Start upak Biozientzien babesean

Spread the love

Biozientziak Gipuzkoa Fundazioak azken bost urteotan sektore biosanitarioko Gipuzkoako 10 start up babestu ditu, 2,75 milioi euroko zuzkidura ekonomikoarekin, eta horri esker, zuzeneko 70 lanpostu finkatu dira. Fundazioko kide diren bi erakundeek -Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak- bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte lortutako emaitzak eta enpresa horien etorkizuneko perspektibak, foru jauregiko Etorkizuna Eraikiz Gunean egin den lan jardunaldian; bertan, erakunde sustatzaileek balantze “oso positiboa” egin dute.

Enpresei laguntzeko, hamar urterako partaidetza maileguak ematen dira, gehienez ere 250.000 euro enpresa bakoitzarentzat, start upak etapa goiztiarretan gara daitezen bultzatzeko. BIC Gipuzkoaren bidez ere ematen da aholkularitza. Hautaketa bi batzorderen bidez egiten da. Batzorde horiek bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa ebaluatzen dute, kalitate proiektuak identifikatuz eta merkatura iristeko baliabideak erraztuz.  

Era berean, hamar start up horietako bi, Naru Intelligence eta Somaprobes, Fundazioak iaz egindako aparteko deialdian parte hartzen ari dira. Deialdi horren bidez, I+G+B proiektuak finantzatu nahi dira, COVID-19a kutsatzea prebenitzeko eta pazienteen diagnostiko, tratamendu eta jarraipen hobea egiteko; 455.000 euro bideratu dira deialdi horretara. Deialdi horren bidez, lau proiektu garatzen ari dira pandemiaren diagnostikoaren eta pazienteen monitorizazioaren arloan, eta horien emaitzak apirilean jakinaraziko dira.