Gure Lurra-Sembrando Furuturo 5

Spread the love

500 lagun baino gehiago elkartu dira gaur ‘Gure Lurra – Sembrando Futuro’ Kongresuaren bosgarren edizioan. Foru Aldundiak bultzatutako ekimena dugu, lehen sektorearen errealitatea herritarrengana hurbiltzeko eta Gipuzkoaren ongizaterako duen beharraz kontzientziatzeko. Baserritarrek, adituek, sektoreko eragileek, erakundeetako ordezkariek, ospe handiko adituek eta herritarrek baserritarren lanari eta etorkizun jasangarriago bat bilatzeko duten garrantziari buruzko gogoetak eta esperientziak partekatu dituzte. ‘Baserria, gure orekaren giltzarria’ izenburupean, Kongresuak lehen sektorearen eta elikadura sistemaren papera jorratu du, tokiko esparrutik klima aldaketa bezalako erronka globalari erantzuteko.

Gipuzkoako paisaia baserritarrek mendeetan zehar egindako zaintzaren eta lanaren emaitza da. Gaur egun, ingurumenarekiko kezkak eta klima-aldaketaren erronkak are gehiago behartzen gaituzte oreka bilatzera. Oreka horrek mendiaren eta naturaren gozamena bermatuko du, baina baita etorkizuneko belaunaldientzako kontserbazioa ere. Tokiko produktuak, kalitatezkoak eta osasungarriak kontsumitzearen eta produktu horien ekoizpen-ereduaren arteko oreka. Oreka horrek lagunduko digu klimaren inpaktuak murrizten eta gure nortasuna, garena, mantentzen eta babesten. Eta landa-eremuen eta hiriguneen artean ongizate eta bizi-kalitate maila bera sustatzen jarraitzera eraman behar gaitu, baita ere.

Lehen sektorea historikoki gure landa-ekonomiaren zutabe izan da, eta orain aldarrikatzen dugun oreka berde horren funtsezko zutabe bihurtu behar da momento honetan. Baserriaren goraldia praktika eta laborantza propioen eta inportatuen emaitza izan zen bezala, gaur egungo egoeran funtsezkoa da jarduera hau berrasmatzea eta jarraipena bermatzea. Talentua, prestakuntza eta ideia berriak dituzten pertsonak erakarri behar ditugu, sektorearen errealitate berrira egokituko direnak, etorkizuneko baserria betidanik ezagutu dugunaren oso bestelakoa izango baita.

Aldundiak esparru hori bultzatzeko politikekin duen konpromisoari eutsiko dio; izan ere, landa-garapenera eta natura-ingurunearen kudeaketa eta zaintzara bideratutako partidak 42 milioi inguru dira, Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Sailaren aurrekontuaren “ia herena”. “Konpromiso hori epe laburrean gauzatzen da, krisiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko laguntzetan, hala nola esnetarako eta haragitarako behien azpisektoreari, aurten 2 milioi baino gehiago baitira. Baina baita etorkizunari begira sektorearen oinarri berritzaileak ezarri nahi dituzten proiektuak lantzen ari gara aldi berean. Besteak beste, Gaztenek Berri programa aipatu du, 306 gazteri enpresa-proiektuak abian jartzeko aukera eman diena; Basotik Fundazioa, basoen kudeaketan “mugarria” ezarriko duena; eta baita, Etorkizuna Eraikizen esparruan, elikadura jasangarriaren edo baserriko jardueraren dibertsifikazio profesionalaren esparruan eragin nahi duten ekimenak ere.