Elkar Ekin Lanean

Bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonak gizarteratu eta lan munduan txertatzea helburu duen Elkar Ekin Lanean 2021-2023 Enplegu Inklusiboa eta Kalitatezkoa sustatzeko Gipuzkoako Estrategia aurkeztu dugu. Nazioartean eredu gara lan babestuan eta ekonomia sozialean, hirugarren sektore sozialeko enpresei eta kooperatibei esker, hurrenez hurren. Horixe bera lortu behar dugu enplegu inklusiboan. Lan merkatuan sartzeko eta finkatzeko zailtasun gehien duten pertsonei kalitatezko enplegua, enplegu duina, inklusiboa eskaintzeko sistema garatu behar dugu.

Horretarako, 16 lan lerro eta 30 neurri zehatzetan banatutako estrategia landu du Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz programaren babespean eta Eusko Jaurlaritzaren 2030 Enpleguaren Euskal Estrategiarekin bat eginez, lan inklusiborako aukerak biderkatu eta ahalegin horretan lurraldeko erakunde, enpresa eta eragile guztien parte-hartzea lortu asmoz. COVID-19ak eragindako krisialdi sozialari aurre egiteko palanka izango da, batetik, eta epe ertainera begira, berriz, gizarte desberdintasunei mugak jartzeko tresna partekatua. Pertsona orori kalitatezko enplegua, lan duina eta inklusiboa bermatzeko erantzukizunaz dugu. Lana da tresna nagusia bizitza duina bermatzeko, bazterkeria arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta bizitza proiektu bat berdintasunez garatu ahal izateko.

Sportek Hub

Zazpi erakunde eta entitatek indarrak batu dituzte SPORTEK HUB abian jartzeko. Gipuzkoako kirolari aplikatutako teknologia berritzaileen hub bat da SPORTEK HUB, eta lurraldean kirol industria lehiakor bat bultzatzeko dauden gaitasunak indartzeko xedearekin sortu da, ekintzailetasun teknologikoa eta kirol produktu eta zerbitzuetako berrikuntza sustatuz, startup berritzaileei lagunduz eta sektoreko enpresa eta eragileetan berrikuntza eta negozio eredu berriak txertatzeko lan eginez. Gipuzkoan hasiko den ekimen honek Euskadi osoko eragileei eta klubei zabaltzeko asmoa du, eta, etorkizunean, kirolean aritzen diren enpresen eta erakundeen lehiakortasuna indartzeko palanka izan nahi du.

SPORTEK hub ekimen publiko-pribatu gisa eratzen da, eta Gipuzkoako Foru Aldundia, Eibarko Udala, Donostiako Udala, Real Sociedad Fundazioa, Eibarko Kirol Elkartea Fundazioa eta Eusko Jaurlaritza ditu sustatzaile, Bic Gipuzkoa ekimenaren organo kudeatzaile delarik. 

MUBILen egoitzaren inaugurazioa

MUBIL Gipuzkoako Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriko Zentroaren lehenengo egoitza fisikoak gaur ireki ditu ateak, Tolosako Usabal industrialdean. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan sortu zen, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen RIS-3 espezializazio adimentsurako estrategiarekin lerrokatuta dago. Beraz, proiektua errealitate bihurtu da, eta etorkizunari begira, Gipuzkoa eta Euskadi osoa mugikortasun berriaren abangoardian jartze anbizioarekin hasiko da lanean. Horretarako, punta-puntako azpiegitura diferentzial bat du, bakarra Europako hegoaldean, mugikortasun adimentsu eta jasangarrian erreferentzia-polo bat eratzeko prozesuaren lehen urratsa izango dena.

Usabalgo zentroak punta-puntako instalazioak dituela, eta MUBILen proiektuak administrazio eta enpresek partekatzen dituzten bi eraldaketa prozesu batzen ditu: teknologiko-digitala eta energetiko-eolikoa. Gainera,  Tolosako instalazioak martxan jartzea da Mugikortasun Berriaren Poloa sortzeko prozesuaren lehen mugarria; hain zuzen ere, Euskadi Next Programan jasotako Ekonomia Berreskuratu eta Eraldatzeko Proiektu estrategikoetako bat da, Europako funtsetatik 86,5 milioi euro mugiaraztea helburu duena. Hauek barne hartuta, 156 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da guztira MUBILen proiektuan.

Gipuzkoak eta Euskadik mugikortasun iraunkorraren arloan punta-puntako enpresak dituzte, Europa mailan erreferentzia diren zentro teknologikoak eta arlo horretako ezagutza-ekosistema aurreratua. MUBILek topagune bat eskaintzen du gure gaitasun industrialen potentzial berritzaile guztia bideratzeko eta bultzatzeko, bai eta gure herrialdean ekonomia gero eta aurreratuagoa, digitalizatuagoa eta iraunkorragoa sustatzeko ere. Gaur urrats berri hau eman dugu, elkarlanetik abiatuta, berritzeko, aukera berriak sortzeko, gure industria eraldatzeko eta indartzeko.

Euskerazko textu zaharrean

Abenduaren 3an, Euskararen egunean, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan (Oñati) aurkitutako euskarazko maitasun poema zahar bat aurkeztu dugu. Testua euskara arkaikoan idatzita dago.

Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan diharduten pertsonen, artxiboko langileen, historialarien eta filologoen lanari esker aurkitu, identifikatu eta nabarmendu ahal izan da Azkoitiko notario-protokolo batean zegoen euskaraz idatzitako testu zahar bat.

Azken aurkikuntza honen berri ematea bereziki pozgarria bilakatzen da Euskararen Nazioarteko Egunean. Altxor bat da, baina ez giltzapean gordeta edukitzeko horietakoa, euskararen azterketan sakontzeko aukera baizik. Gure hizkuntzaren bilakaerari buruzko ikerketan eta ezagutzan aurrera egitea da hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko ahaleginean izan dezakegun oinarririk sendoena. Eskuizkribu honek argi berria eskainiko du zeregin horretan.

Ane Insausti ingeniari donostiarra izango da Mubil elektromugikortasun zentroaren zuzendaria

Gaur, Mubil Fundazioaren patronatuak onespena eman dio Ane Insausti Altuna (Donostia, 1984) Gipuzkoan egitekoa den Elektromugikortasun Zentroko zuzendari izendatzeari; bera arduratuko da datozen hilabeteetan Tolosako Usabal industrialdean behin-behineko egoitza abian jartzeaz, beraz. Zuzendari berriak Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterra egin zuen Nafarroako Unibertsitatean eta Municheko Unibertsitatean, nahiz MBA, China Europe International Business School delakoan (CEIBS); horrez gain, esperientzia handia du ingeniaritzan eta proiektuen kudeaketaren alorrean nazioartean.

Insaustik erantzukizun oso garrantzitsua hartuko du bere gain, izan ere, bere ardura izango da Mubilen Tolosako behin-behineko egoitza martxan jartzea, zentroaren hasierako proiektuak aktibatzea eta Donostiako Eskuzaitzeta industrialdean behin betiko kokapena gauzatzeko urrats berriak ematea. Insaustik, hain zuzen ere, ibilbide luzea egin du proiektuen zuzendaritzan, eta hori, zalantzarik gabe, balio handiko aktiboa izango da Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa abian jartzeko orduan. Azken urteotan Inditex taldean aritu da lanean, non banaketa proiektuen zuzendaria izan baita bost urtez.

Gureak Ikuztegiko instalazioetara bisita

Gizarte Politikako diputatu Maite Peñarekin batera, Oiartzunen izan gara gaur, Gureak Ikuztegia garbitegi industriala bertatik bertara ezagutu asmoz. Bertan, bilera bat egin ondoren, instalazioak bisitatu ditugu. Bertan garbitu dira azken asteotan lurraldeko hainbat zaharren egoitzetako ehun-gaiak. COVID-19ari aurre egiteko Txoke Planaren testuinguruan Foru Aldundiak eta Gureak-ek sustatutako zerbitzu honi esker, alarma egoera hasi zenetik 14 egoitzatik ekarritako 7 tona arropa desinfektatu dituzte.
COVID-19a jasan duten pertsonen arroparen garbiketa kanpora ateratzeko aukera eskaini du Gureak Ikuztegiak. Izan ere, zerbitzu industrial honek baliabide automatizatuak eskaintzen ditu, desinfekzio prozesuan oihalekin kontaktua nabarmen gutxiagotuz. Guztira, apirilaren 1ean hasi eta maiatzaren 22ra arte, 14 egoitzak erabili du zerbitzu hau. 6.290 kilo ohe-jantzi eta egoiliarren 769 kilo arropa garbitu dituzte Oiartzunen.
Egoitza guztiek poltsa hidrosolubleak eta arropa bertan lagatzeko kaiolak dituzte eskuragai. Horrela, arropa bilketa egunero edo bi egunez behin egin ohi dute, zentro bakoitzaren eskaeren arabera. Tarte honetan guztian 3.261 poltsa disolbagarri banatu dituzte egoitzetan.

Gurutze Gorriarekin bilera COVID-19ak izan duen bilakaera aztertzeko

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuaren batera Donostiako Matia kaleko Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan elkartu gara gaur goizean Antxon Amunarriz zentroko zuzendariarekin eta COVID-19aren aurkako borrokan lan egin duten osasun langileen ordezkaritza batekin. Bileran, pandemiaren bilakaera eta Gipuzkoan, batez ere adineko biztanleen artean, izan duen eragina izan dugu mintzagai.

Gurutze Gorriak Donostian duen zentro soziosanitarioa datozen asteetan hasiko da bertan bizi ziren pertsonak artatzen, krisialdia hasi zenean euren etxeetara edo beste egoitza batzuetara eraman baitzituzten. Horri dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan birkokatuko du COVID-19ari bereziki zuzendutako zentroa; solairu hori zentro soziosanitario gisa gaitu da duela gutxi, eta 48 plaza ditu guztira.

Go Mobility

“Mugikortasun berriaren” balio kate osoa erakusgai izango dugu Ficobako Go Mobility azokan. Sektoreko berrikuntza aurreratuenak batu ditu Irunen feria industrialaren bigarren edizioak: automozioko enpresak, ekipamendu elektrikoa, bateria ekoizleak, energía hornitzaileak, azpiegitura eta sareetako enpresak, zerbitzu integratzaileak, Oil & Gas, konektagarritasuna eta Big Data, flota operatzaileak, teknologia eta ikerkuntza zentroak, unibertsitateak eta lanbide heziketa, eta erakunde publikoak. Horiek guztiek egin dute bat  Ficoba Gipuzkoako erakustazokan Go Mobility azokaren bigarren edizioan. Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babespean, Mubil fundazioak babestutako azoka hau mugikortasun berriaren balio kate osoaren topagune bilakatu da eta merkatuko berrikuntza teknologiko aurreratuenak izan dira erakusgai.

Fellows

CIC Nanoguneko instalazioetan Fellows Gipuzkoa programaren onuradun diren ikertzaileekin eta beren jarduera garatzen duten ikerketa zentroetako arduradunekin lan bilera egin dugu. Talentua, bikaintasuna eta ikerketa uztartzeak lurralde gisa indartzen gaitu, aurrera eginarazten digu, lehiakorragoak izaten laguntzen digu, eta garatzeko aukera berriak irekitzen ditu. Aurki programaren aurtengo deialdia egingo dugu; 2020. urtean 480.000 euro bideratuko ditugu horretara.

Fellows Gipuzkoa programaren helburua da doktoretza osteko prestakuntza duten ikertzaileak, nazioarteko ikerketa talde garrantzitsuetan lanean ari direnak, Gipuzkoako ikerketa taldeetara ekartzea, horrela horien maila zientifikoa handitzeko. Bi jardueraren bidez ekin zaio helburuari: batetik, talentua erakarrita, ikertzaile horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren Gipuzkoako zentroetan sar daitezen; eta, bestetik, talentua atxikita, zentro horiei laguntza emanez, ikertzaile horiek hiru urtez lantaldeetan egon daitezen

Etorkizuna Eraikiz unibertsitatean

Bilera egin dugu Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearekin, Etorkizuna Eraikiz programak orain arte egindako ibilbidea eta Aldundiak eta Unibertsitateak azken lau urte hauetan izandako lankidetza aztertu eta partekatzeko. Lan jardunaldian Etorkizuna Eraikizen oinarrian dauden xedeak partekatu eta kontrastatu ditugu Euskal Herriko Unibertsitateko ehun irakasle eta langile ingururekin. Etorkizuna Eraikiz eraldaketa sozial eta ekonomikorako tresna indartsua dela erakusten ari da.