Etorkizuna Eraikiz plenarioa

Etorkizuna Eraikizek argi berdea eman dio gaur aurtengo urterako bere Kudeaketa Planari. Ekitaldi honek COVID-19 gaitzaren pandemiaren eraginpean jarraituko du, eta foru programak etorkizunari begira lan egiten jarraituko du, indar guztiak pandemiaren osteko agertokian jarrita. Hala, Etorkizuna Eraikizek Europar Batasuneko erakundeekin eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearekin (ELGA) lankidetza-hitzarmenak ixtea aurreikusten du, eta haiekin batera lan egingo du trantsizio ekologikoan edo lurraldearen agenda estrategikoaren sustapenean. 2021 ez da urte erraza izango, baina, aldi berean, krisi garaiak aukera handiko garaiak izan ohi dira beti. Etorkizuna Eraikizen misioa aukera horiek aurkitu eta ahalik eta modu eraginkorrenean ustiatzea izango da, eta Europarekin guztiz lerrokatuta egingo dugu gainera.

Berrikuntza nagusien artean,  Etorkizuna Eraikizek lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditugu  karbono-isurketarik gabeko ekonomia baterako trantsizioa bizkortzeko lan egiten duen Europar Batasunaren mendeko Climate Kic komunitatearekin. Lankidetza akordioa itxiko du baita ere Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearekin (ELGA), Gipuzkoan trantsizio ekologikoko proiektu bati ekiteko helburuarekin. Etorkizuna Eraikiz guztiz bat dator Europak pandemiaren ondorengo agertokiari begira sustatzen dituen balioekin, eta hau oso adibide ona da, Gipuzkoa iraunkorragoa eta berdeagoa lortzea baitu helburu.

Etorkizuna Eraikiz, 2016an sortu zenetik, Gipuzkoaren berrikuntza gaitasuna ahalik eta gehien ustiatzeko lan egin duen tresna da. Hasiera-hasieratik, gure lurraldeak dituen indarguneak eta ahalmenak ustiatu nahi izan ditu, etorkizuneko erronka garrantzitsuei erantzuten hasteko, hala nola aldaketa demografikoa, digitalizazioa, mugikortasunak bizi duen iraultza… Denborak erakutsi du Etorkizuna Eraikizen landu ditugun eta lantzen jarraitzen ditugun esparru gehienak egokiak direla, eta COVID-19 gaitzaren pandemiaren iritsierarekin, transformazio prozesu hauetako gehienek abiadura gehiago hartu dute. Honenbestez, foru proiektuak inoiz baino zentzu gehiago du egungo testuinguruan.