Elkar Ekin Lanean

Bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonak gizarteratu eta lan munduan txertatzea helburu duen Elkar Ekin Lanean 2021-2023 Enplegu Inklusiboa eta Kalitatezkoa sustatzeko Gipuzkoako Estrategia aurkeztu dugu. Nazioartean eredu gara lan babestuan eta ekonomia sozialean, hirugarren sektore sozialeko enpresei eta kooperatibei esker, hurrenez hurren. Horixe bera lortu behar dugu enplegu inklusiboan. Lan merkatuan sartzeko eta finkatzeko zailtasun gehien duten pertsonei kalitatezko enplegua, enplegu duina, inklusiboa eskaintzeko sistema garatu behar dugu.

Horretarako, 16 lan lerro eta 30 neurri zehatzetan banatutako estrategia landu du Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz programaren babespean eta Eusko Jaurlaritzaren 2030 Enpleguaren Euskal Estrategiarekin bat eginez, lan inklusiborako aukerak biderkatu eta ahalegin horretan lurraldeko erakunde, enpresa eta eragile guztien parte-hartzea lortu asmoz. COVID-19ak eragindako krisialdi sozialari aurre egiteko palanka izango da, batetik, eta epe ertainera begira, berriz, gizarte desberdintasunei mugak jartzeko tresna partekatua. Pertsona orori kalitatezko enplegua, lan duina eta inklusiboa bermatzeko erantzukizunaz dugu. Lana da tresna nagusia bizitza duina bermatzeko, bazterkeria arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta bizitza proiektu bat berdintasunez garatu ahal izateko.