Gipuzkoako Urrezo domina

Gurutze Gorriaren Donostiako Zentro Soziosanitarioko lantalde osoak Gipuzkoako Urrezko Domina jaso du gaur arratsaldean diputatu nagusiaren eskutik, bete-betean hezurmamitzen dituztelako gure lurraldearen baliorik nabarmenenak, elkartasuna eta elkarlana. Pandemiaren hasierako hilabeterik gogorrenetan, beren konpromisoa, profesionaltasuna eta eskuzabaltasunaren bitartez, COVID-19aren aurrean pertsona zaurgarrienak babesteko eta zaharren egoitzetan birusaren zabalkundea mugatzeko berebiziko ekarpena egin zutelako.

COVID-19aren arretarako zentro erreferente hau aitzindaria izan zen Estatuan. Zuen lan eta determinazioari esker, gaixotasuna bertan pasa zuten guztien duintasuna babestu zenuten. Horrekin bat, gaitzaren hedatzea mugatu zenuten egoitzetan eta osasun zerbitzuek gain hartu ez zezaten lagundu zenuten. Bizitzak salbatu zenituzten eta pandemiari elkarlanean erantzuteko bide bat markatu zenuten”. Gipuzkoako gizarte osoarentzat eredu zarete, gizartearen zimendu, egungo krisialdian iparrorratz, etorkizunean izan nahi dugunaren isla.

Gipuzkoako Gurutze Gorriaren egoitza

Gipuzkoako Gurutze Gorriak Donostiako Zorroaga gainean duen egoitza berria ireki du. 1.800 m2 ditu, instalazio modernoago eta irisgarriagoetan, formazio, laguntza eta esku-hartze jarduerekin jarraitzeko.

Gipuzkoako Gurutze Gorriak 150 urte baino gehiago daramatza lurraldean, oso jarduera bizia du, eta bere ibilbidea oso lotua dago zaurgarritasun egoerei erantzuna ematearekin. Erakundeak Gipuzkoako lurraldean egiten duen lan sozial eta komunitario handia, betiere hurbiltasunetik eta gizarte konpromiso handiarekin, gizarte desberdinkerien aurkako borrokan murgilduta aitortu behar zaio.

Baita COVID-19aren pandemian ere, non, Gurutze Gorriak oso zeregin garrantzitsua izan baitu pertsona hauskor eta kalteberenen arretan eta babesean. Gogorarazi du Gurutze Gorria oso eragile aktiboa izan dela birusaren aurkako borrokan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera lan egin duela kolektibo zaurgarrienak zaintzen eta artatzen, hala nola egoitzetan bizi diren adinekoak eta gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonak.

Gurutze Gorriaren lan egiteko moduak Gipuzkoako lurralde osoko balio komunitarioak eta sozialak ezin hobeto islatzen ditu: Gizatasunaren eta unibertsaltasunaren printzipioei erantzunez, Gurutze Gorriak behar handienak dituzten pertsonei laguntzen die, balio kalkulaezina duten sare sozialak sortuz eta esku-hartze sozial integrala eskainiz. Hori guztia, gainera, ehunka boluntarioren lanari esker.

Bestalde, Sonia Archelik nabarmendu du entitate sozialen eta erakundeen artean indarrak batu beharra, osasun krisiak eragin duen larrialdi sozial eta humanitarioari erantzun integrala emateko, eta eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiak erakutsi duen babes eta konpromisoagatik. Era berean, eskertu nahi izan du boluntarioek egindako lan ikaragarria, eta gogorarazi nahi izan du Gurutze Gorriak azken urtean egindako lanaren ondorioz, bere historiako 156 urteetan inoiz baino pertsona, baliabide eta gaitasun gehiago mobilizatu dituela.

Gurutze Gorriarekin bilera COVID-19ak izan duen bilakaera aztertzeko

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuaren batera Donostiako Matia kaleko Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan elkartu gara gaur goizean Antxon Amunarriz zentroko zuzendariarekin eta COVID-19aren aurkako borrokan lan egin duten osasun langileen ordezkaritza batekin. Bileran, pandemiaren bilakaera eta Gipuzkoan, batez ere adineko biztanleen artean, izan duen eragina izan dugu mintzagai.

Gurutze Gorriak Donostian duen zentro soziosanitarioa datozen asteetan hasiko da bertan bizi ziren pertsonak artatzen, krisialdia hasi zenean euren etxeetara edo beste egoitza batzuetara eraman baitzituzten. Horri dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan birkokatuko du COVID-19ari bereziki zuzendutako zentroa; solairu hori zentro soziosanitario gisa gaitu da duela gutxi, eta 48 plaza ditu guztira.