Basabizi, basafauna berreskuratzeko zentro berria

Foru Aldundiak Basabizi aurkeztu du gaur, Gipuzkoako basafauna berreskuratzeko eta naturara berriz itzultzeko zentroa. Zentro horren helburua da beren ingurunean bizirauteko ezinduta dauden animaliak jaso, zaindu, mantendu eta berreskuratzea, ondoren ingurune naturalera itzultzeko. Zentroa Diputazioak Urnietan duen Arizmendi finkan kokatuta dago eta martxoan jarri zen martxan, Arrano-Etxearen erreleboa hartuz.

Natura ingurunea eta biodibertsitatea zaintzea ezinbestekoa da gure etorkizuna eraikitzeko. Lehen hala zen, eta orain are gehiago, klima aldaketaren testuinguruan. Aldundiak hamarkadak daramatza lanean Gipuzkoan ditugun habitatak eta flora- eta fauna-espezieak zaindu eta berreskuratzeko hainbat proiektutan, benetako altxorra baitira eta hurrengo belaunaldiei utzi nahi baitizkiegu. Ingurumenaren garrantziari buruzko gero eta sentsibilizazio handiagoa dago, eta Basabizik aukera emango digu basa fauna berreskuratzeko lanean jarraitzeko etapa berri honetan, erabat hornituta dagoen, beharrezko giza baliabideak eta bitarteko teknikoak dituen eta kokapen aproposa duen instalazio batean.

Urte amaieran abian izango da Usurbilgo egoitza aitzindari eta berritzailea

Urte amaieran abian izango da Matia Fundazioa Usurbilen egiten ari den egoitza, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean. Proiektu aitzindari eta berritzailea da, 2020ko ekainean hasi ziren eraikuntza lanak, eta 110 etxebizitza egingo dira 127 adinekorentzat; argi eta garbi erakutsiz norantz doan Gipuzkoako zaintza eredua, egoiliarren autonomia eta arreta pertsonalizatua bultzatzen duten bizikidetza unitate murriztuetan oinarrituta dagoena.

Zentro berri horretan etxebizitza kontzeptua berreskuratzen da, etxea bizitzeko espazio gisa ulertuta, edozein modutara dela ere, etxekoa bezalako giroa sortuta. Logelen ordez, zaintza zerbitzua eskaintzen duten etxebizitza txikiak egongo dira, komunitateari konektatuta eta irekita dagoen ingurune batean, non pertsona jarduera osoaren erdigunean jartzen den. Pertsonak, haien ongizatea, autonomia eta zainketen kalitatea dira Gipuzkoako gizarte politiken ardatz nagusia. Proiektu honek bultzada handia ematen diola azken urteotan lurraldean garatzen ari den zaintza ereduaren eraldaketari, berrikuntza, pertsonalizazioa eta komunitatearekiko lotura eta hirugarren sektore sozialeko erakundeen eta entitateen arteko lankidetza bitarteko direla, hori baita gizarte politiken Gipuzkoako ereduaren ezaugarri nagusietako bat.

Zentroak 127 plaza izango ditu mendekotasuna duten adinekoentzat; 110 zaintza zerbitzuak dituzten etxebizitzak izango dira, horietako 93 banakakoak eta 17 bikoitzak, bikoteentzat edo senitartekoentzat. Gainera, etxebizitzak 7 bizikidetza unitatetan antolatuko dira, eta horietako bakoitzak 18 pertsona izango ditu. Espazio zabalagoak dira, 30 eta 38 m2 bitartekoak, eta sukalde txiki bat, egongela, logela eta bainugela izango dituzte. Hori guztia pertsonalizatzeko modukoa izango da, eta egoiliar bakoitzak altzariz hornitu ahal izango du, horrela, ingurune goxoagoak osatzeko. Usurbilgo zentroak, zaintzapeko etxebizitzez gain, bi unitate psikogeriatriko izango ditu, bakoitza 15 plazakoa, eta eguneko zentro bat, 40 plazakoa.