Deutsche Schule ikastetxeak irabazi du fiskalitatea berritzeko ideien gazteen ideia lehiaketa

Donostiako Deutsche Schule San Alberto Magno ikastetxeak lortu du lehen saria Fiskalitatea Berritzeko Ideiak gazteei zuzendutako lehiaketan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak lurraldeko ikastetxeetan ematen duen zerga-hezkuntzako unitatearen esparruan antolatzen da lehiaketa hau. Proiektu irabazleak gazteenetan jartzen du arreta, eta maskota bat sortzea proposatzen du, zerga iruzurraren kontrako borroka eta TicketBAI ekimena ezagutarazteko. Bigarren saria hutsik geratu da, baina bi aipamen berezi banatu dira, bata sari nagusia irabazi duen ikastetxe bereko beste talde bati, eta bestea Irungo El Pilar ikastetxeari.

Sari banaketa gaur goizean egin da Donostian, Foru Jauregiaren beheko solairuan dagoen Etorkizuna Eraikiz Gunean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategiko nagusia da lurraldea Europa mailan desberdintasun-maila txikienak dituztenen artean kokatzea. Helburu hori lortzeko, administrazio publikoek jokatzen duten paperar oso garrantzitsua da, aberastasuna birbanatzeko rola betetzen baitute. Hau horrela izan ohi da gizarte aurreratu guztietan, eta hori da hain zuzen ere Gipuzkoan izan nahi duguna. Horretarako, administrazio publikoek baliabideak behar dituzte, errepideetako mantentze-lanak, gizarte-politikak edo suhiltzaileen zerbitzua bezalako esparruak finantzatu ahal izateko, adibide batzuk aipatzearren.