Kilometroak 2020

Spread the love

Gipuzkoako Foru Aldundian bilera egin dugu Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaiaren ordezkariekin, Gipuzkoako herritarrei egoera zail eta ezohiko honetan euskararen aldeko konpromisoa eta jarrera aktiboa izateko deia egiteko.

COVID-19ak eragindako krisialdiak gogorarazi digu zeinen garrantzitsua den komunitate gisa jokatzea aurrean ditugun desafio eta arazoen aurrean. Kilometroak egitasmoak, aurten amaierako jairik izango ez badu ere, balio horretan jartzen du azpimarra. Hizkuntza komunitate gisa ere oinarrizkoa da elkarlana, euskara biziberritzen segi nahi badugu.

Aro berri bat hasi du 2020an Kilometroak ikastolen festak, azken 42 urtetan garatutako eredua gainditu asmoz. Hori dela eta, pandemiaren ondorioen eraginez modu mugatuan izan bada ere, ziklo gisa garatu da aurten, Korri, punpa, ttak. lelopean eta Amasa-Villabona eta Zizurkileko ikastolak antolatuta. Kilometroak eguneko festarik ez da izango aurten, beraz, baina horren ordez Kilometroak Astea antolatu dute, hainbat ekimenen bitartez egitarau bat osatzeko. Urriaren 4an Amasa-Villabona eta Zizurkilgo komunitateari zuzendutako ekitaldi instituzionala ospatuko da hala ere.