Goxatu programaren aurkezpena

Spread the love

Goxatu programa aurkeztu dugu gaur goizean; 13 neurri eta ekimenen bidez, programak Gipuzkoako egoitzetan bizi diren adinekoen bizi kalitatea eta ongizate psiko-emozionala ahalik eta gehien babestea du xede. Kultura jarduerak indartuz, bisitak eta irteerak eginez eta fisioterapian, laguntza psikosozialean eta terapia okupazionalean ratioak handituz, adinekoen ongizatea hobetzen jarraitu nahi dugu, gertutasuna oinarri hartuta eta eragile sozial eta komunitarioekin elkarlanean.

Gabonen atarian, Gipuzkoako Foru Aldundiak Goxatu programa jarri du abian, joan den martxoan, pandemiari modu estrategikoan eta koordinatuan heltzeko bultzatutako Txoke Planaren barruan, egoiliarren arreta indartzeko eta bizi kalitatea hobetzeko. Ggure artean dagoeneko bederatzi hilabete daraman pandemiaren esparruan, egoitzetan gero eta bizitza normalizatuago baterantz aurrera egiteko, funtsezkoa da kultura, musika eta harreman jarduerak bultzatzea, bai eta boluntarioen eta ingurune komunitarioaren inplikazioa ere.

Gabonak berotasun, maitasun eta hurbiltasun garaia izan arren, birusak gure artean jarraitzen du, eta ezin diogu erne egoteari utzi. Ezinbestekoa da prebentzioa areagotzen jarraitzea eta arduraz eta zuhurtziaz lan egitea. Hartutako neurri berriek Gabonei begiratzeaz gain, orain ematen ari garen bultzadak denboran irauteko asmoa du.