Badia Berri

Spread the love

Badia Berri gizarteratze enpresa bisitatu dugu Lezon eta bertan Elkar Ekin Lanean 2021-2023 Enplegu Inklusiboa eta Kalitatezkoa sustatzeko Gipuzkoako Estrategiak lurraldeari eskaintzen dion aukera aldarrikatu dugu.

Seguru gaude gizarte esklusioari eta desberdinkeriari aurre egiteko modurik eraginkorrena enplegua sustatu eta bazterkeria egoeran dauden pertsonentzat aukerak sortzea dela. Ahalegin horrek Gipuzkoa osoaren konpromisoa behar du, erakundeen, gizarte antolatuaren eta herritarren batasuna, Elkar-Ekin Lanean ekimenaren bitartez lortu nahi duguna; eta Badia Berri enpresan, eredu honek duen potentzialaren adibide argia daukagu.

Badia Berri enpresa 2005 urtean jarri zen martxan, Pasaia, Lezo, Errenteria eta Oiartzungo udalek osatzen duten Oarsoaldea Garapen Agentziak bultzatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Hasiera batean Oarsotek izena hartu zuen, eta hasieratik bere helburu sozial nagusia lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzea izan da. Konpainiaren jarduera nagusia industria prozesu intentsiboen eskulana azpikontratatzea da, eta kautxuzko piezak garbitzea da bere jarduera nagusia. Honela, Badia Berrik baztertuak dauden edo baztertzeko arriskuan dauden pertsonen lan inguruko ikaskuntza ahalbidetzen du jarduera ekonomiko baten bidez.

Gaur gaurkoz, 32 langile ditu enpresak, gehienak emakumezkoak. Ahalegin publiko eta pribatuak batzearen arrakasta kasu argia da Badia Berri. Jarduera ekonomikoaren bidez, babestuko lan ingurune bat eskaintzen die, lan egiteko eta ikasteko arazoak dituzten pertsonei. Hiru urteko iraupena duen insertzio programa planteatzen du Badia Berrik, enplegua eta laguntza soziala barne hartzen dituena. 2005ean enpresa martxan jarri zenetik, 130 pertsona baina gehiago pasa dira bertatik, eta hauetako zatirik handienak lana lortu du Badia Berriko ibilbidea amaitu eta denbora gutxira.