Gipuzkoak eta Pirinio Atlantikoek harremanak sendotu dituzte mugaz gaindiko lehen partaidetzazko aurrekontuekin

Spread the love

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak beren lankidetza indartzea erabaki dute eta, horretarako, mugaz gaindiko lehen partaidetzazko aurrekontuak jarriko dituzte abian. Ekimen horretara 300.000 euro bideratuko dira guztira (150.000 euro erakunde bakoitzak), eta lehen mailako lankidetzazko mugarri bat da bi erakundeentzat, kontuan hartuta apustu irmoa egiten dutela topaketan, inklusioan eta lankidetzan oinarritutako Europa bat eraikitzearen alde.


Partaidetzazko aurrekontuen proiektua, zehazki, mugaz gaindiko ekimen eta proiektuen garapena bultzatzeko funts komun bat sortzean datza, alde bietako herritarren eta elkarte-sarearen proiektuetara bideratutako dirulaguntzak emanez, arreta berezia jarrita gazteengan. Zehaztu behar da erakunde bakoitzak egindako deialdi paraleloen batura izango dela deialdi bateratua. Deialdian jasotako herritarrentzako orientazioa bi unetan islatzen da: alde batetik, proiektuak aurkezteari dagokionez, eta, bestetik, proiektuak hautatzeko prozesuari dagokionez. Azken fasean, herritarrek erabakiko dute, beren botoekin, zer proiektuk jasoko duten azkenean eratutako funtsaren dirulaguntza.

Proiektua Etorkizuna Eraikiz foru programaren barruan kokatzen da, Aldundiak ekimen horretan sartu baitu Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluko agintariekiko mugaz gaindiko lankidetza, bere internazionalizazio lerroaren barruan. Izan ere, Etorkizuna Eraikiz programak dituen funtsezko ezaugarriak, hala nola lankidetzazko gobernantza bultzatzea, eragile ugari inplikatzea, eta esperimentazioa sustatzea, erabat zentzuzkoak dira mugarik gabeko Europa batean, non erakunde guztiak ari diren gobernantza modu berriak, antolaketa modu berriak eta lan egiteko eta harremanak izateko modu berriak bilatzen, betiere ingurune konplexu, global eta heterogeneo baten barruan..