Foru Gobernuaren 2023ko aurrekontu proiektua

Spread the love

Gipuzkoako Foru gobernua Aldundiaren 2023ko aurrekontu proiektua aurkezten ari gara gaur eta bihar Batzar Nagusietan, erakundearen historiako zuzkidurarik altuena aurreikusten duena. Zehazki, foru erakundeak 1.129,4 milioi euroko aurrekontu propioa izango du, 2022an baino 87,6 milioi gehiago (+%8,41), eta izaera sozial eta inbertsore argia izango du. Proiektua hiru zutabe nagusitan oinarritzen da: arlo soziala, ekonomikoa eta iraunkortasunari lotutakoa. Bizi dugun ziurgabetasun sozial eta ekonomikoaren aurrean, konfiantzazko mezu bat helarazi nahi dugu: Aldundia eta Euskadiko erakunde guztiak prest gaude datorrenari neurri eta ekintza zehatzekin aurre egiteko, orain arte egin dugun bezala.

Azpimarragarria da aurrekontuak duen izaera soziala, 500 milioi euro baino gehiago bideratzen baititu alor horretara, aurrekaririk gabeko zuzkidura. Gainera, biztanleko inbertsioak ere 700 euroko muga gainditzen du, eta horrek, argi uzten du proposamenaren bokazio soziala. Ekonomia arloan, aurrekontuak inbertsiora bideratuta daude, izan ere, guztira 246,8 milioi bideratzen dira helburu horretara, 2022an baino 26,8 milioi gehiago (% 13,61eko igoera), aurrekontuaren hazkundearen gainetik. 2023an, aurrekontu hauekin, Gipuzkoak jauzi kualitatibo bat eman nahi du etorkizuneko ekonomia eraikitzeko.