NBE hornidura bermatuta

Spread the love

Gipuzkoako Foru Aldundiak NBEen hornidura bermatuko die Gipuzkoako gizarte baliabide guztiei, gutxienez urte amaierara arte, Foru Aldundiak azken asteotan egindako azken erosketaren ostean. Adinekoen egoitzak eta eguneko zentroak, desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonentzako baliabideak, inklusiokoak eta adin txikikoak artatzekoak barne hartzen dituzten 200 zentrok baino gehiagok stock nahikoa izango dute, gutxienez, 2021ean zehar.

GUREAKekin lankidetzan, biltegiratze eta banatze sistema logistiko baten bidez kudeatzen ari da norbere babeserako materiala, lurraldeko gizarte-zentroetan osasun-krisiari aurre egiten jarraitzeko. Zerbitzu hori Errenteriako bi biltegi logistikotan zentralizatzen da une honetan, erositako babes-ekipamenduen kitak prestatzera eta gordetzera bideratuta daudenak, 2021ean zehar Gipuzkoako gizarte-baliabide guztiak hornitzen jarraitzeko. 2020ko martxotik, Aldundiak 30,4 milioi babes-elementu erosi ditu guztira, 5.637.000 euroko kostuarekin.

Pandemiaren hasieran izandako une gogorrak gogoan ditugu oraindik, babes ekipoak lortzea batere erraza izan ez zenean, mundu osoko eskaera handiaren ondorioz. Iazko martxoan, Gizarte Politikako departamentuak ahalegin guztiak egin zituen babes-materiala lortzeko, eta, gainera, hainbat gizarte eragilek, enpresak eta partikularrek, zeukatena eta lortzen zutena gure esku jarri zuten, lurraldeko egoitzetan eta gizarte-baliabideetan bana genezan. Txertoari eta egindako prebentzio-lanari esker, COVID-19ak gizarte-zerbitzuetan dituen ondorioak kontrolatzen ari garen honetan, ez dugu prebentzioaren bidea alde batera utzi behar. Beharrezkoa da epe labur eta ertainean material guztien aurreikuspen eta banaketa eraginkorra ziurtatzen jarraitzea.