Ekonomia Indartuz planaren aurkezpena

Spread the love

Foru Aldundiak Gipuzkoako ehun ekonomikoa babesteko eta eraldatzeko Ekonomia Indartuz plana aurkeztu du gaur. Tresna horren bidez, Foru Aldundiak programa, laguntza eta neurri multzo bat taxutuko du lurraldeko ekonomia indartzeko eta COVID-19ak eragindako krisia gainditzeko. Plan horrek 95 milioi euroko zuzkidura izango du, eta bi alderdi izango ditu: kointuralagoa bat, eta estrukturala bestea. Lehenengoak, alde batetik, pandemiak gehien erasandako pertsona eta sektoreei laguntzeko laguntza ekonomikoak eta neurri fiskalak bilduko ditu, bereziki enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zuzenduta, eta 40,5 milioi xedatuko dira horretara; bestetik, azpiegituretan inbertitzea bultzatuko du jarduera ekonomikoa bultzatzeko, eta 25,5 milioi euroko zuzkidura izango du. Egituraren araberako alderdiari dagokionez, Aldundiak sustapen ekonomikorako eta berrikuntzarako programa nagusien zuzkidurari eutsiko dio (29 milioi euro), horrela, ekoizpen sarearen lehiakortasuna indartzeko.  

        Funtsezko printzipio hau du abiapuntu:  Gure ongizatea, gaurkoa eta biharkoa, ekonomia indartsu batean oinarritzen da.  Gipuzkoako jarduera ekonomikoa eta produktiboa indartzea ezinbestekoa da gure gizarte arretaren ereduaren jasangarritasuna bermatuko duten baliabideak sortzeko, pandemia honetan ikusi dugun bezala sektore horrek berebiziko garrantzia baitu, eta Europan desberdintasun gutxien duen lurraldeetako bat izaten jarraitzeko. Gure ahalegin guztia kalitatezko enplegua sustatzera bideratuta dago, gizarte kohesioaren bermatzaile nagusia gisa baita. 2021n ekonomia suspertzen joatea espero dugu, eta susperraldi hori sektore eta pertsona guztiengana iristeko lan egingo dugu.

          Ekonomia Indartuz programak ekonomia suspertzeko oinarrizko bi lan ildo azpimarratuko ditu: Pandemiak gehien erasandako jarduera ekonomikoei eta profesionalei laguntzea, eta gure enpresen lehiakortasunerako eraldaketa bultzatzea. Sektore guztiak hartzen ditugu kontuan, krisiaren eragina arintzen laguntzen dugu, baina epe ertain eta luzeko apustuak ere finkatzen ditugu, pandemia osteko agertokira prest iristeko.   Erakundeen arteko lankidetzan eta lankidetza publiko-pribatuan, eraginkortasunean” eta beste eragile instituzional batzuk hartzen ari diren neurriekiko osagarritasunean oinarrituta.  Aldundiaren finantza eta kudeaketa gaitasunak ahalik eta gehien aprobetxatzearen aldeko apustua egiten dugu, jarduera ekonomikoa bultzatzen laguntzeko, ikuspegi kontrazikliko eta asmo handiko batetik.