Foru Gobernuaren 2023ko aurrekontu proiektua

Gipuzkoako Foru gobernua Aldundiaren 2023ko aurrekontu proiektua aurkezten ari gara gaur eta bihar Batzar Nagusietan, erakundearen historiako zuzkidurarik altuena aurreikusten duena. Zehazki, foru erakundeak 1.129,4 milioi euroko aurrekontu propioa izango du, 2022an baino 87,6 milioi gehiago (+%8,41), eta izaera sozial eta inbertsore argia izango du. Proiektua hiru zutabe nagusitan oinarritzen da: arlo soziala, ekonomikoa eta iraunkortasunari lotutakoa. Bizi dugun ziurgabetasun sozial eta ekonomikoaren aurrean, konfiantzazko mezu bat helarazi nahi dugu: Aldundia eta Euskadiko erakunde guztiak prest gaude datorrenari neurri eta ekintza zehatzekin aurre egiteko, orain arte egin dugun bezala.

Azpimarragarria da aurrekontuak duen izaera soziala, 500 milioi euro baino gehiago bideratzen baititu alor horretara, aurrekaririk gabeko zuzkidura. Gainera, biztanleko inbertsioak ere 700 euroko muga gainditzen du, eta horrek, argi uzten du proposamenaren bokazio soziala. Ekonomia arloan, aurrekontuak inbertsiora bideratuta daude, izan ere, guztira 246,8 milioi bideratzen dira helburu horretara, 2022an baino 26,8 milioi gehiago (% 13,61eko igoera), aurrekontuaren hazkundearen gainetik. 2023an, aurrekontu hauekin, Gipuzkoak jauzi kualitatibo bat eman nahi du etorkizuneko ekonomia eraikitzeko.

Gure Lurra-Sembrando Furuturo 5

500 lagun baino gehiago elkartu dira gaur ‘Gure Lurra – Sembrando Futuro’ Kongresuaren bosgarren edizioan. Foru Aldundiak bultzatutako ekimena dugu, lehen sektorearen errealitatea herritarrengana hurbiltzeko eta Gipuzkoaren ongizaterako duen beharraz kontzientziatzeko. Baserritarrek, adituek, sektoreko eragileek, erakundeetako ordezkariek, ospe handiko adituek eta herritarrek baserritarren lanari eta etorkizun jasangarriago bat bilatzeko duten garrantziari buruzko gogoetak eta esperientziak partekatu dituzte. ‘Baserria, gure orekaren giltzarria’ izenburupean, Kongresuak lehen sektorearen eta elikadura sistemaren papera jorratu du, tokiko esparrutik klima aldaketa bezalako erronka globalari erantzuteko.

Gipuzkoako paisaia baserritarrek mendeetan zehar egindako zaintzaren eta lanaren emaitza da. Gaur egun, ingurumenarekiko kezkak eta klima-aldaketaren erronkak are gehiago behartzen gaituzte oreka bilatzera. Oreka horrek mendiaren eta naturaren gozamena bermatuko du, baina baita etorkizuneko belaunaldientzako kontserbazioa ere. Tokiko produktuak, kalitatezkoak eta osasungarriak kontsumitzearen eta produktu horien ekoizpen-ereduaren arteko oreka. Oreka horrek lagunduko digu klimaren inpaktuak murrizten eta gure nortasuna, garena, mantentzen eta babesten. Eta landa-eremuen eta hiriguneen artean ongizate eta bizi-kalitate maila bera sustatzen jarraitzera eraman behar gaitu, baita ere.

Lehen sektorea historikoki gure landa-ekonomiaren zutabe izan da, eta orain aldarrikatzen dugun oreka berde horren funtsezko zutabe bihurtu behar da momento honetan. Baserriaren goraldia praktika eta laborantza propioen eta inportatuen emaitza izan zen bezala, gaur egungo egoeran funtsezkoa da jarduera hau berrasmatzea eta jarraipena bermatzea. Talentua, prestakuntza eta ideia berriak dituzten pertsonak erakarri behar ditugu, sektorearen errealitate berrira egokituko direnak, etorkizuneko baserria betidanik ezagutu dugunaren oso bestelakoa izango baita.

Aldundiak esparru hori bultzatzeko politikekin duen konpromisoari eutsiko dio; izan ere, landa-garapenera eta natura-ingurunearen kudeaketa eta zaintzara bideratutako partidak 42 milioi inguru dira, Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Sailaren aurrekontuaren “ia herena”. “Konpromiso hori epe laburrean gauzatzen da, krisiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko laguntzetan, hala nola esnetarako eta haragitarako behien azpisektoreari, aurten 2 milioi baino gehiago baitira. Baina baita etorkizunari begira sektorearen oinarri berritzaileak ezarri nahi dituzten proiektuak lantzen ari gara aldi berean. Besteak beste, Gaztenek Berri programa aipatu du, 306 gazteri enpresa-proiektuak abian jartzeko aukera eman diena; Basotik Fundazioa, basoen kudeaketan “mugarria” ezarriko duena; eta baita, Etorkizuna Eraikizen esparruan, elikadura jasangarriaren edo baserriko jardueraren dibertsifikazio profesionalaren esparruan eragin nahi duten ekimenak ere.

Deutsche Schule ikastetxeak irabazi du fiskalitatea berritzeko ideien gazteen ideia lehiaketa

Donostiako Deutsche Schule San Alberto Magno ikastetxeak lortu du lehen saria Fiskalitatea Berritzeko Ideiak gazteei zuzendutako lehiaketan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak lurraldeko ikastetxeetan ematen duen zerga-hezkuntzako unitatearen esparruan antolatzen da lehiaketa hau. Proiektu irabazleak gazteenetan jartzen du arreta, eta maskota bat sortzea proposatzen du, zerga iruzurraren kontrako borroka eta TicketBAI ekimena ezagutarazteko. Bigarren saria hutsik geratu da, baina bi aipamen berezi banatu dira, bata sari nagusia irabazi duen ikastetxe bereko beste talde bati, eta bestea Irungo El Pilar ikastetxeari.

Sari banaketa gaur goizean egin da Donostian, Foru Jauregiaren beheko solairuan dagoen Etorkizuna Eraikiz Gunean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategiko nagusia da lurraldea Europa mailan desberdintasun-maila txikienak dituztenen artean kokatzea. Helburu hori lortzeko, administrazio publikoek jokatzen duten paperar oso garrantzitsua da, aberastasuna birbanatzeko rola betetzen baitute. Hau horrela izan ohi da gizarte aurreratu guztietan, eta hori da hain zuzen ere Gipuzkoan izan nahi duguna. Horretarako, administrazio publikoek baliabideak behar dituzte, errepideetako mantentze-lanak, gizarte-politikak edo suhiltzaileen zerbitzua bezalako esparruak finantzatu ahal izateko, adibide batzuk aipatzearren.

UPV-EHUren uda ikastaroak

Gaur eta bihar bitartean, irailaren 12 eta 13an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuak urtero antolatzen duen UPV-EHUren uda ikastaroa egingo da, SIISekin lankidetzan. Arreta inklusiboago eta pertsonarengan zentratuago baten inguruan hausnartzeko asmoz, sektoreko profesionalak eta gizarte-programetan parte hartu duten pertsonak izan dira Miramar Jauregian egiten ari diren saioetan protagonistak. Parte-hartzearen, autodeterminazioaren eta ahalduntzearen ikuspegitik, banakako esperientziak partekatu eta entzun ahal dira gizarteratze-prozesuetan murgilduta dauden edo egon diren pertsonen testigantzen bidez. Bihar, eskema berari jarraituz, indarkeria matxistaren alorreko profesionalek eta emakumeek hartuko dute hitza, eta euren esperientziak eta bizipenak partekatuko dira.

Oso garrantzitsua da lanean jarraitzea pertsonak, haien beharrak, eskaerak eta egoera zehatzak gizarte-politika guztien erdigunean jartzeko. Lurraldeko gizarte-sare osoa bazterketaren eremuan egiten ari den ahalegina pertsonalizazioaren, prebentzioaren, komunitatearen aktibazioaren, parte-hartzearen eta lan-eremuarekiko eta enplegagarritasunarekiko loturaren ardatzetan oinarritzen da. Arretaren kalitatea eta bizi-kalitatea pertsonen beharretan oinarritutako eredu baterantz bat egiten duten bi kontzeptu dira, haien autodeterminazioa eta ahalduntzea bermatuz.

Gizarte Politiketako departamentuak urtean 18.500 pertsona ingururi ematen die arreta, gizarteratzearen eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arretaren arloko zerbitzuen, baliabideen eta programen bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu nagusia desberdintasun sozialekin amaitzea da, eta Gipuzkoa Europako desberdintasun gutxien duen lurraldeetako bat izatea. Hori dela eta, Foru Aldundiak 2022-2026 aldirako Gizarte Inklusioko Plan berri bat du abian, baita Elkar-EKIN Lanean enplegagarritasun-estrategia ere, helburu bera partekatzen dutela: lurraldeak gizarteratzearen eta laneratzearen aldeko eta pertsona guztientzako aukera-berdintasunaren aldeko konpromiso kolektiboaren erakusgarri dira.

Gipuzkoak eredu soziala, propioa du, non pertsonei beren bizitza-prozesuetan laguntzeko beharrezko laguntzak ematen dizkiegun. Pertsonek bizi-proiektu hobe bat bilatzen hasten diren prozesuei eusteko sareak ehuntzen jarraitzeko gai izan behar dugu. Beraz, gizarte-berrikuntzak, ebaluazio-sistemak indartzeak eta gizarteratzearen arloko paradigma eta eredu berriak birpentsatzeak protagonismo handia hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren egunerokoan.

MUBIL eraikitzeko lanak abiarazi dituzte Zubietan

MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroaren behin betiko egoitza eraikitzeko obrak Zubietako Eskuzaitzeta industrialdean abiarazi dituzte gaur. Aurrekontua, guztira, 14,2 milioi eurokoa da eta obrek 15 hilabeteko iraupena izango dute. Horrela, “Europa mailan teknologikoki punta-puntakoa” den azpiegitura eraikitzeko lanak hasi dira, euskal industriaren eraldaketa bultzatu eta Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun berriaren abangoardian kokatu nahi dituena.

Iazko otsailean Tolosan behin-behineko egoitza abian jarri ondoren, MUBIL erreferentziako zentroak beste urrats bat eman du lurraldean Mugikortasun Berriaren Polo bat sortzeko bidean. Polo horren lehen mugarria izango da, hain zuzen ere, Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroa Zubietan behin betiko kokatzea. Eraikin horretan hiru teknologia laborategi egongo dira, etorkizuneko ibilgailuetarako funtsezko osagaiak testatzeko –energia biltegiratzea, Power Train eta Hidrogenozko erregai pila–. Horri esker, lurraldeak azpiegitura teknologiko “diferentziala eta oso aurreratua” izango du arlo horretan.

Gipuzkoa gizarte inklusioaren alorrean murgiltzen da

Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022-2026 Gipuzkoako Gizarte Inklusioko II. Elkar-EKIN Plana aurkeztu du. Plan hori “fokalizatua, transbertsala eta orientatzailea” da, eta bere helburua da lurralde osoa inplikatzea gizarte desberdintasunen eta gizarte bazterketaren aurka lan egiteko. Plangintza horrek orientabideak, gomendioak eta gidalerroak jasotzen ditu, politika publiko eraginkorragoak eta pertsonekin konprometituagoak sor daitezen, ikuspegi pertsonalizatuago eta berritzaileago batetik abiatuta.

Planaren berritasunetako bat da, zalantzarik gabe, eguneroko bizitzaren hainbat dimentsio hartzen dituela kontuan, integrazio eta bazterketa prozesuetan funtsezkoak direnak, lurralde ikuspegiaz, zerbitzuen pertsonalizazioaz eta profilen eta premien estratifikazioaz gain. Eta zehaztu du planak ekintza zehatzak aurreikusten dituela, gaiarekin zerikusia duten entitateek beren gain hartuko dituzten konpromiso eta proiektu traktoreak jasotzeko. Gainera, planaren helburua da entitate sozialek eta erakunde publikoek Gipuzkoan gizarte inklusioaren alde duten konpromisoa bateratzea, aliantza baten bidez.

Lurraldeko 50 entitate sozial eta publikok baino gehiagok parte hartu dute gaurko aurkezpenean Orona Ideon, Hernanin, eta gizarte inklusioaren aldeko eta desberdintasunen aurkako konpromisoa berretsi dute. Aliantzak egin behar ditugu eta ahaleginak batu, plan honen bidez, guztion artean, pertsonen ongizatea bermatzeko, gizarte desberdintasunak murrizteko, eta jarduera integralak eta transbertsalak burutzeko, betiere gizarte inklusioari buruzko ikuspegi partekatu eta berritzaile batetik abiatuta. Plana jarduera zehatzetan fokalizatuta dago, non emakumeak eta gizonak indarguneak eta lehentasunak dituzten gizabanakotzat hartzen diren, baita premiak eta gabeziak dituztenak ere, eta beti arretaren erdigunean jarrita.

 

Aldundiak argi berdea eman dio Andoainen A-15 eta N-I arteko lotura hobetzeko proiektuari

Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri du Andoainen A-15 eta N-I-aren arteko lotura hobetzeko eraikitze proiektua idazteko tramitazioa. Gaur egun Gipuzkoako lurraldean dagoen eta trafiko gehien duen puntu korapilatsuena da Bazkardoko lotunea, eta obraren helburu nagusienak dira konexioaren segurtasuna areagotzea eta lotuneari gaitasun handiagoa ematea, auto ilarak ekiditeko eta arintzeko. Erronka handia izango da eraikuntza hau, hain zuzen ere N-Ietik egunero pasatzen diren 70.000 ibilgailu inguruko trafikoarekin bateratu beharko baitira lanak. Gaitasun handiko bi errepide horien arteko lotura hobetzeko obra Bidegi Foru Elkarteak egingo du eta 75 milioi inguruko aurrekontua eta 28 hilabeteko iraupena izango duela aurreikusten da.

Proiektu honetan emandako aurrerapauso sendo honekin, hain zuzen ere lurraldeko errepide sareko puntu garrantzitsuenetako batean hobekuntza nabarmen bat ekarriko du. Gipuzkoaren bide azpiegituretan eta mugikortasunean giltzarriak diren guneak hobetzen ari gara, trafikoaren segurtasunean eta erosotasunean bereziki eraginez eta lurralde orekaren ikuspegitik beharrezkoak diren lanak sustatuz. A-15 eta N-Iaren loturak berebiziko garrantzia du ikuspegi horretatik eta, pauso berri honekin, argi berdea ematen diogu gipuzkoar asko eta askorentzat eguneroko pasabidea den gune honi, haien joan-etorriak seguruagoak eta erosoagoak izan daitezen. Soluzioak garatzeko garaian, kontuan izan dira andoaindarren eskaerak eta, hein handi batean, proiektu berriak hobekuntza nabarmena ekarriko du trafikoak herriko zenbait puntutan sortzen duen zaratari dagokionez. Udalaren zein herritarren ekarpenak jaso eta kontuan izan ditugu eta horrek berak proiektua ontzen lagundu digu. Ingurumenaren ikuspegitik ere alternatiba jasangarriena da honako hau eta Aldundiarentzat garrantzitsua zen hori ere.

    

Errepideen digitalizazioan eta jasangarritasunean jauzi berri bat egitearen aldeko apustua

Astigarragako Garraio Zentro Integralak Europar Batasuneko errepideko garraioaren sektoreari buruzko jardunaldi bat hartuko du gaur asteazkena, martxoak 9, Europako erakundeetako arduradunen eta zerbitzuen, logistikaren eta azpiegituren sektoreko adituen parte-hartzearekin. Europar Batasuneko salgaien garraioaren errealitatea, beharrak eta etorkizuna kontrastatzea helburu izan du jardunaldiak. Gipuzkoa Europako kontinentearen eta Penintsularen arteko lotura logistikorako giltzarri den lurraldea da, eta, honenbestez, estrategikoa da lotune gisa azpiegitura sare moderno, digitalizatu eta jasangarria izatea. Honela, Garraio Zentroa irekitzearekin batera, Aldundiak lagundu egin nahi izan du ardatz atlantikoko garraio-azpiegitura hobetzen eta zaintzen, aparkaleku seguruak, babestuak eta Garraio Sistema Adimendunekin (ITS) konektatuak eskainiz.

Lurraldea, Gipuzkoa Living Lab proiektuaren bitartez, erabakitasunez heltzen ari zaiola mugikortasun eta garraio jasangarriaren etorkizuneko erronkari, errepideen digitalizazioarekin batera. Garai zailak bizi ditugu, ziurgabetasunez beteak, baita garraioaren sektore honentzat ere, pandemian zehar egiaztatu ahal izan dugunez. Mugikortasuna eta azpiegitura adimendun eta jasangarriagoak bultzatuz, sektore horri laguntzen ari gatzaizkio, eta Garraio Zentroa prozesu horretan guztian aurrerakoia da.


Jardunaldia Bidegi foru elkarteak antolatu du, Gipuzkoako Ganberaren, ESPORG kamioientzako aparkaleku seguruen Europako elkartearen eta Arup aholkularitzaren laguntzarekin. Astigarraga-Oiartzun Garraio Zentro Integrala bera eta haren balio erantsia aurkeztuko ditu sektoreko eragile eta enpresen aurrean. Halaber, topaketan Europako garraio-arduradunak, aparkalekuen Europako elkartea, errepideko garraiolarien Europako elkartea eta logistikaren sektoreko enpresak, garraioak eta Gipuzkoako sektoreko elkarteak izan dira.

Gipuzkoak eta Pirinio Atlantikoek harremanak sendotu dituzte mugaz gaindiko lehen partaidetzazko aurrekontuekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak beren lankidetza indartzea erabaki dute eta, horretarako, mugaz gaindiko lehen partaidetzazko aurrekontuak jarriko dituzte abian. Ekimen horretara 300.000 euro bideratuko dira guztira (150.000 euro erakunde bakoitzak), eta lehen mailako lankidetzazko mugarri bat da bi erakundeentzat, kontuan hartuta apustu irmoa egiten dutela topaketan, inklusioan eta lankidetzan oinarritutako Europa bat eraikitzearen alde.


Partaidetzazko aurrekontuen proiektua, zehazki, mugaz gaindiko ekimen eta proiektuen garapena bultzatzeko funts komun bat sortzean datza, alde bietako herritarren eta elkarte-sarearen proiektuetara bideratutako dirulaguntzak emanez, arreta berezia jarrita gazteengan. Zehaztu behar da erakunde bakoitzak egindako deialdi paraleloen batura izango dela deialdi bateratua. Deialdian jasotako herritarrentzako orientazioa bi unetan islatzen da: alde batetik, proiektuak aurkezteari dagokionez, eta, bestetik, proiektuak hautatzeko prozesuari dagokionez. Azken fasean, herritarrek erabakiko dute, beren botoekin, zer proiektuk jasoko duten azkenean eratutako funtsaren dirulaguntza.

Proiektua Etorkizuna Eraikiz foru programaren barruan kokatzen da, Aldundiak ekimen horretan sartu baitu Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluko agintariekiko mugaz gaindiko lankidetza, bere internazionalizazio lerroaren barruan. Izan ere, Etorkizuna Eraikiz programak dituen funtsezko ezaugarriak, hala nola lankidetzazko gobernantza bultzatzea, eragile ugari inplikatzea, eta esperimentazioa sustatzea, erabat zentzuzkoak dira mugarik gabeko Europa batean, non erakunde guztiak ari diren gobernantza modu berriak, antolaketa modu berriak eta lan egiteko eta harremanak izateko modu berriak bilatzen, betiere ingurune konplexu, global eta heterogeneo baten barruan..

Gipuzkoako Urrezo domina

Gurutze Gorriaren Donostiako Zentro Soziosanitarioko lantalde osoak Gipuzkoako Urrezko Domina jaso du gaur arratsaldean diputatu nagusiaren eskutik, bete-betean hezurmamitzen dituztelako gure lurraldearen baliorik nabarmenenak, elkartasuna eta elkarlana. Pandemiaren hasierako hilabeterik gogorrenetan, beren konpromisoa, profesionaltasuna eta eskuzabaltasunaren bitartez, COVID-19aren aurrean pertsona zaurgarrienak babesteko eta zaharren egoitzetan birusaren zabalkundea mugatzeko berebiziko ekarpena egin zutelako.

COVID-19aren arretarako zentro erreferente hau aitzindaria izan zen Estatuan. Zuen lan eta determinazioari esker, gaixotasuna bertan pasa zuten guztien duintasuna babestu zenuten. Horrekin bat, gaitzaren hedatzea mugatu zenuten egoitzetan eta osasun zerbitzuek gain hartu ez zezaten lagundu zenuten. Bizitzak salbatu zenituzten eta pandemiari elkarlanean erantzuteko bide bat markatu zenuten”. Gipuzkoako gizarte osoarentzat eredu zarete, gizartearen zimendu, egungo krisialdian iparrorratz, etorkizunean izan nahi dugunaren isla.