Aurreko krisialdian desberdintasun sozialak mugatzea lortu genuen; pandemiaren ostean ere hori izango dugu jomuga

Spread the love

Pandemiak gipuzkoarren artean utzitako arrasto sakonari eta ondorio sozio-ekonomikoei aurre egiteko garaian, erakundeen eta lurraldeko eragileen erantzun sozialari eta solidarioari eutsi beharra daukagu susperraldia iritsi dadin kolektibo eta pertsona guztiengana. Gipuzkoa COVID-19aren ondoren: balantzea ikastaroa ospatu dugu, eta bertan, pandemiak gehien kolpatu dituen pertsonak eta sektore ekonomikoak babesten jarraitzeko unea dela azpimarratu dugu, aldi berean, lurraldea etorkizunera begira indartzen jarraitzeko proiektuak sustatuz.

Pandemia ostean, zalantzarik gabe, honek behar du izan helburu nagusia: krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialak jasaten ari direnak babestea. Azkeneko krisialdian, lortu genuen desberdintasun sozialek gora ez egitea. Oraingo honetan ere horixe bera dugu jomugan. Egungo testuinguruaren koordenatuak aldatu dira, baina norabideari eusten diogu. COVID-19ak utzitako errealitateak beharrizan sozialen olatu bat ekarriko du eta, horien aurrean, tresna berritzaileak sortzearen eta gipuzkoarren izaera komunitarioa indartu behar dugu.

Gipuzkoako herri politiken izaera soziala biderkatzeko unea da. Lurraldeak modu sendoan erantzun die COVID-19ak ekarritako bat-bateko desafioei, erakundeen, gizarte eragileen eta herritarren esfortzuari esker. Gipuzkoak gizarte kapital ikaragarria dauka. Gerora begira, datozen garaiotan, nahitaezkoa izango dugu aberastasun sozial horri eustea. Batetik, gizarte kohesionatu gisa aurrera egiteko. Bestetik, pandemiak utzitako desafio sozio-ekonomikoei erantzuteko.