Gureak Ikuztegiko instalazioetara bisita

Spread the love

Gizarte Politikako diputatu Maite PeƱarekin batera, Oiartzunen izan gara gaur, Gureak Ikuztegia garbitegi industriala bertatik bertara ezagutu asmoz. Bertan, bilera bat egin ondoren, instalazioak bisitatu ditugu. Bertan garbitu dira azken asteotan lurraldeko hainbat zaharren egoitzetako ehun-gaiak. COVID-19ari aurre egiteko Txoke Planaren testuinguruan Foru Aldundiak eta Gureak-ek sustatutako zerbitzu honi esker, alarma egoera hasi zenetik 14 egoitzatik ekarritako 7 tona arropa desinfektatu dituzte.
COVID-19a jasan duten pertsonen arroparen garbiketa kanpora ateratzeko aukera eskaini du Gureak Ikuztegiak. Izan ere, zerbitzu industrial honek baliabide automatizatuak eskaintzen ditu, desinfekzio prozesuan oihalekin kontaktua nabarmen gutxiagotuz. Guztira, apirilaren 1ean hasi eta maiatzaren 22ra arte, 14 egoitzak erabili du zerbitzu hau. 6.290 kilo ohe-jantzi eta egoiliarren 769 kilo arropa garbitu dituzte Oiartzunen.
Egoitza guztiek poltsa hidrosolubleak eta arropa bertan lagatzeko kaiolak dituzte eskuragai. Horrela, arropa bilketa egunero edo bi egunez behin egin ohi dute, zentro bakoitzaren eskaeren arabera. Tarte honetan guztian 3.261 poltsa disolbagarri banatu dituzte egoitzetan.