Herri-dirubideen Euskal Kontseiluko erabakiak

Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartutako erabakien berri eman dugu gaur. Gipuzkoak 4.393 milioi euro bilduko ditu aurten, aurrekontuan jasotakoa baino 743 milioi gutxiago (-%14,5) eta pasa den urtean bildutako baino 631 milioi gutxiago (-%12,6). Datorren urteari begiratuta, zerga bilketak gora egingo duela aurreikusten da, 4.648 milioi euro biltzea aurreikusten da. Zenbateko hau 2020 itxierarako egin den aurreikuspena baino 255 milioi altuagoa da (+%5,8).

Aldundia bultzatzen ari den proiektu estrategikoak “ezinbestekoak” dira lurraldeak krisialdia gainditu eta etorkizuna izateko. Momentu honetan, COVID-19 gaitzaren pandemiak gurean jarraitzen duenean, gure lehentasun nagusiak dira, alde batetik, gizarte politika eta kohesio soziala indartzea eta, bestetik, jarduera ekonomikoa babestea. Bi helburu horiek gauzatzeko funtsezkoa da etorkizuneko apustuak egiten jarraitzea.

Fellows

CIC Nanoguneko instalazioetan Fellows Gipuzkoa programaren onuradun diren ikertzaileekin eta beren jarduera garatzen duten ikerketa zentroetako arduradunekin lan bilera egin dugu. Talentua, bikaintasuna eta ikerketa uztartzeak lurralde gisa indartzen gaitu, aurrera eginarazten digu, lehiakorragoak izaten laguntzen digu, eta garatzeko aukera berriak irekitzen ditu. Aurki programaren aurtengo deialdia egingo dugu; 2020. urtean 480.000 euro bideratuko ditugu horretara.

Fellows Gipuzkoa programaren helburua da doktoretza osteko prestakuntza duten ikertzaileak, nazioarteko ikerketa talde garrantzitsuetan lanean ari direnak, Gipuzkoako ikerketa taldeetara ekartzea, horrela horien maila zientifikoa handitzeko. Bi jardueraren bidez ekin zaio helburuari: batetik, talentua erakarrita, ikertzaile horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren Gipuzkoako zentroetan sar daitezen; eta, bestetik, talentua atxikita, zentro horiei laguntza emanez, ikertzaile horiek hiru urtez lantaldeetan egon daitezen

Idatzi dezagun etorkizuna elkarrekin

Bizi garen mundu honetan gauza bakarra da ziurra: aldakuntza. Mundu gero eta konplexu, globalizatu eta elkarlotuagoan bizi gara, baina, aldi berean, gero eta indibidualistagoa. Aldakuntza demografiko, ekonomiko, sozial, kultural edo ingurumenezko sakonen erdian, garrantzi handiko erronkak ditugu aurrez aurre, alde batetik; eta, bestetik, ziurgabetasun egoera bat, Gipuzkoak ere saihestu ezin duena. Aste honetan bertan plazaratu dugun galdetegiaren emaitzetan garbi ikusten da, herritarren kezka nagusiak egoera horri loturik daude.

Galdetegiak argi erakusten du gipuzkoar gehienak oso kezkaturik daudela etorkizunaz eta egoera ekonomikoaz. Funtsean, mezu ozen bat bidaltzen digu herri erakundeen ardura dugunoi: ezin gara mugatu egunez egunekoa kudeatzera, arazo larrienei irtenbidea ematera. Hori egin behar dugu, noski, baina horrez gain, etorkizunari aurrea hartzeko astia eta lana hartu behar dugu, etorkizuneko ongizatearen oinarriak ezarri behar ditugu, gaur. Galdeketari erantzundako erdiek, ia, uste dute ordezkari publikoek lan egin behar genukeela ez orainari buruz pentsatzen, baizik etorkizunari buruz. Eta % 75en iritziz, arnas luzeko proiektuak garatu behar genituzke.

Izan ere, kudeaketa publikoak eginkizun sakonago bat izan behar du, balantzeak berdintzeaz, baliabideak xedatzeaz edo legeak onartzeaz gain. Ez nioke, inolaz ere, garrantzirik kendu nahi egunez eguneko kudeaketa arruntari, arreta eta ardura zorrotza jarri behar dugu horretan. Gure erabakiei balio kualitatiboa erantsi nahi badiegu, ordea, gaitasuna izan behar dugu herritarren eskakizun horri erantzun zehatz bat emateko. Horregatik, agintaldi honen lehen urtea laster beteko denean, Gipuzkoako gizarteari aurkeztu nahi diogu Etorkizuna eraikiz programa, gure bidean mugarri bat izateko jaio dena. Agintaldiaren lehen hilabeteetan, lurraldearen larrialdi nagusiei irtenbide bat bilatzen saiatu gara, bide itsuetatik ateratzen, hondakinen kudeaketan, errepideetan edo ekonomiaren sustapenean, besteak beste. Orain, lan hori bazterrean utzi gabe, noski, aurrerapauso bat eman behar dugu, etorkizuna idazten hasteko.

Ez da aski errepikatzen jarraitzea azken hamarkadatan erabili ditugun eskemak, nahiz horien bitartez lortu dugun Gipuzkoa lurralde adimentsu, bateratzaile eta aurreratu bat izatea. Ez da aski izango, ezta ere, orain arte ongi egin duguna hobeto egitea. Errealitate berriak ditugu gure aurrean, eredu ekonomiko desberdinak, populazio gero eta zaharragoa… Ikusmolde eta eginbide berriak behar ditugu; gure ezaugarri diren zorroztasunari eta lan gaitasunari, erantsi behar diegu irudimena, esperimentazioa eta berrikuntza. Einsteinen hitzen ertzetik, esan dezagun beti gauza bera eginez emaitza desberdina espero ez daitekeen bezala, oraingoan erakundeei dagokigula gauza desberdinak egin ahal izateko baldintza egokiak sortzea, aitzindari izatea, emaitza egoki batera iritsi gaitezen: Gipuzkoa moderno, lehiakor, elkartasunezko eta elkartu bat sortzea.

Nabarmendu behar dut Etorkizuna eraikiz ez dela hausnarketa ariketa huts bat. Ez dugu egonean gelditu nahi, hausnarketa gehiegizko baten menpe harrapatuta. Alderantziz, gure programaren nahia da aurten bertan antolatzea, GipuzkoaLab ardatz nagusietako baten bitartez, 25 bat proiektu pilotu Gipuzkoako enpresetan eta eskualdeetan, esparru garrantzizkoetan: langileen partaidetza enpresetan, bizitza laboralaren eta pertsonalaren arteko bateratasuna, zaharren artatzea edo euskarazko ikus-entzunezkoak. Proiektu horien bidez nahi ditugu politika berriak eraiki, Gipuzkoaren etorkizuna lantzeko bidean.

Programaren bigarren ardatza izango da Gipuzkoa 2026 Plan Estrategikoa egitea, hurrengo hamar urteetan gure lurraldeak egin behar duen bidean proiektu estrategiko zehatzak identifikatu eta definituko dituena, ekonomiaren eta turismoaren sustapenean, hezkuntzan, kulturan, gizarte politiken iraunkortasunean, ingurumenean edo azpiegituretan. Langintza horretan, mundu akademikoaren laguntza izango dugu, gure lurraldeko lau unibertsitateekin izenpetu ditugun hitzarmenen bitartez; laguntzaile nahi ditugu elkarteak eta entitateak, gainerako herri erakundeak, eragile ekonomikoak, eta nazioarteko eragile, foro eta sareak, Ikergune zehar-lerroko ekimenaren bidez identifikatuko direnak (osagai nagusietako bat izango da nazioarteko praktika aurreratu eta arrakastatsuak aztertzea, Gipuzkoan aplikatu ahal izateko).

Gobernantza eredu ireki eta elkarlanezko batean oinarrituko da programa, partaidetzaren eta elkarrekiko ikaskuntzaren bidez. Izan ere, garrantzizkoa baldin bada zer egingo dugun, are garrantzitsuago da nola egingo dugun. Diputatu nagusi naizenez, nire gogoa eta grina litzateke Etorkizuna eraikiz Gipuzkoaren proiektu bat izatea, ez bakarrik foru gobernua osatzen dugun bi alderdiona. Beraz, ezinbestekoa da programa alderdikeriazko gatazketatik urrun kokatzea. Aukeran dugu lan dinamika eta ondare bat sortzea, hauteskunde garaien gorabeheretatik haragoko iraupena izan dezakeena, Gipuzkoaren mesedetan. Hori eskatzen digute herritarrek, ardura hori hartu behar dugu.

Gure lurraldeak beti izan du gaitasuna aldakuntzetara egokitzeko, bere egitura ekonomikoa eta kultura hutsetik asmatzeko; bere erroak inoiz baztertu gabe, aldakuntzaren aitzindari izaten jakin izan du. Abiapuntu egokiak ditugu: badakigu gauzak nola egin, dinamismoa dugu, zorrotzak izan ohi gara. Hala ere, paradigma aldaketa sakon batean murgildurik gaude; atzoko nahiz gaurko arrakastak ez dira, besterik gabe, etorkizunerako ziurtasunik. Gure lurraldearen ahalmena, itxaropena, gogoa eta suharra bidean jartzeko garaia da. Harrokeria litzateke gure buruarekin ados gelditzea. Ezin dugu geldirik egon etorkizunaren zain, bestela gertakariek eta krisiak eramango gaituzte. Gure etorkizuna itxuratu behar dugu. Jar ditzagun gaur etorkizunean nahi genukeen Gipuzkoaren oinarriak.

2030: urrunegi, ala… gertuegi?

Norberaren bizitzan hogei urteko ibilbidea historia luze xamarra dela esan genezake, baina gizartearen garapenean edota lurralde baten eraldaketari dagokionean begi gora-behera batean igaro daiteken aldiunea dugu.

Gaurkoan, Aldundiaren Estrategia Bulegoak Gipuzkoako etorkizuna prestatzeko estrategia-oinarriak aurkeztu ditu Kursaal-en. Bertan, 2030 urtera begira proiektatutako irizpideak izan ditugu aztergai eta ikusmuga urrunegia badirudi ere, ordurako Gipuzkoaren etorkizuna egoki landu nahi badugu, lanari eutsi behar zaiola ondorioztatu da.

Etorkizuna prestatzerakoan iragana eta oraina kontutan hartzea ezinbestekoa da, eta funtsezkoa guztion parte hartzea. Hauxe izan da bertan azaldu dudan hausnarketa.

Galdera, 2030 urrunegi ala gertuegi?