Gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia bezala kontsolidatu da Arantzazulab bere lehen urtean

Gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia zentro eta gizarte berrikuntzan katalizatzaile gisa kontsolidatu da Arantzazulab Gizarte Berrikuntzako Laborategia, bere ibilbidearen lehen urtean. Lehen hamabi hilabete hauetan proiektua guztiz kontsolidatu da eta laborategiari oinarri sendoa ezarri zaio. Etorkizuna Eraikiz estrategiaren markoan Arantzazulab gobernantzan erreferentzia zentro bezala kokatzeak, gobernantzaren berrikuntzaren esparruan ardaztera eraman du laborategiaren jarduna, bertan zein nazioartean arreta piztuz. Emaitzak ere aipagarriak izan dira: lehen urtean, 165 eragile baino gehiagorekin kontaktua egin du, 85 elkarlanean aritu da, 7 batzordetan parte hartzen du eta 9 lankidetza hitzarmen sinatu ditu.


Gaur goizean bisitatu dugu azpiegitura eta Arantzazulab-eko sustatzaile diren Fundazio buruekin (Gipuzkoako Foru Aldundia, MONDRAGON Korporazioa, Kutxa Fundazioa, Oñatiko Udala eta Arantzazuko Frantziskotarren Probintzia) eta Naiara Goia laborategiko zuzendari nagusiarekin batera, laborategiaren lehen urteko balantze bilera izan dute Arantzazulab-en egoitzan, Arantzazuko Gandiaga Topagunean (Oñati). Eragile denak ados gaude esaterakoan zentroak misio argi bat duela: elkarlaneko gobernantzaren inguruan ezagutza garatzeko gure herriko gunerik garrantzitsuena izatea, herrigintzaren, erakunde sistemaren eta gizarte eragileen zerbitzura egongo dena. Lehen hamabi hilabete hauetan, erreferentzialtasun hori lortzeko oinarri sendoa jartzen hasi gara.

Laborategiak gizarte berrikuntzan zubigile eta katalizatzaile izateko rola du: Gure herriko eta nazioarteko askotariko eragileekin konfiantzazko harremanak landu, sareak eraiki eta lankidetzak sustatu ditu: erakunde publikoekin, elkarteekin, antzeko laborategiekin, fundazioekin, gizarte eragileekin eta enpresekin, politika- eta herri-ekimenekin. Honekin batera, Arantzazulab herritarren topagune izateko ere sortu zen , adostasun zabalen gune izateko, sentsibilitate eta ikuskera ezberdinak batzeko, zein Euskal Herriko kultura politiko ezberdinekin lan egiteko. Horregatik, laborategiari aitortu dizkioten ekarpenen artean Topagune Neutral izaeraren aitortza nabarmendu nahiko nuke; izan ere, hainbat eragilek hausnarketa askerako topagune eta esperimentazio berritzailerako babes gune gisa definitu dute Arantzazulab lehen urteko ibiliaren ostean.