Erabateko mobilizazioaren aldeko deia, Gipuzkoak “geldialdirik gabe” aurrera egin dezan

DONOSTIA. GBBko presidenteak, Joseba Egibarrek, eta Donostiako alkatetzarako eta diputatu nagusirako hautagaiak diren Eneko Goiak eta Markel Olanok, gaur goizean partekatu dute hauteskunde kanpainako azken mezua, Gipuzkoako gizarteari igandeko hauteskundeetan “erabateko mobilizaziorako” deia eginez, Donostiak, Gipuzkoak eta Euskadik etorkizunerantz “aurrera egiten” jarraitu dezaten. Horretarako, EAJ-PNVri ematen zaion bozkaren balio “biderkatzailea” aldarrikatu dute, “aukera eraginkorrena” bezala “geldialdi berririk eta atzera egin gabe martxan jarraitzeko”.

Donostiako Kontxako pasealekuan komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Joseba Egibarrek azken lau urtean EAJ-PNVren kudeaketari esker Gipuzkoa “geldialditik” atera izana jarri du balioan. “Orain aurrera egiten jarraitzeko unea da, eta horretarako indarra behar dugu”, adierazi du GBBko presidenteak, eta hiritar bakoitzaren bozkaren “indarra” gogorarazi du, “aurrera egin” eta gauzak “hobetzeko”. “Donostia, Gipuzkoa eta Euskadi martxan daude. EAJ-PNVri emandako bozka da eraginkorrena, biderkatzailea da aurrerabide hori ez gelditzeko”, planteatu du.

Zentzu horretan, Egibarrek baieztatu du bozka bakoitza “erabakigarria” izango dela aurrera egiten jarraitzeko, “elkarlanaren eta egiazkotasunaren” bidetik, “inposizioan eta itxurakerian” oinarritutako ereduen aurrean. “Esfortzu partekatu horrek ahalbidetuko digu hiri, lurralde eta nazio bezala aurrera egitea”, aldarrikatu du GBBko presidenteak.

Diputatu nagusirako hautagaiak, Markel Olanok, gogoratu du Gipuzkoak azken lau urteotan “aurrerapauso itzela” eman duela “aurrerabidean, etorkizunerantz”, eta adierazi du datozen udal eta foru hauteskundeetan herritarrek aukeratu beharko dutela EAJ-PNVk eskaintzen duen “etorkizunaren” eta ezker abertzalearen ereduak dakarren “iraganaren” artean. “Gizarteak bi eredu horien artean aukeratu behar du. Erabateko mobilizazioaren alde dei egin nahi dut Gipuzkoak aurrera egiten jarraitu dezan, atzera pausorik gabe, gure lurraldearen geroa guztion artean eraikiz”, eskaini du Olanok, zeinek ohartarazi duen ezker abertzalea gobernura iristeko aukera “benetakoa” dela.

Donostiako alkate Eneko Goiak, modu “oso positiboan” baloratu du EAJ-PNVk Donostian egindako kanpaina, zeinetan egin dituzten proposamenek “bat egiten duten erabat” lau urteotan Donostiako Udalean egindako lanarekin. “Hori ezin dute alderdi guztiek esan”, kontrajarri du”. Horregatik guztiagatik, alkatetzarako hautagaiak donostiarrei dei egin dien datozen hauteskundeetan “parte hartu” dezaten eta EAJ-PNVren ahaleginari esker “aurrera egin duen” Donostiaren alde egin dezaten. “Hiri honetan asko daukagu jokoan, etorkizuneko Donostiaren alde egin dezagun, elkarbizitza eta aurrerabidearen alde egiten duen Donostiaren alde egin dezagun”, azpimarratu du.

Inposaketa eta itxurakeriaren aurrean, elkarlana eta benetakotasuna

DONOSTIA. “Itsukeria, iluntasuna, inposaketa eta itxurakeriaren aurrean, eskaintzen dugu argitasuna, gizartearekin elkarlana eta benetakotasuna”, adierazi du gaur arratsaldean Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek. Donostian egindako ekitaldi politikoan azaldu duenez, Euskadi “politikoki hazten” jarraitu dezan beharrezkoak dira “pauso eraginkorrak, pazientzia demokratikoz eta determinazioz beteak”, eta horretarako “EAJri emandako botoa” da eragikorrena. Ordezkari jeltzaileak hilaren 26ko hauteskundeak “etorkizunerako” bide horretan egindako “mugarria” izango direla aurreratu du.

Egibarrekin batera, Markel Olano diputatu nagusiak eta Eneko Goia alkate donostiarrak EAJ-PNVko hautagai eta bolondresekin egindako topaketa batean parte hartu dute eta eskerrak eman dizkiete azken asteotan kanpainaren prestaketan eta garapenean erakutsitako konpromiso eta ahaleginagatik. Ekitaldi politikoaren ondoren, guztiak batera musikarekin gozatu eta mokadutxo bat jateko aukera izan dute, okasiorako Jose Mari Sert plazan jarritako euskal food truck bati esker.

Egibarrek gogorarazi duenez, azken legealdi honetan, herrietako eta Aldundiko gobernuek, EAJren gidaritzapean, “korapilo batzuk askatzea” lortu dute eta elkarbizitzak asko egin du hobera, eta “jendeak hala aitortzen” duen moduan. “Gure jarrera horixe da. Pertsona orori entzun, partekatu, akordioak itxi eta aurrera egin”, sakondu du eta horrexegatik, gehitu duenez, ez du onartuko “justizia sozialaren” inguru lekziorik “gauche divine ala gauche caviar” izan zalantzan dauden “iraultzaileengandik”.

Testuinguru horretan, Egibarrek nabarmendu du ezker abertzalea “umezurtz” dagoela “proiektu politiko baten bila”. “Bilduk gu ordezkatzeko eta imitatzeko daukan grinak garbi erakusten du EAJk asmatu egin duela bere estrategia politiko eta sozialean”.

Egibarrek nabarmendu du datozen hauteskundeak “aukera bat” direla EAJk herria “indartzeko” eskaintzen duen proiektu hori sendotzen jarraitzeko, dela zutabe “sozio-politikoan”, dela “zutabe politikoan”. “Erreferentzia” gara Europan, gizabanakoen “eskubide sozialei” dakoienez, nahiz “politika ekonomikoen” alorrean. “Baina herri honek politikoki hazten jarraitu behar du, baita ere, eta horretarako behar ditugu tresnak arazoak konpontzeko aukera emango digutenak eta gure geroaren jabe izateko aukera emango digutenak”, azaldu du.

“Lehia estua”
Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaiak, Markel Olanok, behin berriro ere datozen Udal eta Foru Hauteskundeen “berebiziko garrantzia” azpimarratu du eta gogorarazi du herritarrek aukeratu beharko dutela “desegonkortasunera itzultzea” ezker abertzalearen eskutik ala EAJ-PNVk eskaintzen duen “egonkortasunetik aurrera” egiten jarraitzea. “Iraganera bueltatu ala etorkizunerantz pausoak ematen jarraitu”, kontrajarri du Olanok, zeinek aurreikusten duen “oso lehia estua” Gipuzkoan, lurraldearen etorkizunerako “erabakigarriak” izango diren hauteskunde hauetan.

“Asko daukagu jokoan, Gipuzkoak asko du jokoan, berebiziko aukera dugulako gure lurraldea sozial eta ekonomikoki sendotzen jarraitzeko”, ohartarazi du. Olanok animatu ditu bertan elkartutako guztiak “azken sprintera arte” lanean jarraitzera. “Amaierara arte oso lehia estua izango da”, berretsi du, ezker abertzalea eta EAJ-PNVren artean hauteskundeak irabazteko lehiaz ari dela. Atletismoarekin eta arraun munduarekin konparatuz, adierazi du garaipenak “askotan, distantzia handiez ari garenean ere, azken metroetan eta paladetan” erabakitzen direla. “Azkeneko ahalegin bat eskatzen dizuet, boto bakoitzak izugarrizko balioa duelako, gizarterako oso baliotsua delako, ezinbestekoa delako Gipuzkoa sendo bat eraikitzen jarraitzeko”, osatu du.

EAJ-PNVren proiektuaren ezaugarrietan jarri du arreta Olanok ondoren, jeltzaleen eredua “argia, sendoa, eraginkorra eta etorkizunez betetakoa” dela adieraziz. Proiektu honi “bidea emateko” eskatu dio gizarteari, gisa horretan “gizartearekin lankidetza estuan” segitzeko, etorkizuneko sektore ekonomikoen aldeko apustua eginez, “lanpostu gehiago eta kalitate hobeagokoa” bultzatuz eta egitasmo sozial berritzaileak sustatuz “desberdinkeria murriztu dadin”. “Horren guztiaren lekuko nagusia da azken lau urteotan egindako lana; Gipuzkoa paralisitik eta ataskotik atera dugu, lurraldeko azpiegiturak modernizatu ditugu eta ekonomia eta gizarte politikei lehentasuna eman diegu”.

Donostiak aurrera egiten jarraitu dezan
Bestalde, Donostiako alkate eta alkategai Eneko Goiak adierazi du azken hilabeteotan, eta azken hamabost egunetan baita ere Donostiako auzoetan euren hiri-eredua aurkezten egon direla. Eta hiri-eredu horrek protagonista egiten ditu donostiarrak, hiria hazten eta aurrera egiten jarrai dezan. Ildo beretik, Goiak honakoa azpimarratu du: “Akordioa eta elkar-ulertzearen bidez aurrera egingo du Donostiak. Eta horri esker, egonkortasuna eta proiektu asko martxan jartzea lortuko da. Eta horrela egiten jarraituko dugu, hiriak beste liga batean egoteko jauzia eman dezan”.

Era berean, Donostiako alkate berriro izateko hautagaiak bere eredua, hain zuzen ere, elkarrizketa eta lankidetza sustatzen duen eredua, eta Ezker Abertzalearen eredua, hain zuzen ere, iraganera begiratzen duen eredua, alderatu ditu, eta segidakoa gogoratu du: “Hauteskunde hauetan arriskua dago eman diren aurrerapauso guztietan atzera egiteko. Hortaz, donostiar guztioi eskatu nahi dizuet igandean hautes-ontziak ilusioz betetzeko eta zuen konfiantza emateko, izan ere, ez dizuegu hutsik egingo”.
Azkenik, Eneko Goiak esan du, bere taldeak Donostia eta donostiarrekiko erabateko konpromisoa duela: “Donostiarako gure egitasmoa modu zentzudunean eginda dago, bihotzarekin eginda dago. Eta helburua da, hiria zorrotz eta konfiantzaz kudeatzen jarraitzea, hain zuzen ere, azken lau urte hauetan egin dugun bezala”.

Prozesu parte hartzailea proposatu du EAJ-PNVk, GI-2632 Zumarragan “birpentsatzeko”

ZUMARRAGA. EAJ-PNVren Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagai den Markel Olanok Zumarragatik igarotzen den GI-2632 errepidea “birpentsatzearen” aldeko apustua egin du gaur, Deskargako autobide berria ireki ostean aldatu egin baita bere funtzioa. “Errepide honek bitan zatitzen du Zumarraga, eta kontu honi irtenbidea eman behar diogu. EAJ-PNVtik, prest gaude Udalarekin elkarlanean hasteko, gai hau funtsezkoa baita Zumarragak aurrera egin dezan”, aldeztu du. Horretarako, alderdi jeltzaleak prozesu parte hartzailea martxan jartzearen alde egin du.
Olanok Urola Garaiko udalerria bisitatu du gaur goizean, bertako alkategai jeltzale den Josu Idigorasekin batera, eta gertutik ezagutu du errepidearen egoera. EAJ-PNVren Zumarragako Alkatetzarako hautagaiak esan duenez, kontu hau herriak dituen arazo nagusien artean dago, garapen ekonomikoa eta aparkaleku faltarekin batera. “Goialdeko auzoen eta herrigunearen arteko lotura bermatu behar dugu. Horretarako, prozesu parte hartzailea jarri nahi dugu martxan, denon artean GI-2632 errepidearen gaiari nola heldu erabaki eta Zumarragako bizilagun guztien irisgarritasuna bermatzeko”, aldeztu du.

Gipuzkoarentzako estrategia industriala duen alderdi bakarra EAJ-PNV dela esan du Olanok

BERGARA. Diputatu nagusi izateko hautagai den Markel Olano Bergaran izan da gaur, ekitaldi politiko batetan. Mitinaren aurretik, homenaldia egin zaie, historian zehar EAJ-PNVren zinegotzi izan diren bergararrei. Olanok, bere hitzaldian, EAJ-PNVren alde ekonomian jarri du azpimarra, Aldundiak legealdi honetan garatutako estrategia industriala nabarmenduz. Esan duenez, egiteko modu honi esker Gipuzkoa sendotu egin da. Honela, azpimarratu du EAJ-PNV dela “estrategia industriala duen aukera politiko bakarra”. “Estrategia hori da gure seme-alaben etorkizuna bermatu dezakeen bakarra. Ondorioz, datorren igandean etorkizunaren edota iraganera itzultzearen artean aukeratu beharko dugu”, adierazi du.
Iraganaren ideia honetan sakonduz, hautagai jeltzaleak esan du “kudeaketa txarrak” eta “inposizioak” aurreko legealdiaren bereizgarriak izan zirela, ezker abertzaleak lurraldeko erakunde nagusiak gobernatu zituenean. “Etengabeko liskarra genuen duela lau urte bai Gipuzkoan zein Bergaran, eta Seminarioa edota hondakinen kudeaketa ditugu honen adibiderik onena”, gogoratu du. Egoera hau azken lau urtekoarekin alderatu du gero Olanok, “aldaketaren eta akordioaren legealdiarekin”. Honela, gogoratu du agintaldi honetan Bergarako autobidea bezalako proiektuak desblokeatu direla, edota krisi ekonomikoaren gordinena gainditzea lortu dela. “Gainera, akordioaren, elkarlanaren eta gizartearekiko konfiantzaren aldeko apustu irmoa egin dugu, eta Etorkizuna Eraikiz proiektua da honen adibiderik argiena”. Olanok azaldu du marko honetan lurraldearen etorkizunarentzako berebiziko garrantzia duten gaiak lantzen hasi direla, hala nola, zahartze osasuntsua, emakume eta gizonen arteko berdintasuna edota ekonomia berriaren oinarriak ezartzea.

“Gipuzkoak ezin du egonkortasuna eta aurrerabidea dituen etorkizuna arriskuan jarri”

DEBA. Diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagai den Markel Olanok gogoratu du gaur lurraldeak asko duela jokoan datorren maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetan eta, ohartarazi duenez, “Gipuzkoak ezin du egonkortasuna eta aurrerabidea dituen etorkizuna arriskuan jarri”. “Jokoan dagoena zera da: edo oraingo egonkortasun eta indarrarekin aurrera egiten jarraitu, edo atzera egin, iraganeko ezegonkortasunera eta kudeatzeko gaitasun faltara itzultzea. Gipuzkoak ezin du arrisku hori hartu”, nabarmendu du hautagai jeltzaleak.
Debako hautagaitza jeltzalearen aurkezpenean hartu du parte gaur Olanok, udalerri honetako Pasealeku Estalian egin dena. Iñigo Cambronero da EAJ-PNVren alkategaia, eta ekitaldira dozenaka alderdikide eta jarraitzaile hurbildu dira, inguruko herrietako hautagaiekin batera. Debako EAJ-PNVren hautagaitza honako pertsona hauek osatzen dute: Iñigo Cambronero alkategaia buru, zerrendan daude Eneritz Gomez, Miren Esnal, Joseba Andoni Aizpurua, Alazne Txurruka, Edurne Rodriguez, Iñaki Mandiola, Gaizka Azkoitia, Ariadna Veliz, Mikel Lopez, Miren Josune Urain, Maria Teresa Iruretagoyena eta Cristobal Del Corte.
Diputatu nagusi izateko hautagaiak, bere hitzaldian, nabarmendu du Gipuzkoa “ikaragarri indartu dela” legealdi honetan. Alde batetik, esan du “elkarbizitza eta klima sozialak nabarmen egin dutela hobera”, batez ere lurraldeko erakundeek “gizartearekiko mesfidati izatetik entzuera pasa direlako”. Gainera, esan du indartu egin direla ongizate eredua eta gizarte kohesioa, ezberdintasunak murriztu egin baitira.
“Legealdi honetan, blokeo egoera batetik hasi eta Gipuzkoak bere modernizaziorako behar zituen proiektuak seriotasunez, eraginkortasunez eta zorroztasunez gauzatzera pasa gara”, azpimarratu du Olanok. Horrela, adibide bezala jarri du hondakinen kudeaketaren arazoa konpondu izana, edota Bizkaira bidaiatzen dutenentzat AP-8ko bidesarietan 75 euroko tarifa plana ahalbidetu duen akordioa. Debako tokiko aktualitatera etorrita, ibaiaren gaineko zubiaren erortzea bezalako arazo konplexu bati emandako “erantzun azkar eta eraginkorra” gogoratu du Olanok, gaiari irtenbidea eman eta bizilagun kaltetuei alternatibak eskaintzeko.

Etorkizuneko proiektua
Hautagai jeltzaleak, honenbestez, ondorioztatu du EAJ-PNVk duela lau urte gipuzkoarrei eman zien hitza bete duela. Deba bailarari aipamen eginez, gogoratu du egungo Aldundiak “lehentasun osoa” eman diola industriari, bereziki Debabarrenan presentzia nabarmena duen makina-erremintaren sektoreari. Gainera, gogoratu du lau urte hauetan “zor historikoa” kitatu dela Deba eta Mutrikurekin, bi udalerriak lotzen dituen errepidea hobetzeko obren hasierarekin.
“Gainera, aurrera begira, EAJ-PNV etorkizuneko proiektua du Gipuzkoarentzako, guztion artean lurralde indartsuagoa eraikitzen jarraitzeko”, aldeztu du. Diputatu nagusi izateko hautagaiak azpimarratu du lurraldea prestatzeko garaia dela, “hurrengo belaunaldiek ere bizi kalitate ona izan dezaten”. Estrategia horren adibide bezala jarri ditu legealdi honetan egin diren apustu estrategikoak, etorkizuneko gaietan erreferentziazko zentroak martxan jarri, esaterako, elektromugikortasun, zahartze osasuntsu edota zibersegurtasunaren esparurruetan. “Gizartea entzuten eta konfiantza adierazten jarraitzea eskaintzen du EAJ-PNV; zorroztasunez eta segurtasunarekin proiektuak gauzatzen jarraitzea; ekonomia eta ezberdintasunaren aurkako borrokari lehentasun osoa ematen jarratzea. Gipuzkoa indartsuagoa eraikitzen jarraitzea eskaintzen dugu”, nabarmendu du.

Deba indartsua
Bere aldetik, Debako alkategai jeltzalea den Iñigo Cambronerok Udalak legealdi honetan egin duen lana nabarmendu du, bera zinegotzi izan baita. Azaldu duenez, honen ondorioz erabaki du aurrerapausoa eman eta EAJ-PNVren hautagaitzaren buru jartzearen erronkari eustea. “Lau urte hauetan egin dugun lana eta bizi izan dudan guztiak sortu dizkit EAJ-PNVren Debako proiektuaren buru jartzeko behar nituen gogo eta ilusioa”, adierazi du.
Horrela, Cambronerok gogoratu du duela lau urte debarrek aldaketaren alde egin zutela eta, lau urte hauetan, “transformazio horretan aurrerapausoak eman ditugu”. Hala ere, esan du “bidea hasi besterik ez dela egin” eta, ondorioz, EAJ-PNVren proiektuari bidea emateko eskatu du, Deba transformatzen jarraitzeko. “Gure herriak gobernu indartsua eta gai dena merezi du, hobekuntza sozialak eta garapen ekonomikoa oinarri dituen herriaren transformazioaren lidergoa hartu eta gauzatzen dakiena”, azaldu du.
Maiatzaren 26ko hitzorduari begira jarrita, esan du Debako herritarrek euren buruari egin behar dioten galdera honakoa dela: “edo EAJ-PNVrekin aurrera egiten eta etorkizunari begiratzen jarraitu, edota berriro ere iraganean katigatu”. “Guretzako erantzuna oso argia da, Debak EAJ-PNVren aldeko apustuarekin jarraitu behar du”, defendatu du. Cambronerok adierazi duenez, bere hautagaitzak Udala eraginkortasunez kudeatzen jarraitzeko “proiektuak, ideiak, ilusioa eta gaitasunak” ditu, “Deba berriro ere eskualdearentzako estrategikoa izan dadin, gure herriaren garapenari ekarpenari egingo dioten inbertsioak lortuz”. “Zuen babesarekin eta talde honekin, denon artean, aurrera egitea lortu eta etorkizuneko Deba eraikiko dugu”, amaitu du.

“Herritarrek aukeratu egin behar dute: geldialdira eta liskar amaigabeetara itzuli, ala EAJ-PNVrekin elkar-ulertzetik aurrera egin”

AZPEITIA. Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagai den Markel Olanok datorren maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen garrantzian jarri du azpimarra, eta herritarrei gogorazi die bi aukera dituztela: “Aukeratu egin behar dute, edo geldialdira eta liskar amaigabeetara itzuli, edo EAJ-PNVrekin elkar-ulertzetik aurrera egin”. Ideia honetan sakonduz, azaldu du jokoan dagoena dela “gatazka soziala ezaugarri zuten garaitera itzuli” edota “etorkizunera egin, herritarrak entzuten dituzten, ekonomia lehenesten duten eta era egokian kudeatuta dauden erakundeekin”.
Olanok gaur Azpeitian egin den mitin politikoan hartu du parte. Ekitaldi berean hartu dute hitza, baita ere, EAJ-PNVren Gipuzko Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrek; Europako Legebiltzarrerako hautagai den Izaskun Bilbaok; eta Azpeitiko alkategai den Amaia Etxeberriak. Mitinean eskualdeko dozenaka alderdikide eta EAJ-PNVren jarraitzaile elkartu dira, tartean datozen hauteskundetan alderdi jeltzalea ordezkatu duten hainbat hautagai.
Bere hitzaldian, Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaik esan du Gipuzkoa orain duela lau urte baino “sendoago” dagoela alor sozial eta ekonomikoetan, baina batez ere elkarbizitzaren esparrua azpimarratuz. “Elkarbizitzak nabarmen egin du hobera, alde batetik, indarkeriaren zikloa gainditzea lortu dugulako; baina, bestetik, atzean utzi digulako aurreko legealdian Gipuzkoaren ezaugarri izan zen polemika, etengabeko eztabaida eta liskar giroa”, adierazi du Olanok.
Honela, hautagai jeltzaleak Aldundian, EAJ-PNVren eskutik, eman den politika egiteko estilo aldaketari egotzi dio hobekuntza hau. “Gurea eredu ezberdina da, aurreratuagoa, gizarteari era aktiboan entzutea eta denontzako gobernatzea ezaugarri dituena”, nabarmendu du. Elementu honekin batera, Olanok beste bi aldaketetan ere jarri du azpimarra: “Alde batetik, lehentasun osoa eman diogu ekonomiari. Hau da, gure enpresen alde egin du, euren lehiakortasuna hobetzearen alde, kalitatez enplegua sortu eta gizarte ezberdintasunak murriztearen alde. Bestetik, gurea kudeatzeko era eraginkorra da, arduratsua eta zorrotza, eta lau urte hauetan berriro ere demostratu dugu”, adierazi du.

Euskal izarra Europan
Egibarrek, bere hitzaldian, EAJ-PNV eta ezker abertzalearen ibilbideak konparatu ditu berriro ere: “Orain diote ez dela horretaz hitz egin behar, ezker abertzalearekin sartzen naizela PPren botoak lortzeko… Hori dena baino askoz serioagoa da hau guztia”. Honela, arduradun jeltzaleak esan du alderdiak 1977an hartu zuen erabakia, “bide demokratiko eta politikoak bakarrik erabiltzearena”, erabaki “estrategikoa” izan zela. “Besteek beste bide batzuk hartu zituzten, eta orain gutxi arte horretan ibili dira. Horregatik, orain normala da herri honi azalpen bat edo beste zor izatea. Zeren eta, estrategia horretan, zeuden tokitik bide demokratikoetara pasatzea ez da zapata aldaketa soil bat”, aldeztu du.
Europara begira jarrita, Egibar esan du Europa eraiki nahi bada, “estatuak sortu aurretik europar orubean geunden herri eta nazioek gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukagu, eta kontinenteko errealitatean nola txertatzen aztertzeko. “Herri honek berei izarra izan dezan gainerako estatu eta nazioarekin batera, eta euskal orubean Herri hau eraikitzeko eskubidea daukagulako”, gehitu du. Honela, EAJ-PNVren “lidergo argi baten” alde egin du bai Gipuzkoan, Markel Olanorekin; bai Azpeitin, Amaia Etxeberriarekin; bai eskualdez eskualde; eta baita Europan ere, Izaskun Bilbaorekin. “Indartsuak gara taldean lan egiten, eta horregatik eskatzen dugu gure proiekturi bide emateko”, amaitu du.

Uriaren oroitzapena
Bere aldetik, Izaskun Bilbao europarlamentariak Inaxio Uria gogoratuz hasi du bere hitzaldia. Bere aldeko txaloak eskatu ditu, “ekintzailea izateagatik, Euskadi Europarekin lotzeagatik eta garraiobide garbiagoak sustatzeagatik galdu genuen pertsona. Eta, hau guztia, enplegua sortzen zuen bitartean”. Gertaera honek, Bilbaoren ustetan, ze pentsatua eman behar lieke honela kausa bat defendatzea edota Herria eraikitzea posible zela uste zutenei.
Ondoren, Gipuzkoaren espiritu berritzailean jarri du azpimarra, ezagutzan oinarritutako Europako garapen ereduarekin duen loturagatik, eta baita lurraldeak duen bokazio sozialean ere. Horretarako hainbat adibide erabili ditu, duela 30 urte hasi zen epe luzeko politika bati lotu dituenak. Gogoratu duenez, EAJ-PNVk gidatu zuen prozesu hura, eta denen lanari esker irten zen aurrera. “Hori da kanpotik ikusten den errealitatea eta Europan Euskadiren, bere erakundeen eta EAJ-PNVren izen ona hobetu duena”, azaldu du.
Amaitzeko, esan du argi geratu behar duela zer dagoen aurrez aurre hauteskunde hauetan: “EAJ-PNVren ereduak ideia modernoak ditu, garapen ekonomikoa eta soziala uztartzen ditu, eta ibilbide guztiz demokratikoa eta Europarekin lotura indartsuak dauzka. Beste txokoan, berriz, pentsatzeko eta egiteko bestelako moduak dituzte. Ia, ez, baina, ez dakit, ez dut uste, horrela edo batez eta nik esaten dudalako esaten dutenak dira. Zalantzak eta konplexuak dituztenak. Beraien ibilbideari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu beharrezkoa dela gutxienez azalpen bat eta, sinesgarriak izateko, barkamena eskatzea. Hau iraintzat har dezaketen bakarrak kontzientzia guztiz garbi ez daukatenak dira”, itxi du.

Azpeitia berpiztu
Azkenik, Azpeitiko alkategai den Amaia Etxeberriak esan du herriak “bultzada berritzaile eta eraginkorra” behar duela, azken urtetan bizi izan duen geldialdia gainditzeko. “Indarra eta lan egiteko gogoa Azpeitiaren ezaugarriak dira. Iraganean, egon zen garai bat non Udalak, EAJ-PNVrekin, asmatu zuen energia hori guztia kanalizatu eta Azpeitia alor askotan eredugarri izan zedin lortzen”, azaldu du. Hala ere, Etxeberriaren ustetan, azkenaldian udalerria “geldo” dago, eta ez du lortzen aurrera egiterik.
Bere ustetan, egoera honen erantzulea da EH Bildu, aurreko udal Gobernuen “errentetatik bizitzen egon delako”. Orain, ordea, “errenten poltsa hori hustu denean, gaur egungo udal Gobernuaren ezintasuna agerian geratu da”. Honela, esan du bera buru den hautagaitzak programa “sendoa” aurkezten duela, hortik hasita berriro ere “indartsua” izango den Azpeitia eraikitzeko. Industria, gizarte justizia, pertsona erdigunean jartzen duen hirigintza politika, elkarbizitza eta kultura dira Etxeberriak aldeztu dituen bost apustu nagusiak, horietatik hasita “Azpeitiak berriro ere galduena berreskuratu dezan”.

“EAJ-PNVren eskutik, lau urte hauetan nabarmen egin du hobera bizikidetzak Gipuzkoan”

Tolosaldeako hautagaitzen aurkezpenan hartu du parte gaur Markel Olanok eta, bertan, esan du datozen foru eta udal hauteskundetan herritarrek politika egiteko “bi estiloren” artean aukeratu behar dutela, “ezker abertzalearena edo gurea”. Hautagai jeltzaleak Tolosa jarri du adibide bezala, lurraldean duela lau urte bizi zen giroa eta gaur egungo egoera alderatuz: “Nola aldatu den herriko giroa, nola aldatu den Udalaren papera, nola aldatu den bizikidetza… Tolosa Gipuzkoan gertatu denaren adibidea da”, esan du Olanok. “Herritarrek orain aukeratu beharra daukate, edo iraganera itzuli, edo etorkizuna jo. Eta oso argi daukat etorkizuna EAJ-PNV dela”, esan du.
Hala ere, Olanok adierazi du lan asko dagoela egiteko maiatzaren 26aren aurretik, “gure mezua herritar guztiengana iristeko”. “Azken hauteskundeetan, Senatu eta Kongresukoetan, herritarrak mobilizatzeko modua egon zen, eta orain berriro ere mobilizazio maila bera lortu behar dugu. Hori lortzen badugu, herritarrek ezagutzarekin eta ziur daudelako bozkatzea lortzen badugu, gure lana ondo egin dugunaren adierazle izango da”, esan du. Olanok azaldu duenez, kanpainan zehar argudioak ematen jarraituko dugu, gogoratuz “jokoan dagoena Tolosa, Tolosaldea edota Gipuzkoa osoak aukeratu behar dutena dela edo iraganera itzuli edo aurrea egin, etorkizunera”.

“Errespetua, entzute aktiboa eta ulertzeko gaitasuna dira gure kudeaketa ereduaren ikurrak”

Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagai den Markel Olanok alderdiaren Legazpiko hautagaitzaren aurkezpenean hartu du parte gaur, Koldobike Oleaga delarik alkategaia. Bertan, EAJ-PNVren eredua defendatu du Olanok: “Gure eredua gizartearen ondoan egon eta berarekin lan egitea da gertutik, inor alboratu gabe, denentzako gobernatuz. Errespetua, entzute aktiboa eta ulertzeko gaitasuna dira gure nortasun ikurrak”, aldeztu du. Honela, adibide bezala hainbat proiektu aipatu ditu: Etorkizuna Eraikiz, lurraldearen etorkizuna eraikitzeko ahaleginean 33.000 pertsona inplikatu dituena; Lurralde Garapenerako Laborategia, eskualde guztiak parte hartzen ari direna garapen ekonomiko orekatua bermatzeko; eta Elkar-Ekin egitasmoa, gizarte bazterkeriari aurre egiteko eragile guztiekin adostutako estrategia.
Era berean, gogoratu du EAJ-PNV dela Gipuzkoarentzako aukera politikorik egokiena. Gehitu duenez, alderdi hau da “ekonomiaren eta gure industriaren aldeko apustu garbia” egiten duen eragile bakarra, eta baita ere ezberdintasunak murrizteko proposamen zehatzak egiten dituen aukera bakarra. “Gipukoa indartu nahi dugu, guztiontzako ongizatezko etorkizuna eraikitzeko Gipuzkoa sendoa. Eta hau, elkarlanaren bitartez bakarrik lortu dezakegu, entzute aktiboa eta lankidetzan sakonduz”, esan du hautagai jeltzaleak. “Orain da jauzia emateko unea, indartzen jarraitzeko unea”, gehitu du, herritarrei eskatuz bidea emateko “gauzak egiteko modu berri honi”.

“Gipuzkoak konfrontazioko iraganaren eta adostasuneko etorkizunaren artean aukeratu behar du, ezker abertzalearen eta EAJ-PNVren artean”

BERGARA. “Datozen foru hauteskundetan, konfrontazioko iraganaren eta adostasuneko etorkizunaren artean aukeratu behar du Gipuzkoa, ezker abertzalea edo EAJ-PNV. Denok dakigu nolakoa izan dena iragana; etorkizuna, bere aldetik, herritarrengandik gertu egotea da, etengabeko harremana izatea, entzute aktiboa, elkarlana… etorkizuna EAJ-PNV baita”. Hala adierazi du gaur Markel Olano diputatu nagusi izateko hautagaiak, gaur eguerdian Bergaran egindako ekitaldi jendetsuan, zeinean Bergarako EAJ-PNVk, Elene Lete alkategaia buru, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako zerrenda ezagutzera eman duen. Munibe plazan egindako ekitaldian, herriko hautagaiekin batera, parte hartu du, baita ere, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak.
Olanok azaldu duenez, ordezkatzen duen alderdia da lurraldea kudeatzen jarraitzeko “aukerarik onena” eta “prestatuen dagoena”, “zeren horrela erakutsi baitugu azken legealdi honetan”. “Orain eta etorkizuna gara, Gipuzkoa sendotzen jarraitzeko eta guztiontzako ongizatezko etorkizuna eraikitzen jarraitzeko bermerik onena”, azaldu du.
Nabarmendu eta gero Gipuzkoa, 720.000 biztanle dituela, lurralde “langilea, solidarioa, berritzailea eta ekintzailea” dela, oroitarazi du aurreko legealdian gizarteari “bizkar eman zitzaiola”; legealdi honetan, berriz “gizartean konfiantza eduki eta entzun egin diogu. Eta hori jendeak onartu egiten digu”. Izan ere, “EAJ-PNVn proiektuei zehaztasunez eta seriotasunez heltzen diegu; eta horretaz ezin du alderdi guztiek hitz egin”. “Hain zuzen, demostratu dugu gure hitza betetzeaz gain, ongi kudeatzen dugula, arazoei konponbidea emanez, esaterako, hondakinen kudeaketan edo Deskargako autobidea martxan jarrita”, erantsi du Olanok, zeinaren ustez Deskarga bera den kudeaketa onaren “adibide paradigmatikoa”; baita azpimarratu ere Aintzane Oiarbide diputatuaren “lan bikaina Deskargan eta EH Bilduren porrota aurreko legealdian”.
Bestalde, Olanok azpimarratu du legealdi honetan lehentasuna eman diotela ekonomiari eta desberdinkeria gutxitzeari”. Nabarmendu eta gero Gipuzkoan langabezia %8raino jaitsi dela, esan du hala ere lanean “jarraitu behar dugula prekarietatearen aurka eta kalitatezko ;enpleguaren alde”. Eta hori, bere ustez, “ezin hobeto islatzen da Mondragon Korporazioaren misioan: kalitatezko enplegua sortzea”.
Era berean, dipatu nagusi izateko hautagaiak adierazi du “oso deigarri egin zaiola ikustea bakarrik EAJ-PNVk duela hizpide ekonomia, gure enpresen etorkizuna edo gizarte kohesioa; harrigarria da sindikatuak eta beren burua ezkertiartzat duten alderdiak isilik egotea. Bakarrik aho txikiarekin al dira ezkertiarrak?”. Gaineratu du EAJ-PNVren eredua da gizartean konfiantza izatea eta entzutea, elkarlanean aritzea, inor baztertu gabe; eta guztientzako gobernatzea, irainik edo errespetu faltarik gabe”. Horren harira, gogorarazi du iraganean konfrontazioko egoerak bizi izan baditugu ere, inork ez gaituela eszenategi horretan aurkituko, gure kultura politikoa juxtu kontrakoa delako, errespetuan, entzute aktiboan eta akordioan oinarrituta”.
Arlo sozialean, azaldu du Gipuzkoak gizarte kohesionatua duela eta, azken urteetan, desberdintasunak murriztea lortu duela. “Gero eta lurralde kohesionatu eta berdinagoa izatea nahi dugu, eta hori da EAJ-PNVren eredua hain zuzen”, nabarmendu du. Puntu honetan, Elkar-EKINen garrantzian jarri du azpimarra, legealdi honetan gizarte bazterkeriari aurre egiteko martxan jarri den ekimena. “Seguruenik, alderdi bezala martxan jarri dugun ekimen politik eta politikoki adierazgarrienetakoa da; berez uste dugu Elkar-EKIN Europa mailan aztertua izango dela”.
Dena den, Olanok azpimarratu badu ere Gipuzkoan desberdinkeria jaitsi egin dela (“GINI indizea puntu bat jaitsi da, 25,3ra, alegia, Noruegaren pare”), esan du oraindik ere 35.000 lagun daudela pobrezia egoeran edo arriskuan. “Eta hori da, hain zuzen, Elkar-EKIN Gizarteratze Planaren egitekoa, zeinari esker lortzen ari den urtero 1.000 pertsonak lana aurkitzea”.
Berriro diputatu nagusi izateko hautagaiak erantsi du Elkar-EKIN planaren bitartez, esperantza eta enplegu duina eman nahi diegula kolektibo ahulei, baita prekarietate egoeran bizi diren gazteei ere. Hau da, desberdinkeriari aurre egiteko ez dugu lema erraz eta superfizialik erabiltzen; guk, aldiz, ekintza zehatz eta efizienteak egiten ditugu”.
Laburtzeko, Olanok esan du hauteskundeetara aurkeztuko duen programa hiru ardatz nagusiren inguruan gorpuzten dela: “Gizarteari entzun eta konfiantza eman, seriotasunez eta zuzentasunez eutsi proiektuei eta “lehentasun osoa” ematea ekonomiari eta desberdintasunen aurkako borrokari. Horretaz ari gara, baita ere, Gipuzkoa sendoa nahi dugula esaten dugunean”
Joseba Egibarrek, berreiz, nabarmendu du herri batek, nazio batek, “herrigintza” behar duela, eta jakin “zertarako eta nola eraiki behar duen”. Eta gaineratu du azken hamarkadatan bi estrategiak “talka egin dutela”, baina gaur egun ezker abertzaleak jada ez duela bere burua abertzaletzat, ezker independistatzat baizik; eta hori Arnaldo Otegik berak esana da. Beraz, EH Bilduk jada ez du aberria aipatzen. EAJ-PNVn berriz, abertzaleak gara gauza guztien gainetik, abertzalea izatearen oinarria pertsona bera delako, bere giza eskubideekin, edozein gauzaren gainetik”.
“Guk proposatzen duguna da eredu bat non eskubideak eta baloreak uztartzen diren, elkarbizitzan oinarrituta”, nabarmendu du Egibarrek, zeinak, amaitzeko, EAJ-PNV-ren “konpromiso etiko, politiko eta demokratikoa” ahotan hartu dituen. Eta gogoratu du alderdi jeltzalea dela “ezaugarri horiek batzen dituen alderdi bakarra. Izan ere, ez PSEk ez ezker abertzaleak ezin dute hori bermatu. Ez gara nagusi, baina bai ardatz”, osatu du.

“Gipuzkoak iraganaren eta etorkizunaren artean aukeratu behar du, ezker abertzalearen eta EAJ-PNVren artean”

DONOSTIA. “Datozen foru hauteskundetan, iragana eta etorkizunaren artean aukeratu behar du Gipuzkoa, ezker abertzalea edo EAJ-PNV. Denok dakigu nolakoa izan dena iragana; etorkizuna, bere aldetik, herritarrengandik gertu egotea da, etengabeko harremana izatea, entzute aktiboa, elkarlana… etorkizuna EAJ-PNV da”. Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaia den Markel Olanok gaur azaldu duenez, ordezkatzen duen alderdia da lurraldea kudeatzen jarraitzeko “aukerarik onena” eta “prestatuen dagoena”, “horrela erakutsi baitugu azken legealdi honetan”. “Orain eta etorkizuna gara, Gipuzkoa sendotzen jarraitzeko eta guztiontzako ongizatezko etorkizuna eraikitzen jarraitzeko bermerik onena”, azaldu du.
EAJ-PNVk datozen hauteskundetarako dituen Gipuzkoarentzako proposamenen aurkezpenean hartu du parte gaur Olanok, Donostiako CIC biomaGUNEn egin den ekitaldia. Parte hartu du, baita ere, Donostiako alkategai jeltzale den Eneko Goiak. Ekitaldian datozen foru eta udal hauteskundetako EAJ-PNVren ehun hautagai eta erakunde eta politika arloko arduradunetik gora elkartu dira, eta alderdi jeltzaleak lurraldearentzako dituen proposamen nagusiak aurkezteko balio izan du.
Bere hitzaldian, EAJ-PNV datozen hauteskundetan dagoen aukerarik onena dela defendatu du, hainbat arrazoi direla eta: “Denentzako gobernantzen dugu, eta denak entzuten ditugu; kudeaketa eraginkor eta gardena egiten dugu; ekonomiari ematen diogu lehentasuna; ongizate politikak indartu eta gizarte desberdintasunak murrizteko bermea gara; Gipuzkoak behar dituen proiektu handiak aurrera eramaten dakigu; eta lurraldea prestatzen ari gara, etorkizunean berme guztiekin aurrera jarrai dezan”, esan du hautagai jeltzaleak, berriro ere ideia berdina azpimarratuz: “maiatzeko hitzorduan jokoan dagoena da gure ereduaren edo ezker abertzalearenaren artean aukeratzea”.
Horrela, Olanok adierazi du “oraingo Gipuzkoa duela lau urtekoa baino askoz indartsuagoa dela”, zuzentzen duen taldea Aldundira iritsi zenean. “Arduradun politikoen jarrera aldaketa egon da, eta ondorioz errealitatea aldatu da. EAJ-PNVk lurralde honi egin dion ekarpen inportanteena elkarlan eta giro aldaketa horiek dira”, nabarmendu du. Ideia honetan sakonduz, gehitu du ekonomia “nabarmen” hobetu dela, lurralde modernizatzeko behar diren proiektu nagusiak martxan edota amaitzetik gertu daudela eta gizarte kohesioa indartu dela, gizarte ezberdintasunak murriztea lortuz. “Eta hau dena elkarrizketaren bitartez egin du, gizarteari entzun eta ahotsa emanez. Alderatu aurrera egite hau, duela lau urte Gipuzkoak bizi zuen paralisiarekin”, esan du.
Arlo ekonomikoan murgilduz, Gipuzkoak bere arima industriala mantentzea garrantzitsua dela esan Olanok, bere ekonomiaren ardatz nagusia baita eta, ondorioz, lurraldeak duen ongizate mailaren euskarria ere badelako. Era berean, adierazi du kalitatezko enplegua dela gaur egun herritarrek duten kezka nagusietakoa. Eta, hain zuzen, bi kontu hauetan, ekonomiaren etorkizuna eta enpleguaren kalitatea, “EAJ-PNV da proposamen zehatzak egiten dituen eragile bakarra”, hautagai jeltzaleak esan duenez. Gainera, gehitu du bere alderdia eta Gipuzkoako Foru Aldundia etorkizuneko apustuak ere ari direla egiten elektromugikortasuna bezalako arloetan. “Une honetan, EAJ-PNV da Gipuzkoaren etorkizun ekonomikoa bermatzen duen alderdi politiko bakarra”, adierazi du.
Arlo sozialean, azaldu du Gipuzkoak gizarte kohesionatua duela eta, azken urteetan, desberdintasunak murriztea lortu duela. “Gero eta lurralde kohesionatu eta berdinagoa izatea nahi dugu, eta hori da EAJ-PNVren eredua hain zuzen”, nabarmendu du. Puntu honetan, Elkar-EKINen garrantzian jarri du azpimarra, legealdi honetan gizarte bazterkeriari aurre egiteko martxan jarri den ekimena. “Seguruenik, alderdi bezala martxan jarri dugun ekimen politik eta politikoki adierazgarrienetakoa da”. Esan duenez, proiektu honen bitartez, “populismoa eta xenofobiari aurre egiten ari gara”, eta ziur agertu da eredu honek “balioko duela, eta Europa mailan aztertua izango dela populismo xenofoboa geldiarazteko formula bezala”.

Hiru ardatz
Gainera, diputatu nagusi izateko hautagaiak aurreratu duenez, hauteskundetara aurkeztuko duen programa hiru ardatz nagusiren inguruan gorpuzten da: gizarteari entzun eta konfiantza eman, seriotasunez eta zuzentasunez eutsi proiektuei eta “lehentasun osoa” ematea ekonomiari eta desberdintasunen aurkako borrokari. Olanoren esanetan, Gipuzkoa lurralde dinamikoa eta “potentzial handia” dauka. Administrazio publikoen egitekoa, ondorioz, sormen eta energia iturri horren bidelagun izatea beharko luke. “Gure kanpainako leloa eman bidea da, eta lelo horrekin esaten ari garena zera da: enplegu gehiago eta hobeagoa lortzea, ezberdintasunak murriztea, gure etorkizuna eraiki eta bermatu eta herritarrek politikarekiko duten konfiantza berreskuratzeaz ari gara. Horretaz ari gara, baita ere, Gipuzkoa sendoa nahi dugula esaten dugunean”, esan du.
Bere aldetik, Donostiako alkate izateko EAJ-PNVren hautagai den Eneko Goia pozik agertu da, pasa den asteko Espainiako hauteskundetan izandako emaitza onak direla eta. Ondorioz, eskerrak eman dizkie herritarrei, EAJ-PNVri emandako babesa dela eta. “Azken hauteskunde horietako leloa izan da hemen, EAJ-PNV. Eta herritarrek esan digute baietz, hemen, aukerarik onena EAJ-PNV dela. Honenbestez, Madrilgo hauteskundetarako aukerarik onena garela ondorioztatu badugu, hemen ere berdina esan behar dugu”, adierazi du, mobilizaziora dei eginez.