“Irun Santanoren pertsonalismo eta isolamendutik aldendu behar da, eta etorkizunera aurrera egin, EAJ-PNVrekin”

IRUN. EAJ-PNVren diputatu nagusi izateko hautagai den Markel Olanok esan du gaur Irunek asko duela jokoan datorren maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundetan. Bertan, gehitu duenez, irundarrek “iragana edo etorkizunaren artean” aukeratu beharko dute: “Gobernatzeko era partekatu eta eraginkorra, akordioak adosteko gaitasun handiarekin da EAJ-PNVk proposatzen duena; beste aldean, oraingo alkatearen pertsonalismo eta etengabeko liskarrak daude; herritarrek aukeratu behar dute, edo erakundeen arteko elkarlan, edo itxikeria”. Honela, hautagai jeltzaleak eraginkortasuna, elkarlana, etorkizuna eta bere hitza eskaini ditu, “Irun eta Gipuzkoa indartzeko lanean jarraitzeko”.
EAJ-PNVk ekitaldi politikoa egin du gaur Zabaltza plazan, eta bertan egin ditu adierazpen hauek Olanok. Hitza hartu dute, baita ere, Gipuzko Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrek, Europako Parlamenturako hautagai den Izaskun Bilbaok eta Irungo alkategai den Xabier Iridoyk. Ehun alderdikide eta jarraitzaile inguru hurbildu dira ekitaldira, tartean eskualdeko hainbat hautagai zeudelarik.
Diputatu nagusi izateko hautagaiak, bere hitzaldian, gogoratu du azken legeadli honetan ordezkatzen duen alderdiak “%100era” bete duela Irunekin. Adibide bezala, hiriarentzako berebiziko garrantzia duten bi proiektuetan jarri du azpimarra: alde batetik, Arbeseko egoitza, jada konkurtsora atera dena eta lanak udazkenean hastea aurreikusten dena; bestetik, Hego Ingurabidearena, otsailean martxan jarri zen proiektua, AP-8aren lotune erdiaren eraikuntzarekin. Aldundiak, guztira, 37 milioi euro inbertitu ditu bi proiektu hauetan bakarrik.
“Irun sendoa behar dugu, puntakoa, abangoardiakoa. Gipuzkoak Irun indartsua behar du, eta alderantziz. Elkar behar gara aurrera egiten jarraitzeko”, esan du hautagai jeltzaleak. Horretarako, EAJ-PNVk ordezkatzen duen aukera defendatu du, hiria “beste era batera” gobernatzea proposatzen baitu. “Etika eta zintzotasuna erdigunean jarrita gobernatuko dugu, etorkizuneko proiektu batekin, eta beti gizartearekin eta gainerako erakundeekin elkarlanean. Hau da etorkizuneko politika egiteko modua”, esan du Olanok, eredu hau egungo alkatearenarekin konparatuz: “Iraganekoak diren politika zaharkitu, autoritario eta zurrunduak atzean utzi behar ditugu, hiria isolatzea bakarrik lortzen duten pertsonalismoak gainditu behar ditugu. Zintzotasun eta etorkizuneko proiektu ireki eta partekatu horren faltak, Santanoren pertsonalismo hori guztia Irun indartzen jarraitzeko oztopoa da”, azaldu du Olanok.
Joseba Egibar GBBko presidenteak EAJren proiektua aldarrikatu du, “zutabe argiak dituelako”. “Azken hamarkadatan, bistan da gure konpromiso politiko, demokratiko eta etikoa; eta hori ikuspegi abertzale eta demokratiko batetik erreparatuta, bakarrik EAJk egin dezake, azpimarratu du. “Abertzaleak gara, nazionalistak, eta herrigintzan aritzeaz gain, gure politika giza mailan egiten dugu, pertsonalak direlako kontatzen dutenak; banan banan. Eta hor dago, hain zuzen, gure proiektuaren indarra”.
Halaber, Egibarrek, ezker abertzaleari dei egin dio “gizarte osoari azalpen bat eman diezaguten, nahiz eta beraien babesa eduki. Esan dezatela eredu okerra eta krudela jarraitu dutela, giza eskubideak”. “Uste zuten Estatutuak porrot egin izan balu, EAJk ere porrota jaso zuela, baina ez dira gertatu ez bata ez bestea”, esan du Egibarrek, zeinak PP, PSE eta Podemos alderdiak ere hizpide izan dituen: “Mentalitate zentralista dute, eta berez, gaur egun ez lukete onartuko Gernikako Estatutua”
Arlo horretan, konbentzituta agertu da herri honek ez duela bakarrik Estatutu oso bat behar, baizik eta “salto kualitatibo eta kuantitatibo osoa, errealitate nazionalak errespetatuak izan daitezen, euskal lursailaren jabe izan gaitezen, baita Europaren barruan ere”. Horregatik azaldu du “ildo garbia proposatzen dugula, Euskal Herria bezalako komunitate politikoek estatus berri batean sartu nahi izanez gero, herritarrei galdeketa egin diezaieten, modu libre eta demokratikoan erabaki dezaten zer nolako harremana nahi duten egungo Estatuarekin: subiranotasuna, ko-subiranotasuna, independentzia edo nahi duen beste formula”. Hori da, hain zuzen, Europako eraikuntza demokratikoaren oinarria; hori da ibilbide politikoa, parlamentarioa eta instituzionala, azkenean herritarren bozkaren babesa behar duena”, amaitu du.
Xabier Iridoy Irungo alkategaiak, aldiz, azpimarratu duenez, “nahi dugu Irun berriro Irun izatea. Etorkizuneko Irun, aurreratua eta proiektu berritzaileak izango dituena, baina betiko Irun horren nortasunari eutsita, betiko Irun hori, irundarrok hain harro gauden Irun horrekin. Baina horretarako, Irunek aldaketa bat behar du, pertsona aldaketa, jarrera aldaketa, aldaketa positiboan, baina ilusioa sortuko duen aldaketa. Aldaketa bat itxuraz nahiz mamiz, baina aldaketa lasaia eta arduratsua aldi berean. Hori da gure konpromisoa, denon artean Irun hobe bat egin dezagun”.
Bestalde, Europako Parlamenturako hautagai den Izaskun Bilbaok gogorarazi du Gipuzkoarekin elkarlan estuan aritu garela, tokiko eta foru erakundeekin. Bere gizarte zibilarekin, enpresa eta kooperatibekin. Asko dugu kontatzeko. Berez, badira Europako legeak ideia gipuzkoarrak direnak. Euskal Y-a delakoaren alde jo eta ke aritu gara. Gipuzkoara gure taldeko diputatuak ekarri ditugu, batzorde parlamentarioetara. Gautenaren esperientzia aurkeztu genuen, eta Europako Parlamentuak Europa Hiritar saria eman zion. Milaka ordu lan egin dugu Irunekin, Donostiarekin, Gasteizekin, Barakaldorekin, Bilborekin, Euskadirekin. Konektatuta gaude”. Horren harira, Bilbaok aurreratu du hori bera jarraituko dutela egiten Europan: konektatuz, batuz, ekarpenak eginez, ikasiz eta proposatuz, beti ere lantaldean arituta, EAJren ereduari jarraituta”