Gipuzkoarentzako estrategia industriala duen alderdi bakarra EAJ-PNV dela esan du Olanok

BERGARA. Diputatu nagusi izateko hautagai den Markel Olano Bergaran izan da gaur, ekitaldi politiko batetan. Mitinaren aurretik, homenaldia egin zaie, historian zehar EAJ-PNVren zinegotzi izan diren bergararrei. Olanok, bere hitzaldian, EAJ-PNVren alde ekonomian jarri du azpimarra, Aldundiak legealdi honetan garatutako estrategia industriala nabarmenduz. Esan duenez, egiteko modu honi esker Gipuzkoa sendotu egin da. Honela, azpimarratu du EAJ-PNV dela “estrategia industriala duen aukera politiko bakarra”. “Estrategia hori da gure seme-alaben etorkizuna bermatu dezakeen bakarra. Ondorioz, datorren igandean etorkizunaren edota iraganera itzultzearen artean aukeratu beharko dugu”, adierazi du.
Iraganaren ideia honetan sakonduz, hautagai jeltzaleak esan du “kudeaketa txarrak” eta “inposizioak” aurreko legealdiaren bereizgarriak izan zirela, ezker abertzaleak lurraldeko erakunde nagusiak gobernatu zituenean. “Etengabeko liskarra genuen duela lau urte bai Gipuzkoan zein Bergaran, eta Seminarioa edota hondakinen kudeaketa ditugu honen adibiderik onena”, gogoratu du. Egoera hau azken lau urtekoarekin alderatu du gero Olanok, “aldaketaren eta akordioaren legealdiarekin”. Honela, gogoratu du agintaldi honetan Bergarako autobidea bezalako proiektuak desblokeatu direla, edota krisi ekonomikoaren gordinena gainditzea lortu dela. “Gainera, akordioaren, elkarlanaren eta gizartearekiko konfiantzaren aldeko apustu irmoa egin dugu, eta Etorkizuna Eraikiz proiektua da honen adibiderik argiena”. Olanok azaldu du marko honetan lurraldearen etorkizunarentzako berebiziko garrantzia duten gaiak lantzen hasi direla, hala nola, zahartze osasuntsua, emakume eta gizonen arteko berdintasuna edota ekonomia berriaren oinarriak ezartzea.