aurkeztu dugu Think Tankaren egitura eta printzipio nagusiak. Alboan izan ditut Ekonomia Sustapena, Ingurumena eta Gizarte Politikako diputatuak, Imanol Lasa, Jose Ignacio Asensio eta Maite Peña, hurrenez hurren, eta Aldundiko Estrategia arduraduna, Xabier Barandiaran. Haiek gidatuko dituzte bakoitzaren alorreko lan taldeak. Lankidetzarako espazio berritzaile honen koordinazioaz arduratuko da, berriz, Miren Larrea Orkestrako ikerlaria –gaurko aurkezpenean ere hartu du parte–. Horien guztien gidaritzapean, esparru bakoitzean adituak diren 60 lagun inguruk osatuko du Think Tanka.