Trantsizio ekologikoko proiektu aitzindaria abiatu du Gipuzkoak, Climate-KIC-ekin

Spread the love

Trantsizio ekologikoko proiektu aitzindaria jarri du martxan Gipuzkoak, lurraldea eredu ekonomiko, sozial eta ingurumeneko jasangarriago baterantz mugiarazteko. ‘Gipuzkoako Deep Demonstration’ izeneko esperimentazio aurreratuko prozesuaren eskutik egingo da trantsizio hori. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Etorkizuna Eraikiz programak bultzatzen du ekimena, eta Eusko Jaurlaritzaren eta nazioartean erreferente diren bi eragileren laguntza jasoko du: Climate-KIC, Europar Batasunak klima aldaketari aurre egiteko martxan duen ekimen nagusia, eta Ekonomia, Lankidetza eta Garapenerako Erakundea (ELGA). Eragile hauen laguntzarekin martxan jarri dugun prozesuaren helburua da Gipuzkoa esperimentaziorako lurralde aurreratu bihurtzea, hemendik abiatuta trantsizio ekologikoa gauzatzeko.

          Ekimena gaur arratsaldean aurkeztu da, Miramar jauregian egin den bilera batean. Bertan izan dira, diputatu nagusiarekin batera, Kirsten Dunlop, Climate-KICeko zuzendaria; Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Jose Ignacio Asensio, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua; Adolfo Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Ondare Natural eta Klima Aldaketako zuzendaria; Alex Boto, IHOBEko zuzendaria; eta Leire Cancio, Agirre Lehendakari Centerreko ordezkaria. Topaketa Climate KICeko ordezkariak aste honetan Gipuzkoan egiten ari diren bisitaren testuinguruan kokatzen da. Honela, aste guztian zehar hainbat lan jardunaldia egiten ari dira, eta bihar eragile industrialekin topaketa egingo da, MUBIL mugikortasun berrirako zentroa bisitatuz.

          Gipuzkoa Deep Demonstration prozesuan, abiapuntua Gipuzkoa Eredua izango da, lehiakortasun ekonomikoa eta kohesio soziala oinarri dituena. Hemendik abiatuta, eta zutabe hauek mantenduz, karbono isurketa maila baxuak dituen ekonomia baterantz trantsizioa burutu nahi du lurraldeak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren agendan hizki larriz idatzi den helburua da honakoa: Europa mailan, desberdinkeria gutxien dituen lurraldeen artean kokatzearekin batera, foru erakundearen agendaren erdigunean egongo da datorren hamarkadan zehar, eta guztiz dator bat Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Euskadi digitalago, berdeago eta inklusiboagoaren eraikuntzarekin.