Etorkizuna Eraikizek 17 proiektu herritar berri babestu ditu aurten

Etorkizuna Eraikiz egitasmoko Gipuzkoa Taldean programaren babespean, 17 proiektu herritar esperimental abiaraziko dituzte aurten lurraldeko hainbat elkarte, enpresa eta eragilek, guztira 590.000 euroko diru laguntzarekin. Gipuzkoarron izaera komunitarioan sakontzeko ekimenak izango dira, guztiak ere, eta lau esparru zehatzetan dinamika berriak eta berritzaileak sortzea izango dute helburu: lankidetzazko gobernantza, garapen komunitarioa, gazteen partaidetza eta belaunaldi arteko lankidetza.

Guztiok elkarrekin Gipuzkoako gizarteak etorkizunean izango dituen erronkak hautematea eta horiei aurre egiteko modua diseinatzea, askotariko eragileekin lankidetzan eta esperimentazioan oinarrituta. Horixe da, finean, Etorkizuna Eraikiz foru programaren xedea. Helburu hori lortzeko bidean abian jarritako lan lerroen artean kokatzen da 2016tik, besteak beste, herritarren proiektuak garatzeko diru-laguntza deialdia. Aurtengo edizio honekin, guztira 125 egitasmo esperimental sustatu ditu foru erakundeak urte hauetan guztietan.

Dagoeneko gure gizartea eta lurraldea eraldatzen ari diren ekimenak dira. Guztiok nahi dugun etorkizuneko Gipuzkoa, lehiakorra, solidarioa eta berdea irudikatzeko eraikitzeko lanean bidegile dira. Etorkizunaren aitzindariak, alegia , aurten diruz lagundutako 17 proiektuetako arduradunekin egindako lan jardunaldian. Egitasmo horien guztien berri izan eta ekinbideak partekatu asmoz antolatu du gaurko bilera Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz Gunean.