Etorkizuna Eraikiz Plenarioa

Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikizen aldeko apustua egiten jarraituko du, lurraldearen oraingo eta etorkizuneko erronka handiei erantzuteko tresna nagusi gisa. Konpromiso horren ondorioz, foru aurrekontuek 51 milioi euro esleitu dizkiete Etorkizuna Eraikizi lotutako ekimenei; gehienak lurraldeko proiektu estrategikoak abian jartzeko eta funtzionatzeko dira (40,3 milioi). Gainera, Etorkizuna Eraikiz ekimenak bere etorkizuna bermatzen du, foru kontuek 93 milioi euro gordetzen baitituzte konpromiso kredituetan proiektu honi lotutako lan ildoetarako. Gipuzkoa eta mundua aurrekaririk gabeko eraldaketa prozesu baten aurrean daude, eta Etorkizuna Eraikiz da datozen aldaketa handiei aurrea hartzeko aukera emango digun tresna.

Etorkizuna Eraikizen Plenarioa elkartu du gaur, proiektuan parte hartzen duten eragile nagusiak biltzen dituen organoa, urtearen balantzea egiteko eta hurrengo urteko jarduera ildo nagusiak zehazten hasteko. Bilkura Loiolako Santutegiko Espiritualtasun Zentroan egin da, Azpeitian, eta bertan ehun bat pertsonak hartu dute parte. Besteak beste, bertan izan dira foru Gobernuko kideak, Olano bera buru zela; foru zuzendariak eta proiektu estrategikoak kudeatzeaz arduratzen diren fundazioetako zuzendariak; eta Etorkizuna Eraikizen parte hartzen duten unibertsitateetako ordezkariak; baita lurraldeko beste eragile ekonomiko eta sozial batzuetako ordezkariak ere.

Etorkizuna Eraikiz erabat finkatuta dago. Foru programak 11 proiektu eta estrategia ditu gaur egun (MUBIL, Adinberri, Naturklima, Ziur, Arantzazulab, Badalab, 2deo, LABe, Elkar-Ekin Lanean, Quantum eta Gantt), 26 proiektu esperimental ditu martxan, herritarren 140 proiektu bultzatu ditu, think tank indartsu bat du, non ibilbide profesional kontrastatutako 90 pertsonak parte hartzen duten eta dagoeneko 50.000 pertsona eta 50 eragile ekonomiko eta sozial baino gehiagok hartu dute parte antolatu dituen ekintza edo proiektu ezberdinetan.
Desberdinkeriaren aurka borrokatzea da oraindik ere Foru Aldundiaren helburu estrategiko nagusia, Europa mailan klaseko onenen artean egoten jarraitzeko. Ildo horretan, funtsezkotzat da Etorkizuna Eraikizek lantzen dituen erronkei eraginkortasunez erantzutea, hala nola aldaketa demografikoari, klima-aldaketaren mehatxuari, digitalizazioari edo trantsizio energetikoari. Gipuzkoari ez ezik, egungo mundu osoari eragiten dioten gai nagusiak dira, eta oraingoz ez dago horiei erantzuteko errezeta magikorik. Horregatik, aukera esparruetan dugun espezializazio maila hobetzeko eta erantzun berritzaileak proposatzeko aukera baten aurrean gaudela uste dut. Anbizioz jokatu nahi dugu, eta Etorkizuna Eraikiz da horretarako tresna.

ZIUR-ek industriaren zibersegurtasuna indartzeko hiru ekintza-ildo aurkeztu ditu

ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak datozen hilabeteetarako jarduera-esparru nagusiak aurkeztu ditu Gipuzkoa IndustrySec 2022 kongresuaren barruan. Ekitaldiak Gipuzkoako industria, zibersegurtasun-enpresak, mundu akademikoa eta lurraldeko zibersegurtasun-ekosistemako eragileak bildu ditu, zibersegurtasunaren arloko joera global handiak eta zibermehatxu horiei industria-ingurunetik ematen zaien erantzuna ezagutzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan duela lau urte sortu zenetik ZIURek izan duen bilakaerak, industria arloko enpresen zibersegurtasuneko gaitasunak indartzeko eta lurraldean sektore teknologikoaren garapena bultzatzeko gauzatutako jarduera nabarmentzea ahalbidetzen du.
Elkarlanaren funtsezko balioan jarri behar da azpimarra, dela Gipuzkoako industriaren lehiakortasunari eusteko, dela gaur egungo eraldaketa eta ziurgabetasun egoerari aurre egiteko. Esparru hau eredugarria da. Izan ere, zibersegurtasunaren alorrean, enpresa txiki eta ertainen, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta erakundeen arteko lankidetzan oinarritutako ekosistema indartzen ari da Gipuzkoan. Horrek bide egokia zein den erakusten digu, gure industria ekonomiaren gorabeheretatik babesteko, ekonomia indartsu eta lehiakorrari eusteko, ongizatea eta enplegua sortzen dituen ekonomia bat mantentzen jarraitzeko.

Basabizi, basafauna berreskuratzeko zentro berria

Foru Aldundiak Basabizi aurkeztu du gaur, Gipuzkoako basafauna berreskuratzeko eta naturara berriz itzultzeko zentroa. Zentro horren helburua da beren ingurunean bizirauteko ezinduta dauden animaliak jaso, zaindu, mantendu eta berreskuratzea, ondoren ingurune naturalera itzultzeko. Zentroa Diputazioak Urnietan duen Arizmendi finkan kokatuta dago eta martxoan jarri zen martxan, Arrano-Etxearen erreleboa hartuz.

Natura ingurunea eta biodibertsitatea zaintzea ezinbestekoa da gure etorkizuna eraikitzeko. Lehen hala zen, eta orain are gehiago, klima aldaketaren testuinguruan. Aldundiak hamarkadak daramatza lanean Gipuzkoan ditugun habitatak eta flora- eta fauna-espezieak zaindu eta berreskuratzeko hainbat proiektutan, benetako altxorra baitira eta hurrengo belaunaldiei utzi nahi baitizkiegu. Ingurumenaren garrantziari buruzko gero eta sentsibilizazio handiagoa dago, eta Basabizik aukera emango digu basa fauna berreskuratzeko lanean jarraitzeko etapa berri honetan, erabat hornituta dagoen, beharrezko giza baliabideak eta bitarteko teknikoak dituen eta kokapen aproposa duen instalazio batean.

Basotik fundazioaren bidez, basoen kudeaketa jasangarrian “jauzi kualitatibo bat” eman nahi du Gipuzkoak

Foru Aldundiak argi berdea eman dio Basotik fundazio publikoaren sorrerari. Fundazio publiko horren helburua da baso masaren bolumen garrantzitsu bat biltzea, Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarrirantz jauzi kualitatibo bat egin ahal izateko, eta horrela, lurraldearen garapen integrala eta kudeaketa ekologikoa bultzatzea, eta, azken batean, ingurumenaren eta baso ondarearen defentsa eta lehen sektorearen garapena bilatzea. Gure basoak funtsezko ondarea dira, eta haien etorkizuna bermatu behar dugu. Horretarako, bizi dugun inflexio une honetan, anbizio handiko neurriak hartu behar ditugu, berritzaileak, eta epe luzerako ikuspegia dutenak, oraingo honek bezala.

Fundazioaren eraketa, Aldundiaren % 100eko partaidetzarekin, eta haren estatutuak joan den asteko Diputatuen Kontseiluan onartu ziren, hasierako zuzkidura ekonomikoarekin batera, eta horrek 2 milioi euroko foru inbertsioa ekarriko du aurten. Datozen 5 urteetan zehar, 8 milioi inbertituko ditu, guztira, foru erakundeak. Basotik fundazioak 40.000 hektarea baso inguru bildu nahi ditu bere kudeaketaren barruan. Beraz, aukera erakargarria izango da baso ustiategien titularrentzat, banakako kudeaketaren aurrean; izan ere, aukera emango die zaintza eta kudeaketa fundazioaren esku uzteko, eta baso kudeaketa aktibo eta dibertsifikatutik sortutako balioaren kobrantza aurreratzeko eta bermatzeko.

                           

Gipuzkoa baso ugari dituen lurraldea da, basoek azaleraren % 61,5 hartzen baitute. EAEko ehunekorik handiena da, eta Europako batez bestekoa (% 40) baino askoz handiagoa. Ondare hori arriskuan jar dezaketen hainbat faktore daude, eta horiek bultzaturik jarri dugu abian Basotik fundazioa. Horien artean, besteak beste, ustiategien tamaina txikia aipatu beharra dago; izan ere, Gipuzkoako basoen % 79 titulartasun pribatukoak dira, eta guztira 9.700 ustiategi daude; horietatik % 97, 20 hektareatik beherakoak. Euskadiko baso sailek, batez beste, 3-5 ha-ko azalera dute, eta Europako iparraldeko herrialdeetan, berriz, Finlandian, esate baterako, 30 ha-koa da batez bestekoa. Kontuan hartu behar da, halaber, baso jabeak ere adinean aurrera doazela, % 60k 60 urte baino gehiago du, eta ez dagoela belaunaldien arteko erreleborik, gizartea landa ingurunetik gero eta urrunago baitago.

Horri ustiategi askoren errentagarritasun txikia gehitu behar zaio, gainera, oso epe luzera gauzatzen dena, eta baita banda marroiaren inpaktua ere, landatutako intsinis pinuaren azaleraren % 40 baino gehiagori gogor erasan baitio, eta ez dugu ahaztu behar espezie horrek lurraldeko baso azalera osoaren % 30 hartzen duela. Horren guztiaren ondorioz, basoak abandonatuta gelditzeko arriskua dago, eta Aldundiak arrisku horri aurre egin nahi dio, Gipuzkoako baso masaren kudeaketa egokia ziurtatuz, bai azaleraren kudeaketa integralaren bidez, bereziki kudeatu gabea, bai jabeek kudeatutako ustiategien errentagarritasuna hobetzeko mekanismoak bultzatuz.

Gipuzkoak herritarrek oinarrizko zientziari ekarpenak egitea sustatuko du

Gipuzkoako Foru Aldundiak Foru Arauaren aurreproiektu berria aurkeztu du, oinarrizko ikerketaren mezenasgoari bultzada emateko. Mekanismo horren bidez, foru erakundeak pizgarri berri eta indartsu batzuk aktibatuko ditu, bai Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ), bai Sozietateen gaineko Zergan, herritarrek zein eragile ekonomiko eta sozialek ikerketa zientifikoari egin nahi dizkioten ekarpenak sustatzeko. Herritarrak ikerketa zientifikoaren parte egin nahi ditugu. Gure lurrandean, GKEei ekarpenak egiteko ohitura oso zabalduta dagoen bezala, neurri honekin zientziari ekarpen ekonomikoak egiteko antzeko kultura sustatu nahi dugu.

Aurreproiektua aste honetan bertan jarriko da jendaurrean, eta ekarpenetara irekita egongo da. Ondoren, Diputatuen Kontseilutik igaroko da, eta, hemen onespena jaso ostean, Batzar Nagusietan izapidetzen jarraituko du. Lehenik, batzordean aurkeztuko da, eta, ondoren, osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da. Aurreikuspenen arabera, urte amaierarako izan liteke hori. Nolanahi ere, arauaren indarraldia 2023ko urtarrilaren 1ean hasiko da.

Oinarrizko ikerketaren mezenasgoa modalitate hauen bidez egin ahal izango da: dohaintzak, ekarpenak eta legatuak, edo enpresa-lankidetzako hitzarmenen bidez. Horrela, oinarrizko ikerketarako mezenasgoaren hartzailetzat hartuko dira Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa akreditatutako Ikerketa eta Bikaintasunek Mezenasgoa ikerketa zientifikoa bultzatzeko baliatzea eskema fiskal abangoardista, aitzindari eta berritzailea da, eta ez da antzeko kasurik ezagutzen.

Mezenasgo horrek sortutako onura fiskalari dagokionez, pertsona fisikoen kasuan % 35eko kenkaria ekarriko du PFEZean. Adibidez, ikerketa-talde bati 1.000 euroko laguntza ematen dion herritar batek 350 euroko kenkaria lortuko du. Pertsona juridikoen kasuan, mezenasgo mota honetan inbertitutako zenbatekoak gastu kengarritzat hartuko dira Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarria zehazterakoan, eta, gainera, zergaren kuota likidoaren % 20ko kenkaria izango dute. Adibidez, ikerketa-talde bati 1.000 euroko laguntza ematen dion enpresa batek 1.000 euroko gastu kengarria izango du (240 euroko kuota) eta 200 euroko kenkaria. Hau da, guztira 440 euroko onura fiskala ekarriko du.

Belabietako tunela berritzeko lanak amaitu dira, 11 hilabeteko lanen ondoren

Gipuzkoako zatian A-15 errepideko tunelik luzeena berritzeko lanak amaitu dira. Belabietako Iruña norabideko hodiaren 1.836 metrotik gorako instalazioak berritu eta modernizatzeak 11 hilabeteko lana eta 16,5 milioi euroko inbertsioa ekarri du.

Tunela igande honetan, maiatzak 8, irekiko dute, eta A-15 errepideko zirkulazioa normaltasunera itzuliko da, ia urtebetez Belabietatik bypass bidez zirkulatu ondoren. Autobia hau lurraldeko azpiegitura garrantzitsuenetako bat da. 14.000 ibilgailu baino gehiago ibiltzen dira egunero A-15 errepidearen zati horretan. Tunel hori berrituta, aurrerapauso handia egin dugu gure bideen segurtasunean, erosotasunean eta digitalizazio progresiboan. Eskerrak eman behar dizkiegu ohiko erabiltzaileek esku-hartzeak iraun duen hilabeteetan egindako ahaleginagatik.

Belabietako tuneleko birmoldaketa izan da 2020aren amaieran pandemiaren inpaktu betean birabiarazitako lehentasunezko proiektuetako bat, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak euskal erakundeen defizit-muga osoko bilkuran zabaltzea ekarri zuen akordioaren ondoren. Inbertsio publikoek zeregin antiziklikoa dute lurraldeko jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren palanka gisa. Esku-hartze horrek, duen garrantzia kontuan hartuta, lurraldearen susperraldi ekonomikoari ere ekarpena egiten dio.

    

Gipuzkoak Adinberriren eraikuntza onartu du, 59 milioiko obren lizitazioarekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak argi berdea eman dio Adinberri zahartze osasungarrirako zentroaren eraikuntzari, arkitekturaren zein zerbitzuen diseinu orokorraren aldetik eraikin aitzindari horren obren lizitazioa onartu baitu Diputatuen Kontseiluak, guztira 59 milioi euroko balioarekin. Erabaki horrekin, Trintxerpen (Pasaia) gune berritzaile bat eraikitzeko bidea ireki da, zeinak honako hauek izango dituen instalazioen artean: adinekoen egoitza berritzaile bat, eguneko zentro bat, babespeko apartamentuak, zahartze osasuntsuari lotutako I+G unitate bat eta lurpeko aparkaleku bat. Multzo horrek bultzada indartsu bat emango dio Pasaialdearen biziberritzeari eta aurreikusten du zuzeneko eta zeharkako 400 lanpostu inguru sortuko dituela.

Aldundiak azken hamar urteotan funts propioekin egin duen inbertsiorik garrantzitsuena da gaur aurkeztutakoa eta azpiegitura horren izaera sozial eta aitzindaria nabarmena du, Gipuzkoako gizartearen zahartzearen erronkari erantzuten baitio, berrikuntzarako eta elkarlanerako espazio bat sortuz. Lurraldean garatzen ari den egoitza eredu berritik abiatuta eraikiko den belaunaldi berriko lehen zentroetako bat izango da Adinberri –bizikidetza-unitate txikiak, komunitatearekiko lotura eta etxeko giroa–, non adinekoek etxean bezala bizi direla sentitzen duten. Gainera, Adinberri fundazioaren berrikuntza-unitatea gune horretan integratzeak irtenbide berriak eta arreta-eredu berritzaileak frogatzeko balioko du, eta horiek, aldi berean, jarduera ekonomikoa eta lanpostuak sorraraziko dituzten berrikuntza sozial eta teknologikoak” eragingo dituzte.

Gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia bezala kontsolidatu da Arantzazulab bere lehen urtean

Gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia zentro eta gizarte berrikuntzan katalizatzaile gisa kontsolidatu da Arantzazulab Gizarte Berrikuntzako Laborategia, bere ibilbidearen lehen urtean. Lehen hamabi hilabete hauetan proiektua guztiz kontsolidatu da eta laborategiari oinarri sendoa ezarri zaio. Etorkizuna Eraikiz estrategiaren markoan Arantzazulab gobernantzan erreferentzia zentro bezala kokatzeak, gobernantzaren berrikuntzaren esparruan ardaztera eraman du laborategiaren jarduna, bertan zein nazioartean arreta piztuz. Emaitzak ere aipagarriak izan dira: lehen urtean, 165 eragile baino gehiagorekin kontaktua egin du, 85 elkarlanean aritu da, 7 batzordetan parte hartzen du eta 9 lankidetza hitzarmen sinatu ditu.


Gaur goizean bisitatu dugu azpiegitura eta Arantzazulab-eko sustatzaile diren Fundazio buruekin (Gipuzkoako Foru Aldundia, MONDRAGON Korporazioa, Kutxa Fundazioa, Oñatiko Udala eta Arantzazuko Frantziskotarren Probintzia) eta Naiara Goia laborategiko zuzendari nagusiarekin batera, laborategiaren lehen urteko balantze bilera izan dute Arantzazulab-en egoitzan, Arantzazuko Gandiaga Topagunean (Oñati). Eragile denak ados gaude esaterakoan zentroak misio argi bat duela: elkarlaneko gobernantzaren inguruan ezagutza garatzeko gure herriko gunerik garrantzitsuena izatea, herrigintzaren, erakunde sistemaren eta gizarte eragileen zerbitzura egongo dena. Lehen hamabi hilabete hauetan, erreferentzialtasun hori lortzeko oinarri sendoa jartzen hasi gara.

Laborategiak gizarte berrikuntzan zubigile eta katalizatzaile izateko rola du: Gure herriko eta nazioarteko askotariko eragileekin konfiantzazko harremanak landu, sareak eraiki eta lankidetzak sustatu ditu: erakunde publikoekin, elkarteekin, antzeko laborategiekin, fundazioekin, gizarte eragileekin eta enpresekin, politika- eta herri-ekimenekin. Honekin batera, Arantzazulab herritarren topagune izateko ere sortu zen , adostasun zabalen gune izateko, sentsibilitate eta ikuskera ezberdinak batzeko, zein Euskal Herriko kultura politiko ezberdinekin lan egiteko. Horregatik, laborategiari aitortu dizkioten ekarpenen artean Topagune Neutral izaeraren aitortza nabarmendu nahiko nuke; izan ere, hainbat eragilek hausnarketa askerako topagune eta esperimentazio berritzailerako babes gune gisa definitu dute Arantzazulab lehen urteko ibiliaren ostean.

Errepideen digitalizazioan eta jasangarritasunean jauzi berri bat egitearen aldeko apustua

Astigarragako Garraio Zentro Integralak Europar Batasuneko errepideko garraioaren sektoreari buruzko jardunaldi bat hartuko du gaur asteazkena, martxoak 9, Europako erakundeetako arduradunen eta zerbitzuen, logistikaren eta azpiegituren sektoreko adituen parte-hartzearekin. Europar Batasuneko salgaien garraioaren errealitatea, beharrak eta etorkizuna kontrastatzea helburu izan du jardunaldiak. Gipuzkoa Europako kontinentearen eta Penintsularen arteko lotura logistikorako giltzarri den lurraldea da, eta, honenbestez, estrategikoa da lotune gisa azpiegitura sare moderno, digitalizatu eta jasangarria izatea. Honela, Garraio Zentroa irekitzearekin batera, Aldundiak lagundu egin nahi izan du ardatz atlantikoko garraio-azpiegitura hobetzen eta zaintzen, aparkaleku seguruak, babestuak eta Garraio Sistema Adimendunekin (ITS) konektatuak eskainiz.

Lurraldea, Gipuzkoa Living Lab proiektuaren bitartez, erabakitasunez heltzen ari zaiola mugikortasun eta garraio jasangarriaren etorkizuneko erronkari, errepideen digitalizazioarekin batera. Garai zailak bizi ditugu, ziurgabetasunez beteak, baita garraioaren sektore honentzat ere, pandemian zehar egiaztatu ahal izan dugunez. Mugikortasuna eta azpiegitura adimendun eta jasangarriagoak bultzatuz, sektore horri laguntzen ari gatzaizkio, eta Garraio Zentroa prozesu horretan guztian aurrerakoia da.


Jardunaldia Bidegi foru elkarteak antolatu du, Gipuzkoako Ganberaren, ESPORG kamioientzako aparkaleku seguruen Europako elkartearen eta Arup aholkularitzaren laguntzarekin. Astigarraga-Oiartzun Garraio Zentro Integrala bera eta haren balio erantsia aurkeztuko ditu sektoreko eragile eta enpresen aurrean. Halaber, topaketan Europako garraio-arduradunak, aparkalekuen Europako elkartea, errepideko garraiolarien Europako elkartea eta logistikaren sektoreko enpresak, garraioak eta Gipuzkoako sektoreko elkarteak izan dira.

Urte amaieran abian izango da Usurbilgo egoitza aitzindari eta berritzailea

Urte amaieran abian izango da Matia Fundazioa Usurbilen egiten ari den egoitza, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean. Proiektu aitzindari eta berritzailea da, 2020ko ekainean hasi ziren eraikuntza lanak, eta 110 etxebizitza egingo dira 127 adinekorentzat; argi eta garbi erakutsiz norantz doan Gipuzkoako zaintza eredua, egoiliarren autonomia eta arreta pertsonalizatua bultzatzen duten bizikidetza unitate murriztuetan oinarrituta dagoena.

Zentro berri horretan etxebizitza kontzeptua berreskuratzen da, etxea bizitzeko espazio gisa ulertuta, edozein modutara dela ere, etxekoa bezalako giroa sortuta. Logelen ordez, zaintza zerbitzua eskaintzen duten etxebizitza txikiak egongo dira, komunitateari konektatuta eta irekita dagoen ingurune batean, non pertsona jarduera osoaren erdigunean jartzen den. Pertsonak, haien ongizatea, autonomia eta zainketen kalitatea dira Gipuzkoako gizarte politiken ardatz nagusia. Proiektu honek bultzada handia ematen diola azken urteotan lurraldean garatzen ari den zaintza ereduaren eraldaketari, berrikuntza, pertsonalizazioa eta komunitatearekiko lotura eta hirugarren sektore sozialeko erakundeen eta entitateen arteko lankidetza bitarteko direla, hori baita gizarte politiken Gipuzkoako ereduaren ezaugarri nagusietako bat.

Zentroak 127 plaza izango ditu mendekotasuna duten adinekoentzat; 110 zaintza zerbitzuak dituzten etxebizitzak izango dira, horietako 93 banakakoak eta 17 bikoitzak, bikoteentzat edo senitartekoentzat. Gainera, etxebizitzak 7 bizikidetza unitatetan antolatuko dira, eta horietako bakoitzak 18 pertsona izango ditu. Espazio zabalagoak dira, 30 eta 38 m2 bitartekoak, eta sukalde txiki bat, egongela, logela eta bainugela izango dituzte. Hori guztia pertsonalizatzeko modukoa izango da, eta egoiliar bakoitzak altzariz hornitu ahal izango du, horrela, ingurune goxoagoak osatzeko. Usurbilgo zentroak, zaintzapeko etxebizitzez gain, bi unitate psikogeriatriko izango ditu, bakoitza 15 plazakoa, eta eguneko zentro bat, 40 plazakoa.