“Errespetua, entzute aktiboa eta ulertzeko gaitasuna dira gure kudeaketa ereduaren ikurrak”

Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagai den Markel Olanok alderdiaren Legazpiko hautagaitzaren aurkezpenean hartu du parte gaur, Koldobike Oleaga delarik alkategaia. Bertan, EAJ-PNVren eredua defendatu du Olanok: “Gure eredua gizartearen ondoan egon eta berarekin lan egitea da gertutik, inor alboratu gabe, denentzako gobernatuz. Errespetua, entzute aktiboa eta ulertzeko gaitasuna dira gure nortasun ikurrak”, aldeztu du. Honela, adibide bezala hainbat proiektu aipatu ditu: Etorkizuna Eraikiz, lurraldearen etorkizuna eraikitzeko ahaleginean 33.000 pertsona inplikatu dituena; Lurralde Garapenerako Laborategia, eskualde guztiak parte hartzen ari direna garapen ekonomiko orekatua bermatzeko; eta Elkar-Ekin egitasmoa, gizarte bazterkeriari aurre egiteko eragile guztiekin adostutako estrategia.
Era berean, gogoratu du EAJ-PNV dela Gipuzkoarentzako aukera politikorik egokiena. Gehitu duenez, alderdi hau da “ekonomiaren eta gure industriaren aldeko apustu garbia” egiten duen eragile bakarra, eta baita ere ezberdintasunak murrizteko proposamen zehatzak egiten dituen aukera bakarra. “Gipukoa indartu nahi dugu, guztiontzako ongizatezko etorkizuna eraikitzeko Gipuzkoa sendoa. Eta hau, elkarlanaren bitartez bakarrik lortu dezakegu, entzute aktiboa eta lankidetzan sakonduz”, esan du hautagai jeltzaleak. “Orain da jauzia emateko unea, indartzen jarraitzeko unea”, gehitu du, herritarrei eskatuz bidea emateko “gauzak egiteko modu berri honi”.