Badalab hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategia

Badalab Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategiak datorren urteko maiatzean zabalduko ditu ateak Errenteriako liburutegi zaharrean. Erreferentziazko zentro honek oinarrian izango duen partzuergoa uztailean osatu ostean, proiektua aurrera pauso sendoak eta, batez ere, partekatuak ematen ari da euskal erakunde publikoetako eta euskalgintza sozialeko ordezkariekin batera eta dagoeneko martxan jartzen ari da bere lehen lan lerroak.

          Orain arte egindakoak eta lortutakoak izugarrizko balioa du. Euskarak pauso sendoak eman ditu azken hamarkadetan. Erakunde publikoen eta euskalgintza sozialeko eragileen lanari esker, herritarren atxikimenduak bultzatuta, ezagutza mailak gora egin du eta eremu berriak irabazi ditu hizkuntzak. Baina, etorkizunera begiratzen badugu, aurrean dugun mundua sakonki eta bizkor aldatzen ari den honetan, lankidetza, berrikuntza eta esperimentaziorako gaitasuna biderkatu behar dugu.

          Lankidetza, berrikuntza eta esperimentazio gaitasunean eragin nahi du Badalabek, eta geroan sortuko diren agertoki eta interakzio sistemetan euskara erabiliko dela bermatzea izango du helburu. Mundu osoan zabaltzen ari diren teknologia, paradigma sozial eta ekonomiko berriek modu nabarmenean eragiten diete hizkuntza gutxituei eta txikiei, ez hegemonikoei. Euskara ez da salbuespena. Galdera ikur eta desafioen aurrean, hil ala bizikoa da jomuga berriak eta egitasmo berritzaileak urratzea. Horregatik, nazioartean aitzindaria eta, gure ustez, bakarra den esperientzia abiaraziko du Gipuzkoak, hizkuntzen eta hiztunen arteko berdintasuna lortu nahi duen edonorentzat erreferentzia izango den esperimentazio gune segurua, ausardia babestuko duena.

Gipuzkoaren “etorkizun soziala, berdea eta lehiakorra” eraikitzeko, inoizko aurrekontu altuenak aurkeztu ditu Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du 2022rako aurrekontu orokorren proiektua, zeinak 1.042 milioi euroko aurrekontu propioa proposatzen duen, 2021ean baino 59 milioi gehiago (+%6).Foru erakundearen historiako aurrekontu altuena da, anbizio handikoa, eta etorkizunari begira diseinatuta dago. Proposamen honek etorkizun sozialagoa, iraunkorragoa eta lehiakorragoa eraikitzea du helburu: Inbertsio soziala handitzen dugu, pandemiaren ondorioak gehien sufritu dituztenak babesteko eta susperraldia pertsona guztiengana iritsi dadin saiatzeko; baliabide gehiago bideratzen ditugu ekonomia suspertzeko eta etorkizuneko ekonomiaren oinarriak jartzeko; eta iraunkortasunarekiko, klima-aldaketaren aurkako borrokarekiko eta ingurumenaren zaintzarekiko dugun konpromisoa handitzen dugu. Hiru norabideetan azeleragailua zapalduko dugu, aurrekontu hauek tresna indartsua eta egokia dira horretarako.

          Datorren ekitaldirako foru aurrekontu proiektuaren proposamenak gaur jaso du Aldundiko Gobernu Kontseiluaren oniritzia, eta eguerdian Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteari helarazi digu. Horrela, aurrekontu-proiektua lurraldeko ganberan eztabaidatuko da, lehenik batzordean, bigarrenik zuzenketen bidez eta, azkenik, osoko bilkuran. Prozesua bi hilabete ingurukoa izango da, eta, aurreikuspenen arabera, 2022ko foru-kontuek behin betiko oniritzia jaso dezakete urtea amaitu baino lehen.

Zuzendaritza organoetan emakumeen partaidetza indartzeko babesa eskaini dio Aldundiak Kaiku S. Coop-i

Kaiku abeltzaintza kooperatibako ordezkariekin eta bazkideekin bildu gara gaur goizean, emakumeek erabaki organoetan parte har dezaten sustatzeko ematen ari diren urratsak ezagutzeko. Gizarte gisa konpondu gabe daukagun arazoetako bat da, eremu sozioekonomikoan berdintasuna sustatzea, bereziki emakumeek zuzendaritza kontseiluetan duten presentzia aktiboa. Foru Aldundiaren konpromisoa berretsi nahi dugu, bere kulturan, estrategian eta kudeaketa ereduan berdintasunerako urrats eraginkorrak ematen ari diren erakundeei irmotasunez laguntzeko.

Genero Berdintasunaren Indizea 2020an argitaratu zen lehen aldiz Gipuzkoarako berezko neurketekin, eta 72,5 punturekin kokatzen du gure lurraldea arlo horretan, eta 100 da erabateko berdintasunari dagokion balioa. Zifra horren arabera, Gipuzkoa Europako batezbestekoaren gainetik dago, eta berdintasunari dagokionez, herrialde aurreratuenen atzetik: Finlandia (73,4), Frantzia (74,6), Danimarka (77,5) eta Suedia (83,5). Hala ere, gogorarazi du botere ekonomikoaren eremuan agertzen dela gehien genero desberdintasuna, eta atal horretan indizea 41,9 puntukoa dela.

EMO Milano 2021

Milanora bidaiatu dugu Gipuzkoako makina-erremintari EMO Milano 2021 azokaren inaugurazio egunean, hau da, sektoreko munduko hitzordu nagusian erabateko babesa eta hurbiltasuna agertzeko; izan ere, aurten, pandemiaren hilabete gogorrenen ostean, Europako industria-azoka handiak suspertuko dira. Zorionez, krisi sozial, sanitario eta ekonomiko larri batetik ateratzeko bidean gaude, eta, orain, gure sare ekonomikoaren bultzada sustatzeko eta bizkortzeko unea da, sektorearentzat funtsezkoa den merkataritza-topaketa hori oso albiste positiboa da.

Makina-erreminta Gipuzkoako industriaren puntako eredua da, aurreratua, berritzailea eta munduari irekia delako, eta azken urtean salmentak nabarmen handitzen ari direlako. EMO azoka, gainera, Italian egingo da aurten, lurraldeko enpresentzat merkatu garrantzitsuenetako bat, makinerian inbertitzeko jarduera bizian murgilduta. Beraz, hitzordu horrek bultzada nabarmena eman diezaieke dagoeneko irekita dauden operazioei eta Milanen dauden 18 enpresa gipuzkoarren balizko etorkizuneko operazioei.

Amaitu da Deba eta Mutriku arteko pasealekua

Gipuzkoako Foru Aldundiak Mutrikuko Ondarbeltz hondartzaren eta Debako zubiaren arteko oinezkoentzako pasealekua eraikitzeko obrak amaitu ditu. Horrela, jendeak kostaldeko bi herrien arteko sei kilometroak oinez egin ahal izango ditu, galtzadan ibili beharrik izan gabe.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuarekin eta Joseba Palenzuela eta Gilen Garcia Mutrikuko eta Debako alkateek lagunduta, bi udalerrien arteko pasealekua osatzeko falta ziren 500 metro inguru egin ditugu. Bide zati horren segurtasun orokorra nabarmen hobetu da, aurreantzean oinezkoek ez baitute galtzadan ibili beharrik izango. Gainera, errepidearen bi ertzen arteko bidegurutzea antolatu eta erregulatu da. Obra hau amaituta, ikaragarri hobetu dugu kostaldeko bi herri horien arteko komunikazioa, eta ez bakarrik ibilgailuentzat, baita oinezkoentzat ere. GI-638 errepidean trafiko handia dago —eguneko batez besteko intentsitatea 6.000 ibilgailukoa da—; izan ere, bi udalerriak lotzeko ia bide bakarra da.

Oinezkoen pasealeku hau egiteak lurralderako ezinbesteko obra bat burutzea dakar lurraldearen orekaren” ikuspuntutik, horrela, Debabarreneko biztanleekin zor historikoa kitatzen baita, bereziki Debako eta Mutrikuko bizilagunekin. Gainera, oinezkoen segurtasuna eta aire zabaleko ibilaldi osasuntsuaz gozatzeko aukera areagotuko ditu, bi udalerriak lotzen dituen kostaldeko ingurune eder horretan.

Etorkizuna Eraikizek 17 proiektu herritar berri babestu ditu aurten

Etorkizuna Eraikiz egitasmoko Gipuzkoa Taldean programaren babespean, 17 proiektu herritar esperimental abiaraziko dituzte aurten lurraldeko hainbat elkarte, enpresa eta eragilek, guztira 590.000 euroko diru laguntzarekin. Gipuzkoarron izaera komunitarioan sakontzeko ekimenak izango dira, guztiak ere, eta lau esparru zehatzetan dinamika berriak eta berritzaileak sortzea izango dute helburu: lankidetzazko gobernantza, garapen komunitarioa, gazteen partaidetza eta belaunaldi arteko lankidetza.

Guztiok elkarrekin Gipuzkoako gizarteak etorkizunean izango dituen erronkak hautematea eta horiei aurre egiteko modua diseinatzea, askotariko eragileekin lankidetzan eta esperimentazioan oinarrituta. Horixe da, finean, Etorkizuna Eraikiz foru programaren xedea. Helburu hori lortzeko bidean abian jarritako lan lerroen artean kokatzen da 2016tik, besteak beste, herritarren proiektuak garatzeko diru-laguntza deialdia. Aurtengo edizio honekin, guztira 125 egitasmo esperimental sustatu ditu foru erakundeak urte hauetan guztietan.

Dagoeneko gure gizartea eta lurraldea eraldatzen ari diren ekimenak dira. Guztiok nahi dugun etorkizuneko Gipuzkoa, lehiakorra, solidarioa eta berdea irudikatzeko eraikitzeko lanean bidegile dira. Etorkizunaren aitzindariak, alegia , aurten diruz lagundutako 17 proiektuetako arduradunekin egindako lan jardunaldian. Egitasmo horien guztien berri izan eta ekinbideak partekatu asmoz antolatu du gaurko bilera Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz Gunean.

  

Trantsizio ekologikoko proiektu aitzindaria abiatu du Gipuzkoak, Climate-KIC-ekin

Trantsizio ekologikoko proiektu aitzindaria jarri du martxan Gipuzkoak, lurraldea eredu ekonomiko, sozial eta ingurumeneko jasangarriago baterantz mugiarazteko. ‘Gipuzkoako Deep Demonstration’ izeneko esperimentazio aurreratuko prozesuaren eskutik egingo da trantsizio hori. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Etorkizuna Eraikiz programak bultzatzen du ekimena, eta Eusko Jaurlaritzaren eta nazioartean erreferente diren bi eragileren laguntza jasoko du: Climate-KIC, Europar Batasunak klima aldaketari aurre egiteko martxan duen ekimen nagusia, eta Ekonomia, Lankidetza eta Garapenerako Erakundea (ELGA). Eragile hauen laguntzarekin martxan jarri dugun prozesuaren helburua da Gipuzkoa esperimentaziorako lurralde aurreratu bihurtzea, hemendik abiatuta trantsizio ekologikoa gauzatzeko.

          Ekimena gaur arratsaldean aurkeztu da, Miramar jauregian egin den bilera batean. Bertan izan dira, diputatu nagusiarekin batera, Kirsten Dunlop, Climate-KICeko zuzendaria; Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Jose Ignacio Asensio, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua; Adolfo Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Ondare Natural eta Klima Aldaketako zuzendaria; Alex Boto, IHOBEko zuzendaria; eta Leire Cancio, Agirre Lehendakari Centerreko ordezkaria. Topaketa Climate KICeko ordezkariak aste honetan Gipuzkoan egiten ari diren bisitaren testuinguruan kokatzen da. Honela, aste guztian zehar hainbat lan jardunaldia egiten ari dira, eta bihar eragile industrialekin topaketa egingo da, MUBIL mugikortasun berrirako zentroa bisitatuz.

          Gipuzkoa Deep Demonstration prozesuan, abiapuntua Gipuzkoa Eredua izango da, lehiakortasun ekonomikoa eta kohesio soziala oinarri dituena. Hemendik abiatuta, eta zutabe hauek mantenduz, karbono isurketa maila baxuak dituen ekonomia baterantz trantsizioa burutu nahi du lurraldeak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren agendan hizki larriz idatzi den helburua da honakoa: Europa mailan, desberdinkeria gutxien dituen lurraldeen artean kokatzearekin batera, foru erakundearen agendaren erdigunean egongo da datorren hamarkadan zehar, eta guztiz dator bat Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Euskadi digitalago, berdeago eta inklusiboagoaren eraikuntzarekin.

Badia Berri

Badia Berri gizarteratze enpresa bisitatu dugu Lezon eta bertan Elkar Ekin Lanean 2021-2023 Enplegu Inklusiboa eta Kalitatezkoa sustatzeko Gipuzkoako Estrategiak lurraldeari eskaintzen dion aukera aldarrikatu dugu.

Seguru gaude gizarte esklusioari eta desberdinkeriari aurre egiteko modurik eraginkorrena enplegua sustatu eta bazterkeria egoeran dauden pertsonentzat aukerak sortzea dela. Ahalegin horrek Gipuzkoa osoaren konpromisoa behar du, erakundeen, gizarte antolatuaren eta herritarren batasuna, Elkar-Ekin Lanean ekimenaren bitartez lortu nahi duguna; eta Badia Berri enpresan, eredu honek duen potentzialaren adibide argia daukagu.

Badia Berri enpresa 2005 urtean jarri zen martxan, Pasaia, Lezo, Errenteria eta Oiartzungo udalek osatzen duten Oarsoaldea Garapen Agentziak bultzatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Hasiera batean Oarsotek izena hartu zuen, eta hasieratik bere helburu sozial nagusia lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzea izan da. Konpainiaren jarduera nagusia industria prozesu intentsiboen eskulana azpikontratatzea da, eta kautxuzko piezak garbitzea da bere jarduera nagusia. Honela, Badia Berrik baztertuak dauden edo baztertzeko arriskuan dauden pertsonen lan inguruko ikaskuntza ahalbidetzen du jarduera ekonomiko baten bidez.

Gaur gaurkoz, 32 langile ditu enpresak, gehienak emakumezkoak. Ahalegin publiko eta pribatuak batzearen arrakasta kasu argia da Badia Berri. Jarduera ekonomikoaren bidez, babestuko lan ingurune bat eskaintzen die, lan egiteko eta ikasteko arazoak dituzten pertsonei. Hiru urteko iraupena duen insertzio programa planteatzen du Badia Berrik, enplegua eta laguntza soziala barne hartzen dituena. 2005ean enpresa martxan jarri zenetik, 130 pertsona baina gehiago pasa dira bertatik, eta hauetako zatirik handienak lana lortu du Badia Berriko ibilbidea amaitu eta denbora gutxira.

     

14 gaztek lehen sektorean garatuko dituzte beren enpresa proiektuak

Gipuzkoako 14 gazte lehen sektorean hasiko dira lanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Horretarako, Aldundiak dirulaguntza deialdia egin du, 40 urtez azpiko nekazariek enpresa berriak sor ditzaten: 11 gazte lehendik abian ziren ustiategien kargu egingo dira, eta 3k, berriz, ustiategi berriak zabalduko dituzte. Foru Aldundiak 507.910 euro bideratuko ditu 2021ean programa honetara, ongi prestatu eta kualifikatutako gazteak jarduera hauetan has daitezen, belaunaldi aldaketa sustatuz, eta garapena, dibertsifikazioa, enplegua eta enpresen sorkuntza bultzatuz.

Gipuzkoa ezin da ulertu lehen sektorea gabe eta zuek zarete etorkizuna. Ekintzaileak behar ditugu, proiektu berritzaileak martxan jarriko dituztenak, ingurumenarekin bat eginda elikagai osasuntsuak eskaintzeko lanean jarraituko dutenak, balio horiei guztiei eutsi ahal izateko.

Aurten ere, Iturraran Parketxean egin den topaketa hau, sektorean lanean hasiko diren gazteei aitortza egiteko, eta haiekin sektorearen etorkizunari buruzko ideiak partekatzeko helburuarekin antolatu da. Hori horrela, Aldundiak espreski adierazi die bere babesa lehen sektoreko ekintzaileei, gure lurraldeak landa inguruneari eta landa inguruneko jarduerari ematen dion balioan azpimarra jarriz. Solasaldi emankorra izan da, eta gazteen eta lehen sektoreko eragileen ekarpenak, gogoetak eta proposamenak jaso dira bertan.

Egin duzuen apustuak merezi du horren berri ematea eta gure aldetik gogor lan egingo dugu lehen sektorea bistaratu eta sustatzeko, guztion artean eraikitzen ari garen etorkizuneko Gipuzkoan sektorea indartsu eta osasuntsu izan dadin.

Elkar-Ekin Lanean-ek eragile ekonomikoak eta hirugarren sektorea inkorporatu ditu

Elkar-ekin Lanean ekimenak aurrerapauso handia eman du gaur lurralde osoan ezartzeko bidean, Gipuzkoako enplegu inklusiboko batzordearen eraketarekin. Bertan, lurraldeko eragile ekonomiko nagusiak eta hirugarren sektorea bilduko dira. Elkar-Ekin Lanean ekimenak bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bilatzen du, eta Etorkizuna Eraikizen markoan kokatzen da. Gaurko iragarpenarekin, bere bidelagun sarea osatzen du estrategia hedatzeari begira, lurraldeko gainerako erakundeen laguntza eta inplikazioa baitu dagoeneko. “Enplegu babestuan eta ekonomia sozialean erreferenteak gara, eta orain inklusioan gauza bera lortzeko garaia da. Horretarako, ezinbestekoa da lurralde osoaren inplikazioa lortzea.

Aipatutako batzordea gaur goizean osatu da, Etorkizuna Eraikiz Gunean egin den lan jardunaldi batean. Bertan, lurraldeko ekonomia eta gizarte arloko erakunde nagusietako ordezkariek parte hartu dute. Ekonomia arloan, mahai honetan daude ASLE, Gipuzkoako Bazkundea, MCC, Gureak, Katealegaia eta ADEGI; eta hirugarren sektorearen aldetik, Emaus, Sarea Fundazioa, Peñascal Fundazioa, Gizatea, SOS Arrazakeria, Sartu eta REAS daude. Zirkulua osatuz, eskualdeetako garapen agentziak eta Lanbide ere organo horretako kide izango dira.