Gipuzkoaren “etorkizun soziala, berdea eta lehiakorra” eraikitzeko, inoizko aurrekontu altuenak aurkeztu ditu Aldundiak

Spread the love

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du 2022rako aurrekontu orokorren proiektua, zeinak 1.042 milioi euroko aurrekontu propioa proposatzen duen, 2021ean baino 59 milioi gehiago (+%6).Foru erakundearen historiako aurrekontu altuena da, anbizio handikoa, eta etorkizunari begira diseinatuta dago. Proposamen honek etorkizun sozialagoa, iraunkorragoa eta lehiakorragoa eraikitzea du helburu: Inbertsio soziala handitzen dugu, pandemiaren ondorioak gehien sufritu dituztenak babesteko eta susperraldia pertsona guztiengana iritsi dadin saiatzeko; baliabide gehiago bideratzen ditugu ekonomia suspertzeko eta etorkizuneko ekonomiaren oinarriak jartzeko; eta iraunkortasunarekiko, klima-aldaketaren aurkako borrokarekiko eta ingurumenaren zaintzarekiko dugun konpromisoa handitzen dugu. Hiru norabideetan azeleragailua zapalduko dugu, aurrekontu hauek tresna indartsua eta egokia dira horretarako.

          Datorren ekitaldirako foru aurrekontu proiektuaren proposamenak gaur jaso du Aldundiko Gobernu Kontseiluaren oniritzia, eta eguerdian Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteari helarazi digu. Horrela, aurrekontu-proiektua lurraldeko ganberan eztabaidatuko da, lehenik batzordean, bigarrenik zuzenketen bidez eta, azkenik, osoko bilkuran. Prozesua bi hilabete ingurukoa izango da, eta, aurreikuspenen arabera, 2022ko foru-kontuek behin betiko oniritzia jaso dezakete urtea amaitu baino lehen.