14 gaztek lehen sektorean garatuko dituzte beren enpresa proiektuak

Gipuzkoako 14 gazte lehen sektorean hasiko dira lanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Horretarako, Aldundiak dirulaguntza deialdia egin du, 40 urtez azpiko nekazariek enpresa berriak sor ditzaten: 11 gazte lehendik abian ziren ustiategien kargu egingo dira, eta 3k, berriz, ustiategi berriak zabalduko dituzte. Foru Aldundiak 507.910 euro bideratuko ditu 2021ean programa honetara, ongi prestatu eta kualifikatutako gazteak jarduera hauetan has daitezen, belaunaldi aldaketa sustatuz, eta garapena, dibertsifikazioa, enplegua eta enpresen sorkuntza bultzatuz.

Gipuzkoa ezin da ulertu lehen sektorea gabe eta zuek zarete etorkizuna. Ekintzaileak behar ditugu, proiektu berritzaileak martxan jarriko dituztenak, ingurumenarekin bat eginda elikagai osasuntsuak eskaintzeko lanean jarraituko dutenak, balio horiei guztiei eutsi ahal izateko.

Aurten ere, Iturraran Parketxean egin den topaketa hau, sektorean lanean hasiko diren gazteei aitortza egiteko, eta haiekin sektorearen etorkizunari buruzko ideiak partekatzeko helburuarekin antolatu da. Hori horrela, Aldundiak espreski adierazi die bere babesa lehen sektoreko ekintzaileei, gure lurraldeak landa inguruneari eta landa inguruneko jarduerari ematen dion balioan azpimarra jarriz. Solasaldi emankorra izan da, eta gazteen eta lehen sektoreko eragileen ekarpenak, gogoetak eta proposamenak jaso dira bertan.

Egin duzuen apustuak merezi du horren berri ematea eta gure aldetik gogor lan egingo dugu lehen sektorea bistaratu eta sustatzeko, guztion artean eraikitzen ari garen etorkizuneko Gipuzkoan sektorea indartsu eta osasuntsu izan dadin.