Arantzazulab

Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak, Arantzazulab-ek, gaur goizean egin du bere aurkezpen ekitaldia Arantzazun kokatuta dagoen Gandiaga Topagunean (Oñati). Arantzazu Gaur Fundazioko kideek -Gipuzkoako Foru Aldundia, Oñatiko Udala, MONDRAGON Korporazioa, Kutxa Fundazioa eta Arantzazuko Frantziskotar Probintzia- sustatuta sortu da laborategia, eta eraldaketa sozialera bideraturiko ikerketa, esperimentazioa eta sozializazioa egiten ditu lau eremu nagusi hauetan: trantsizio ekologikoa, lana, elkarbizitza eta ongizatea.

Bizi dugun eraldaketa sakoneko garaian herri bezala ditugun gizarte erronka konplexuei ikuspegi berriarekin aurre egiteko xedea du laborategiak.Agenda publikoaren eta etorkizuneko erronken inguruan hausnartzeko eta esperimentatzeko gunea izan nahi du Arantzazulab-ek. Euskal gizartearen beharrizanak ulertuta, herritarren inplikaziotik helduko die gizarte erronkei, eragile ezberdinen arteko elkarlanetik abiatuta. Eta hori etengabeko ikasketa aktiboa sustatuz egingo du, ikerketaren bitartez, dinamika berriekin esperimentatuz eta lortutako ezagutza dibulgatuz. “Herri proiektu” izaki, Arantzazulab-ek Euskal Herri osoari begiratzen dio, Gipuzkoan sortua den arren.

Arantzazuk Gipuzkoako gizartean eta, oro har, euskal gizartean izan duen garrantzia azpimarratzekoa da. Pandemiak azaleratu duen moduan, arazo eta desafio konplexuei komunitate gisa aurre egitea eskatzen du egungo munduak. Horretarako, ezinbestekoa da gizarte eta ekonomia ehun sendo bat, erakunde eta eragile sare indartsu eta dinamiko batekin eta, batez ere, herritar ahaldundu eta parte-hartzailez osatutako gizarte batekin. Arantzazulab-ek berebiziko ekarpena egingo du ikuspegi horretatik: Herri gisa dugun ezaugarrietako bat, gizarte aktibatu eta berdinzale hori, berritzen eta saretzen jarraitzeko tresna izango da. Arantzazuk betitik oinarri izan duen humanismo horretatik, izaera herrikoi horretatik, egin ere.