Gurutze Gorriarekin bilera COVID-19ak izan duen bilakaera aztertzeko

Spread the love

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuaren batera Donostiako Matia kaleko Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan elkartu gara gaur goizean Antxon Amunarriz zentroko zuzendariarekin eta COVID-19aren aurkako borrokan lan egin duten osasun langileen ordezkaritza batekin. Bileran, pandemiaren bilakaera eta Gipuzkoan, batez ere adineko biztanleen artean, izan duen eragina izan dugu mintzagai.

Gurutze Gorriak Donostian duen zentro soziosanitarioa datozen asteetan hasiko da bertan bizi ziren pertsonak artatzen, krisialdia hasi zenean euren etxeetara edo beste egoitza batzuetara eraman baitzituzten. Horri dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan birkokatuko du COVID-19ari bereziki zuzendutako zentroa; solairu hori zentro soziosanitario gisa gaitu da duela gutxi, eta 48 plaza ditu guztira.