Foru Gobernuaren 2023ko aurrekontu proiektua

Gipuzkoako Foru gobernua Aldundiaren 2023ko aurrekontu proiektua aurkezten ari gara gaur eta bihar Batzar Nagusietan, erakundearen historiako zuzkidurarik altuena aurreikusten duena. Zehazki, foru erakundeak 1.129,4 milioi euroko aurrekontu propioa izango du, 2022an baino 87,6 milioi gehiago (+%8,41), eta izaera sozial eta inbertsore argia izango du. Proiektua hiru zutabe nagusitan oinarritzen da: arlo soziala, ekonomikoa eta iraunkortasunari lotutakoa. Bizi dugun ziurgabetasun sozial eta ekonomikoaren aurrean, konfiantzazko mezu bat helarazi nahi dugu: Aldundia eta Euskadiko erakunde guztiak prest gaude datorrenari neurri eta ekintza zehatzekin aurre egiteko, orain arte egin dugun bezala.

Azpimarragarria da aurrekontuak duen izaera soziala, 500 milioi euro baino gehiago bideratzen baititu alor horretara, aurrekaririk gabeko zuzkidura. Gainera, biztanleko inbertsioak ere 700 euroko muga gainditzen du, eta horrek, argi uzten du proposamenaren bokazio soziala. Ekonomia arloan, aurrekontuak inbertsiora bideratuta daude, izan ere, guztira 246,8 milioi bideratzen dira helburu horretara, 2022an baino 26,8 milioi gehiago (% 13,61eko igoera), aurrekontuaren hazkundearen gainetik. 2023an, aurrekontu hauekin, Gipuzkoak jauzi kualitatibo bat eman nahi du etorkizuneko ekonomia eraikitzeko.

Etorkizuna Eraikiz Plenarioa

Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikizen aldeko apustua egiten jarraituko du, lurraldearen oraingo eta etorkizuneko erronka handiei erantzuteko tresna nagusi gisa. Konpromiso horren ondorioz, foru aurrekontuek 51 milioi euro esleitu dizkiete Etorkizuna Eraikizi lotutako ekimenei; gehienak lurraldeko proiektu estrategikoak abian jartzeko eta funtzionatzeko dira (40,3 milioi). Gainera, Etorkizuna Eraikiz ekimenak bere etorkizuna bermatzen du, foru kontuek 93 milioi euro gordetzen baitituzte konpromiso kredituetan proiektu honi lotutako lan ildoetarako. Gipuzkoa eta mundua aurrekaririk gabeko eraldaketa prozesu baten aurrean daude, eta Etorkizuna Eraikiz da datozen aldaketa handiei aurrea hartzeko aukera emango digun tresna.

Etorkizuna Eraikizen Plenarioa elkartu du gaur, proiektuan parte hartzen duten eragile nagusiak biltzen dituen organoa, urtearen balantzea egiteko eta hurrengo urteko jarduera ildo nagusiak zehazten hasteko. Bilkura Loiolako Santutegiko Espiritualtasun Zentroan egin da, Azpeitian, eta bertan ehun bat pertsonak hartu dute parte. Besteak beste, bertan izan dira foru Gobernuko kideak, Olano bera buru zela; foru zuzendariak eta proiektu estrategikoak kudeatzeaz arduratzen diren fundazioetako zuzendariak; eta Etorkizuna Eraikizen parte hartzen duten unibertsitateetako ordezkariak; baita lurraldeko beste eragile ekonomiko eta sozial batzuetako ordezkariak ere.

Etorkizuna Eraikiz erabat finkatuta dago. Foru programak 11 proiektu eta estrategia ditu gaur egun (MUBIL, Adinberri, Naturklima, Ziur, Arantzazulab, Badalab, 2deo, LABe, Elkar-Ekin Lanean, Quantum eta Gantt), 26 proiektu esperimental ditu martxan, herritarren 140 proiektu bultzatu ditu, think tank indartsu bat du, non ibilbide profesional kontrastatutako 90 pertsonak parte hartzen duten eta dagoeneko 50.000 pertsona eta 50 eragile ekonomiko eta sozial baino gehiagok hartu dute parte antolatu dituen ekintza edo proiektu ezberdinetan.
Desberdinkeriaren aurka borrokatzea da oraindik ere Foru Aldundiaren helburu estrategiko nagusia, Europa mailan klaseko onenen artean egoten jarraitzeko. Ildo horretan, funtsezkotzat da Etorkizuna Eraikizek lantzen dituen erronkei eraginkortasunez erantzutea, hala nola aldaketa demografikoari, klima-aldaketaren mehatxuari, digitalizazioari edo trantsizio energetikoari. Gipuzkoari ez ezik, egungo mundu osoari eragiten dioten gai nagusiak dira, eta oraingoz ez dago horiei erantzuteko errezeta magikorik. Horregatik, aukera esparruetan dugun espezializazio maila hobetzeko eta erantzun berritzaileak proposatzeko aukera baten aurrean gaudela uste dut. Anbizioz jokatu nahi dugu, eta Etorkizuna Eraikiz da horretarako tresna.

Gure Lurra-Sembrando Furuturo 5

500 lagun baino gehiago elkartu dira gaur ‘Gure Lurra – Sembrando Futuro’ Kongresuaren bosgarren edizioan. Foru Aldundiak bultzatutako ekimena dugu, lehen sektorearen errealitatea herritarrengana hurbiltzeko eta Gipuzkoaren ongizaterako duen beharraz kontzientziatzeko. Baserritarrek, adituek, sektoreko eragileek, erakundeetako ordezkariek, ospe handiko adituek eta herritarrek baserritarren lanari eta etorkizun jasangarriago bat bilatzeko duten garrantziari buruzko gogoetak eta esperientziak partekatu dituzte. ‘Baserria, gure orekaren giltzarria’ izenburupean, Kongresuak lehen sektorearen eta elikadura sistemaren papera jorratu du, tokiko esparrutik klima aldaketa bezalako erronka globalari erantzuteko.

Gipuzkoako paisaia baserritarrek mendeetan zehar egindako zaintzaren eta lanaren emaitza da. Gaur egun, ingurumenarekiko kezkak eta klima-aldaketaren erronkak are gehiago behartzen gaituzte oreka bilatzera. Oreka horrek mendiaren eta naturaren gozamena bermatuko du, baina baita etorkizuneko belaunaldientzako kontserbazioa ere. Tokiko produktuak, kalitatezkoak eta osasungarriak kontsumitzearen eta produktu horien ekoizpen-ereduaren arteko oreka. Oreka horrek lagunduko digu klimaren inpaktuak murrizten eta gure nortasuna, garena, mantentzen eta babesten. Eta landa-eremuen eta hiriguneen artean ongizate eta bizi-kalitate maila bera sustatzen jarraitzera eraman behar gaitu, baita ere.

Lehen sektorea historikoki gure landa-ekonomiaren zutabe izan da, eta orain aldarrikatzen dugun oreka berde horren funtsezko zutabe bihurtu behar da momento honetan. Baserriaren goraldia praktika eta laborantza propioen eta inportatuen emaitza izan zen bezala, gaur egungo egoeran funtsezkoa da jarduera hau berrasmatzea eta jarraipena bermatzea. Talentua, prestakuntza eta ideia berriak dituzten pertsonak erakarri behar ditugu, sektorearen errealitate berrira egokituko direnak, etorkizuneko baserria betidanik ezagutu dugunaren oso bestelakoa izango baita.

Aldundiak esparru hori bultzatzeko politikekin duen konpromisoari eutsiko dio; izan ere, landa-garapenera eta natura-ingurunearen kudeaketa eta zaintzara bideratutako partidak 42 milioi inguru dira, Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Sailaren aurrekontuaren “ia herena”. “Konpromiso hori epe laburrean gauzatzen da, krisiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko laguntzetan, hala nola esnetarako eta haragitarako behien azpisektoreari, aurten 2 milioi baino gehiago baitira. Baina baita etorkizunari begira sektorearen oinarri berritzaileak ezarri nahi dituzten proiektuak lantzen ari gara aldi berean. Besteak beste, Gaztenek Berri programa aipatu du, 306 gazteri enpresa-proiektuak abian jartzeko aukera eman diena; Basotik Fundazioa, basoen kudeaketan “mugarria” ezarriko duena; eta baita, Etorkizuna Eraikizen esparruan, elikadura jasangarriaren edo baserriko jardueraren dibertsifikazio profesionalaren esparruan eragin nahi duten ekimenak ere.

ZIUR-ek industriaren zibersegurtasuna indartzeko hiru ekintza-ildo aurkeztu ditu

ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak datozen hilabeteetarako jarduera-esparru nagusiak aurkeztu ditu Gipuzkoa IndustrySec 2022 kongresuaren barruan. Ekitaldiak Gipuzkoako industria, zibersegurtasun-enpresak, mundu akademikoa eta lurraldeko zibersegurtasun-ekosistemako eragileak bildu ditu, zibersegurtasunaren arloko joera global handiak eta zibermehatxu horiei industria-ingurunetik ematen zaien erantzuna ezagutzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan duela lau urte sortu zenetik ZIURek izan duen bilakaerak, industria arloko enpresen zibersegurtasuneko gaitasunak indartzeko eta lurraldean sektore teknologikoaren garapena bultzatzeko gauzatutako jarduera nabarmentzea ahalbidetzen du.
Elkarlanaren funtsezko balioan jarri behar da azpimarra, dela Gipuzkoako industriaren lehiakortasunari eusteko, dela gaur egungo eraldaketa eta ziurgabetasun egoerari aurre egiteko. Esparru hau eredugarria da. Izan ere, zibersegurtasunaren alorrean, enpresa txiki eta ertainen, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta erakundeen arteko lankidetzan oinarritutako ekosistema indartzen ari da Gipuzkoan. Horrek bide egokia zein den erakusten digu, gure industria ekonomiaren gorabeheretatik babesteko, ekonomia indartsu eta lehiakorrari eusteko, ongizatea eta enplegua sortzen dituen ekonomia bat mantentzen jarraitzeko.

Deutsche Schule ikastetxeak irabazi du fiskalitatea berritzeko ideien gazteen ideia lehiaketa

Donostiako Deutsche Schule San Alberto Magno ikastetxeak lortu du lehen saria Fiskalitatea Berritzeko Ideiak gazteei zuzendutako lehiaketan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak lurraldeko ikastetxeetan ematen duen zerga-hezkuntzako unitatearen esparruan antolatzen da lehiaketa hau. Proiektu irabazleak gazteenetan jartzen du arreta, eta maskota bat sortzea proposatzen du, zerga iruzurraren kontrako borroka eta TicketBAI ekimena ezagutarazteko. Bigarren saria hutsik geratu da, baina bi aipamen berezi banatu dira, bata sari nagusia irabazi duen ikastetxe bereko beste talde bati, eta bestea Irungo El Pilar ikastetxeari.

Sari banaketa gaur goizean egin da Donostian, Foru Jauregiaren beheko solairuan dagoen Etorkizuna Eraikiz Gunean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategiko nagusia da lurraldea Europa mailan desberdintasun-maila txikienak dituztenen artean kokatzea. Helburu hori lortzeko, administrazio publikoek jokatzen duten paperar oso garrantzitsua da, aberastasuna birbanatzeko rola betetzen baitute. Hau horrela izan ohi da gizarte aurreratu guztietan, eta hori da hain zuzen ere Gipuzkoan izan nahi duguna. Horretarako, administrazio publikoek baliabideak behar dituzte, errepideetako mantentze-lanak, gizarte-politikak edo suhiltzaileen zerbitzua bezalako esparruak finantzatu ahal izateko, adibide batzuk aipatzearren.

UPV-EHUren uda ikastaroak

Gaur eta bihar bitartean, irailaren 12 eta 13an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuak urtero antolatzen duen UPV-EHUren uda ikastaroa egingo da, SIISekin lankidetzan. Arreta inklusiboago eta pertsonarengan zentratuago baten inguruan hausnartzeko asmoz, sektoreko profesionalak eta gizarte-programetan parte hartu duten pertsonak izan dira Miramar Jauregian egiten ari diren saioetan protagonistak. Parte-hartzearen, autodeterminazioaren eta ahalduntzearen ikuspegitik, banakako esperientziak partekatu eta entzun ahal dira gizarteratze-prozesuetan murgilduta dauden edo egon diren pertsonen testigantzen bidez. Bihar, eskema berari jarraituz, indarkeria matxistaren alorreko profesionalek eta emakumeek hartuko dute hitza, eta euren esperientziak eta bizipenak partekatuko dira.

Oso garrantzitsua da lanean jarraitzea pertsonak, haien beharrak, eskaerak eta egoera zehatzak gizarte-politika guztien erdigunean jartzeko. Lurraldeko gizarte-sare osoa bazterketaren eremuan egiten ari den ahalegina pertsonalizazioaren, prebentzioaren, komunitatearen aktibazioaren, parte-hartzearen eta lan-eremuarekiko eta enplegagarritasunarekiko loturaren ardatzetan oinarritzen da. Arretaren kalitatea eta bizi-kalitatea pertsonen beharretan oinarritutako eredu baterantz bat egiten duten bi kontzeptu dira, haien autodeterminazioa eta ahalduntzea bermatuz.

Gizarte Politiketako departamentuak urtean 18.500 pertsona ingururi ematen die arreta, gizarteratzearen eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arretaren arloko zerbitzuen, baliabideen eta programen bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu nagusia desberdintasun sozialekin amaitzea da, eta Gipuzkoa Europako desberdintasun gutxien duen lurraldeetako bat izatea. Hori dela eta, Foru Aldundiak 2022-2026 aldirako Gizarte Inklusioko Plan berri bat du abian, baita Elkar-EKIN Lanean enplegagarritasun-estrategia ere, helburu bera partekatzen dutela: lurraldeak gizarteratzearen eta laneratzearen aldeko eta pertsona guztientzako aukera-berdintasunaren aldeko konpromiso kolektiboaren erakusgarri dira.

Gipuzkoak eredu soziala, propioa du, non pertsonei beren bizitza-prozesuetan laguntzeko beharrezko laguntzak ematen dizkiegun. Pertsonek bizi-proiektu hobe bat bilatzen hasten diren prozesuei eusteko sareak ehuntzen jarraitzeko gai izan behar dugu. Beraz, gizarte-berrikuntzak, ebaluazio-sistemak indartzeak eta gizarteratzearen arloko paradigma eta eredu berriak birpentsatzeak protagonismo handia hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren egunerokoan.

Badalab

Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategiak proiektua aurkeztu du gaur Errenterian. Ezaugarri berritzaileak erakutsi ditu aurkezpenean bertan, besteak beste ekosistema indartsua eta egiteko molde ez-ohikoak. Europan ez dago antzekorik.

Sorrera beretik da berezia hizkuntza berrikuntzako laborategia. Etorkizuna Eraikiz ekimena bera baino lehenago abiatu zen gogoeta prozesu bat, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak sustatu zuena. Helburua zen euskara biziberritzeko erakunde publiko eta eragile sozialen artean biziberritze prozesua bera eraginkorrago bihurtzeko bidea aurkitzea. Ibilbide horrek topo egin zuen Etorkizuna Eraikizeko errei nagusiarekin, eta hor hizkuntza eta berrikuntza uztartuko zituen erreferentzia zentro bat kokatzeko aukera antzeman zen.

2018tik hona abian da laborategiaren helburuen eta diseinuaren inguruko gogoeta –Langunek, Elhuyarrek, Emunek eta Soziolinguistika Klusterrarekin gidatu dute, Aldundiarekin batera–, gainontzeko erakundeen eta euskalgintzako ordezkarien partaidetzarekin. 2020-2021 eratze lanetan eman ziren eta 2022an gorpuztu dira laborategiaren gida estrategikoa eta ekintza plana, hori kudeatuko duen lantaldea eta ekosistema, eta laborategia bere baitan hartuko duen espazio fisikoa, Errenteriako Madalen kalearen 27an.

MUBIL eraikitzeko lanak abiarazi dituzte Zubietan

MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroaren behin betiko egoitza eraikitzeko obrak Zubietako Eskuzaitzeta industrialdean abiarazi dituzte gaur. Aurrekontua, guztira, 14,2 milioi eurokoa da eta obrek 15 hilabeteko iraupena izango dute. Horrela, “Europa mailan teknologikoki punta-puntakoa” den azpiegitura eraikitzeko lanak hasi dira, euskal industriaren eraldaketa bultzatu eta Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun berriaren abangoardian kokatu nahi dituena.

Iazko otsailean Tolosan behin-behineko egoitza abian jarri ondoren, MUBIL erreferentziako zentroak beste urrats bat eman du lurraldean Mugikortasun Berriaren Polo bat sortzeko bidean. Polo horren lehen mugarria izango da, hain zuzen ere, Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroa Zubietan behin betiko kokatzea. Eraikin horretan hiru teknologia laborategi egongo dira, etorkizuneko ibilgailuetarako funtsezko osagaiak testatzeko –energia biltegiratzea, Power Train eta Hidrogenozko erregai pila–. Horri esker, lurraldeak azpiegitura teknologiko “diferentziala eta oso aurreratua” izango du arlo horretan.

Gipuzkoa gizarte inklusioaren alorrean murgiltzen da

Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022-2026 Gipuzkoako Gizarte Inklusioko II. Elkar-EKIN Plana aurkeztu du. Plan hori “fokalizatua, transbertsala eta orientatzailea” da, eta bere helburua da lurralde osoa inplikatzea gizarte desberdintasunen eta gizarte bazterketaren aurka lan egiteko. Plangintza horrek orientabideak, gomendioak eta gidalerroak jasotzen ditu, politika publiko eraginkorragoak eta pertsonekin konprometituagoak sor daitezen, ikuspegi pertsonalizatuago eta berritzaileago batetik abiatuta.

Planaren berritasunetako bat da, zalantzarik gabe, eguneroko bizitzaren hainbat dimentsio hartzen dituela kontuan, integrazio eta bazterketa prozesuetan funtsezkoak direnak, lurralde ikuspegiaz, zerbitzuen pertsonalizazioaz eta profilen eta premien estratifikazioaz gain. Eta zehaztu du planak ekintza zehatzak aurreikusten dituela, gaiarekin zerikusia duten entitateek beren gain hartuko dituzten konpromiso eta proiektu traktoreak jasotzeko. Gainera, planaren helburua da entitate sozialek eta erakunde publikoek Gipuzkoan gizarte inklusioaren alde duten konpromisoa bateratzea, aliantza baten bidez.

Lurraldeko 50 entitate sozial eta publikok baino gehiagok parte hartu dute gaurko aurkezpenean Orona Ideon, Hernanin, eta gizarte inklusioaren aldeko eta desberdintasunen aurkako konpromisoa berretsi dute. Aliantzak egin behar ditugu eta ahaleginak batu, plan honen bidez, guztion artean, pertsonen ongizatea bermatzeko, gizarte desberdintasunak murrizteko, eta jarduera integralak eta transbertsalak burutzeko, betiere gizarte inklusioari buruzko ikuspegi partekatu eta berritzaile batetik abiatuta. Plana jarduera zehatzetan fokalizatuta dago, non emakumeak eta gizonak indarguneak eta lehentasunak dituzten gizabanakotzat hartzen diren, baita premiak eta gabeziak dituztenak ere, eta beti arretaren erdigunean jarrita.

 

Gipuzkoak Adinberriren eraikuntza onartu du, 59 milioiko obren lizitazioarekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak argi berdea eman dio Adinberri zahartze osasungarrirako zentroaren eraikuntzari, arkitekturaren zein zerbitzuen diseinu orokorraren aldetik eraikin aitzindari horren obren lizitazioa onartu baitu Diputatuen Kontseiluak, guztira 59 milioi euroko balioarekin. Erabaki horrekin, Trintxerpen (Pasaia) gune berritzaile bat eraikitzeko bidea ireki da, zeinak honako hauek izango dituen instalazioen artean: adinekoen egoitza berritzaile bat, eguneko zentro bat, babespeko apartamentuak, zahartze osasuntsuari lotutako I+G unitate bat eta lurpeko aparkaleku bat. Multzo horrek bultzada indartsu bat emango dio Pasaialdearen biziberritzeari eta aurreikusten du zuzeneko eta zeharkako 400 lanpostu inguru sortuko dituela.

Aldundiak azken hamar urteotan funts propioekin egin duen inbertsiorik garrantzitsuena da gaur aurkeztutakoa eta azpiegitura horren izaera sozial eta aitzindaria nabarmena du, Gipuzkoako gizartearen zahartzearen erronkari erantzuten baitio, berrikuntzarako eta elkarlanerako espazio bat sortuz. Lurraldean garatzen ari den egoitza eredu berritik abiatuta eraikiko den belaunaldi berriko lehen zentroetako bat izango da Adinberri –bizikidetza-unitate txikiak, komunitatearekiko lotura eta etxeko giroa–, non adinekoek etxean bezala bizi direla sentitzen duten. Gainera, Adinberri fundazioaren berrikuntza-unitatea gune horretan integratzeak irtenbide berriak eta arreta-eredu berritzaileak frogatzeko balioko du, eta horiek, aldi berean, jarduera ekonomikoa eta lanpostuak sorraraziko dituzten berrikuntza sozial eta teknologikoak” eragingo dituzte.